«Tenperatura-kontsignen optimizazio adimendunak % 20 ere murriztu lezake hozte-sistemen kontsumoa»
DATIA ekimenean lortutako zenbait aurrerapen aurkeztu ditugu Zaragozan, datu-zentroen optimizazio energetikoaren eta mantentze-lan prediktiboaren ingurukoak
Datuak prozesatzeko zentroak (DPZ) funtsezko azpiegitura bihurtu dira zerbitzu digitalen eta adimen artifizialaren funtzionamenduan. Baina erronka handi bat ere badute: haien energia-kontsumo handia murriztea, ematen dituzten zerbitzuen fidagarritasuna arriskuan jarri gabe.
Helburu horrekin, DATIA ekimenak —COBRAk zuzentzen du, eta parte-hartzaileen artean TECNALIA dago— Gizarte Segurantzaren Informatika Zuzendaritzaren (GSIZ) Soriako Datuak Prozesatzeko Zentro berria hartu du aztergai.
Proiektuak operazio- eta mantentze-lan prediktiboetarako estrategia berriak ikertzen ditu, eraginkortasun energetikoa hobetzea eta instalazio kritikoetako balizko intzidentziei aurrea hartzea ahalbidetzeko.
Gizarte Segurantzaren Informatika Zuzendaritzaren DPZ, eraginkortasun energetikoa aztertzeko ingurune gisa hartuta
Soriako DPZk sei IT-gela ditu, 500 kW-ekoa bakoitza: guztira, 3 MW-eko IT-potentzia.
- Haren elementu bereizgarri nagusietako bat diseinu energetikoa da, tokiko baldintza klimatikoak aprobetxatzeko bereziki pentsatua.
- Hozte-sistema horrek free cooling modalitatean funtzionatzen duten haize-hozkailuak erabiltzen ditu, Soriako kanpoko tenperatura baxuak aprobetxatzen dituztenak hozte mekanikoaren beharra murrizteko. Horri esker, klimatizaziora bideratutako energia-kontsumoan % 50 eta % 60 artean aurreztuko dela estimatzen da, sistema konbentzionalen aldean.
- Eraikinak, gainera, instalazio fotovoltaiko bat du teilatuan eta aparkalekuko markesinetan, eta horrek energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren alde egin duen apustua indartzen du.
Biki digitalak, operazioa optimizatzeko
Ikerketa-kasu horren inguruan, DPZren portaera energetikoa errepikatzeko gai diren zenbait eredu digital aurreratu garatu dira.
- Biki digital horiek operazio-agertoki desberdinak analizatzen dituzte, baldintza meteorologikoen, konputazio-kargaren eta energia berriztagarriaren eskuragarritasunaren arabera.
- Behin-behineko emaitzek erakusten dutenez, tenperatura-kontsignen optimizazio adimendunak % 20 ere murriztu lezake hozte-sistemen kontsumoa.
Adimen artifiziala mantentze-lan prediktiboari aplikatua
Proiektuak, halaber, adimen artifizialean oinarritutako mantentze-lan prediktiboko tresnak garatzen ditu, anomaliak detektatzeko eta ekipo kritikoetako balizko hutsegiteei aurrea hartzeko, azpiegituraren operazioari eragin aurretik.
DPZ eraikuntza-fasean dagoenez, ingeniaritza-proiektuetatik abiatuta garatu diren eredu fisikoetan oinarritu da analisia. Behin instalazioa martxan jarrita, eredu horiek operazio-datu errealekin kalibratu eta baliozkotuko dira.
TECNALIAk ekimen honetan parte hartzearekin, datu-zentroen belaunaldi berri baten oinarriak ezarri nahi dira: eraginkorragoak, erresilienteagoak eta eskari digitalaren hazkundeari erantzuteko prestatuagoak.
DATIAk bere aurrerapenak aurkeztuko ditu Espainiako Mantentze-lanen Elkartearen jardunaldietan
Urriaren zortzian, Nuria Herrerok, TECNALIAko Next Constructioneko ikertzaileak, DATIA ekimenaren aurrerapenak aurkeztuko ditu Eraikinen Kudeaketari eta Mantentze Lanei buruzko 28. Jardunaldietan —Mantentze-lanen Espainiako Elkarteak Zaragozan antolatuak—.
Hitzaldiak ezagutzera emango du Soriako etorkizuneko DPZk izango duen eraginkortasun energetikoaren eta mantentze-lan prediktiboaren inguruan egindako lana.
Programari eta izen-emateei buruzko informazio gehiago Mantentze-lanen Espainiako Elkartearen jardunaldien webgunean.
