Datuak, AA eta lankidetza: osasuna birdefinitzen ari den eredu berria

    2026ko ekainaren 18a

    "Datuak, adimen artifiziala eta lankidetza funtsezkoak dira osasun-sistema eraginkorrago baterantz aurrera egiteko"

    Inpaktua duen osasun digitala sustatzeko gakoak: datuak, adimen artifiziala eta lankidetza

    Osasun-sistemaren eraldaketa digitala aurrerantz doa, teknologien, lankidetza-ereduen eta balioan oinarritutako ikuspegi berrien konbinazioak bultzatuta. Testuinguru horretan, osasunaren esparrua eredu adimentsuago baterantz ari da eboluzionatzen, konektatuagoa eta emaitzetara bideratua dagoen eredu baterantz, non datuek eta adimen artifizialak funtsezko zeregina baitute.

    Ekosistema sanitario, teknologiko eta industrialeko adituek egindako analisien arabera, hauek dira trantsizio hori bizkortzeko funtsezko hiru palankak:

    • Datu-espazioak.
    • Adimen artifizial aplikatua.
    • Eta berrikuntza irekiko ekosistemak.

    Azterlan hori "Osasunaren eraldaketa digitala" izeneko eBookean jaso da. TECNALIAko taldeaz gain (osasungintzako eta arlo digitaleko adituak), erakunde liderrek eta profesionalek ere parte hartu dute, hala nola Julio Mayolek (IdISSCeko zuzendari zientifikoa); Pedro Carrascalek (Pazienteen Erakundeen Plataforma); Izabel Alfanyk (EIT Health Spaineko zuzendari nagusia); Roberto Bilbaok (BIOEF); María Luacesek (San Carlos Ospitale Klinikoa); Javier Elolak, Mª Luz López-Carrascok eta Ignacio Ayerdik (IMAS Fundazioa); Pablo Díez Villanuevak (La Princesako Unibertsitate Ospitalea); Julián Pérez Villacastínek (San Carlos Ospitale Klinikoa); Ion Arocenak (ASEBIO) eta Pablo Crespok (FENIN).

    Datutik osasungintzan balioa sortzera

    Gaur egungo erronka nagusietako bat da erabaki erabilgarri, fidagarri eta eragingarri bihurtzea osasun-sisteman eskuragarri dagoen datu-bolumen gero eta handiagoa. Informazio-kantitatea egundokoa den arren, badira zenbait oztopo, hala nola informazio horren zatiketa, interoperabilitaterik eza, eta datu klinikoak eta ikerketa-datuak integratzeko zailtasuna.

    • Muga horiek gainditzeak bide emango du osasun-eredu pertsonalizatuetarantz aurrera egiteko. Datuak, eredu horietan, kudeatu ez ezik, asistentzia-prozesuak eta emaitza klinikoak hobetuko dituzten ezagutza bihurtu ere egingo dira.
    • Era berean, osasun-datuen guneak garatzea, bai estatuan, bai Europan, funtsezko elementua da informazioa modu seguru eta eraginkorrean partekatzeko, eta ikerketa eta soluzio berrien garapena errazteko.

    Adimen artifiziala eta biki digitalak: osasun-sistemako gaitasun berriak

    Adimen artifiziala eraldaketarako palanka nagusietako bat da, ez bakarrik diagnosiaren edo monitorizazioaren arloetan, baita erakundeen eta sistema biologikoen biki digitalen garapenean ere. Biki digital horiek egoera posibleak simulatzen dituzte, eta erabakiak hartzeko prozesua optimizatzen dute.

    Teknologia horiek osasun-sistemen konplexutasunari heltzen diote —izan ere, sistema horiek ez dira linealak eta giza faktorearen eraginpean daude—, eta plangintza, eraginkortasuna eta asistentzia-kalitatea hobetzeko tresnak eskaintzen dituzte.

    Teknologia horiek ezarri ahal izateko, ordea, funtsezko zenbait alderdi jorratu behar dira; adibidez, ereduen esplikagarritasuna, sistemen sendotasuna eta teknologiak ingurune errealetan balioztatzea. Elementu horiek ezinbestekoak dira osasun-profesionalen artean konfiantza sortzeko.

    Konfiantza eta integrazioa: teknologia horiek ezarri ahal izateko elementu erabakigarriak

    Soluzio digitalak jardunbide klinikoan eraginkortasunez integratzeko, tresna horiek erabilgarriak eta intuitiboak izan behar dute, eta bat egin behar dute asistentzia-fluxuekin, profesionalengan karga gehigarririk ez sortzeko.

    • Alde horretatik, funtsezko faktoretzat jotzen da osasun-langileek eta azken erabiltzaileek garapenaren hasierako faseetatik parte hartzea, soluzioek benetako beharrei erantzungo dietela eta sisteman eraginkortasunez integratuko direla bermatze aldera.
    • Gainera, adimen artifizialaren esplikagarritasuna elementu kritiko gisa azaleratzen da teknologia hori "kutxa beltz" bat delako pertzepzioa gainditzeko eta haren ezarpena errazteko; izan ere, esplikagarritasunak ahalbidetzen du gomendio edo erabaki jakin batzuk nola eta zergatik sortzen diren ulertzea.

    Berrikuntza irekia eta lankidetza soluzioak eskalatzeko

    Osasun-sistemaren eraldaketarako ezinbestekoa da, halaber, lankidetzan aritzea ekosistemako eragile guztiak: zentro teknologikoak, industria, ospitaleak, administrazioak eta pazienteen elkarteak. Berrikuntza irekiko eredu horrek bidea ematen du benetako inpaktua duten soluzioak sortzeko; izan ere, gaitasunak eta ezagutza uztartzen ditu erronka konplexuei aurre egiteko eta aplikazio praktikoa duten teknologien garapenean aurrera egiteko.

    Identifikatu den erronketako bat ezagutzaren zatiketa eta "siloak" gainditzeko beharra da; horretarako, berrikuntza errazago transferitzen eta eskalatzen laguntzen duten eta zeharkakotasun handiagoa duten inguruneak sustatu behar dira.

    Berrikuntzatik inpaktura: eskalagarritasunaren erronka

    Garapen teknologikotik harago, erronka nagusietako bat da lortzea osasun-sisteman soluzio berritzaileak inplementatzea eta eskalatzea.

    Horretarako, funtsezkoa da:

    • Soluzioaren balioa zehatz-mehatz definitzea, osasun-emaitzei, eraginkortasunari eta pazientearen esperientziari dagokienez.
    • Soluzio horiek asistentzia-prozesuetan integratzen direla bermatzea.
    • Soluzio horien ezarpena errazten duten ereduak bultzatzea, balioan oinarritutako erosketa-mekanismoak barne.

    Era berean, oso garrantzitsua da konplexutasun gehiegi sortzea saihestea; horretarako, modu naturalean integratuko diren eta hasierako faseetatik neurgarriak diren onurak ekarriko dituzten soluzioen aldeko apustua egin behar da.

    Jasangarriagoa, adimentsuagoa eta pazientearengan zentratuagoa den osasun-sistema baterantz.

    Osasun digitalerantz aurrera egiteko, teknologia berriak sartzeaz gain, ezinbestekoa da kultura eta antolaketa ere aldatzea, teknologia horien potentziala aprobetxatze aldera.

    Helburua da hauek egiteko gai den sistema baterantz eboluzionatzea:

    • Pazienteen beharrei aurrea hartzea
    • Arreta pertsonalizatuagoa eta eraginkorragoa eskaintzea
    • Osasun-sistemaren jasangarritasuna areagotzea

    Egoera horretan, datuak, adimen artifiziala eta lankidetza uztartzea da gizartean benetako inpaktua izango duten soluzio teknologikoen belaunaldi berri bat eraikitzeko motorra.

    Deskargatu sektoreko eBooka eta ikusi zer erronka dituen gaur egun osasun-sektorearen eraldaketa digitalak.