CO₂-a bahitzeko eta estaldura jasangarri bihurtzeko teknologia aurreratuak

    2026ko irailaren 30a

    CO2-a bahitzea

    "Euskadiko industria deskarbonizatzeko erronkari erantzuten diogu"

    Industriako CO₂-a bahitzeko eta estaldura jasangarriak egiteko lehengai bihurtzeko teknologia berriak sustatzen ditugu

    CO2PTURE Euskadiko industria deskarbonizatzeko erronkari erantzuten dion ekimen estrategiko bat da. Karbonoa harrapatu eta erabiltzeko gaitasun propioak garatzen ditu, eta aurrerapausoak ematen ditu karbonoaren balio-kate zirkular baterako.

    • Isurketak murrizteko zailtasunak dituzten sektore industrialei zuzenduta dago; hain zuzen, porlanaren, siderurgiaren, finketaren, kimikaren, energiaren eta metalurgiaren sektoreei. Europako testuingurua geroz eta zorrotzagoa denez, sektore horiek isurketak murriztu behar dituzte lehiakortasunari eusteko.
    • CCUS teknologiak garatzen ditu, zeintzuk gai diren benetako korronte industrialetan CO₂-a harrapatzeko eta haiek isozianatorik gabeko poliuretano (NIPU) bihurtzeko. Material horiek industrian erabiltzeko estaldura jasangarriak egiteko erabiltzen dira.

    Material aurreratuen belaunaldi berria

    TECNALIA da proiektuaren buru, eta CO₂-a harrapatzeko material aurreratuen belaunaldi berri baten garapena bultzatzen du. Horretarako, adimen artifiziala, material porotsuak eta punta-puntako bereizketa-teknologiak konbinatzen ditu.

    • Partzuergoarekin elkarlanean, material xurgatzaile berriak diseinatzen ditugu adimen artifizialaren bidez, eta errendimendu handiko COF berriak garatzen ditugu CO₂-a modu selektiboan harrapatzeko.
    • Era berean, hondakinetatik modu jasangarrian lortutako silizezko eta karbonozko aerogelak ikertzen ditugu, eta MOFak eta COFak integratzen dituzten mintz hibridoak garatzen ditugu, korronte industrialetan CO₂-ren bereizketa modu eraginkorragoan egiteko.

    Teknologia horiei esker, harrapatutako CO₂-a kalitate handikoa izan dadin lortuko da. Hala, partzuergoak hura balorizatu ahal izango du ondoren, estaldura industrial jasangarriagoak garatzera bideratuta dauden isozianatorik gabeko poliuretanoak (NIPUak) sintetizatzeko. Horrela, CO₂-a hondakin izatetik baliabide izatera eraldatzen du CO2PTUREk, eta balorizaziorako bide berriak bultzatzen ditu, baita industriaren deskarbonizazioa bizkortzen lagundu ere.

    POLYMATek, BCMATERIALSek, GAIKERek, EHUk eta Aclimak ere parte hartzen dute proiektuan. Azken horrek lotura gisa jarduten du Euskadiko ekoindustriaren eta transferentzia teknologikoko aukeren artean.

    CO2PTURE oinarrizko ikerketa kolaboratiboko proiektuak sustatzen dituen ELKARTEK 2026 programak onartu du. Ekimena RIS3 estrategiarekin eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana 2030ekin lerrokatuta dago eta industriaren digitalizazioa eta jasangarritasuna ditu ardatz.