Bihurgailu elektronikoen potentzia-dentsitatea handitzeak askotariko aplikazioak izango ditu, trinkoagoak eta lehiakorragoak, eraginkorragoak eta kostu txikiagokoak
TECNALIA buru duen Bihurgailu elektronikoen potentzia-dentsitatea handitzeko teknologia berriak (CONVAP) ekimenaren helburua da potentzia-dentsitatea handitzea potentzia-tarte osoan lan egiten duten bihurgailuetan, hasi kW batzuetatik eta ehunka MWetaraino. Energia gero eta gehiago elektrifikatzen ari da, eta mugikortasun elektrikoa hedatzen ari da. Hori dela eta, potentzia-dentsitate handiagoko bihurgailu elektronikoak behar dira, dentsitatea handituz gero aplikazio trinkoagoak, eraginkorragoak eta kostu txikiagokoak lortuko baitira; hitz batez, lehiakorragoak.
Potentzia-elektronikako bihurgailuek erabilera ugari dituzte, eta gero eta beharrezkoagoak dira trantsizio energetikoa eraginkorra izan dadin ziurtatzeko. Esate baterako, turbina eolikoei eta eguzki-panelei konektatutako bihurgailuei esker, energia berriztagarriak sare elektrikoan sartzen dira modu eraginkorrean; STATCOMek eta iragazki aktiboek sarearen kalitatea hobetzen laguntzen dute; eta bateria-kargagailuei eta driveei esker, mugikortasun elektrikoaren hedapen eraginkorra lortzen da.
Helburu handinahi hori gauzatzeko, garapen teknologiko hauek planteatu ditugu: lehenik, adimen artifizialean eta metodo matematiko aurreratuetan oinarrituriko optimizazio-metodoak aplikatzea, modulazio aurreratu konplexuak lortzeko eta, era horretan, potentzia handiko bihurgailuetan (S > 1 MVA) potentzia-dentsitatea handitzeko; bigarrenik, kommutazio-maiztasun handiko gailuak erabiltzea; eta azkenik, mikrohozketaren alorreko fenomeno berrien gaineko ikerketa bat egitea, hozte-sistema aurreratuak izateko, zeinek potentzia-tarte osoan erabiltzeko moduko bihurgailu elektronikoen potentzia-dentsitatea handituko baitute.
Informazio gehiago
- Gure adituek hiru ikerketa-ildo horietan aktiboki parte hartzen dute, eta lehenbizikoan eta hirugarrenean buru dira. TECNALIArekin batera honako hauek parte hartzen dute: Ingeteam, Mondragon Unibertsitatea eta Deusto Fundazioa.
- Eusko Jaurlaritzak CONVADP ekimena finantzatzen du, Elkartek 2020 programaren bitartez.