Egoera solidoan dauden litio-sufrezko baterien teknologia berritzaileak

    2026ko uztailaren 28a

    innovación_baterias_litio_azufre_tecnalia

    "Egoera solidoan dauden litio-sufrezko baterien teknologia berritzaileak, mugikortasun seguruago eta jasangarriago bat lortzera bideratuak"

    Soluzio energetiko efizienteagoak garatzen ditugu baterien berrikuntzako Europako ekosisteman

    TALISSMANek bazkideen arteko elkarlana sendotu du, eta aurrerapausoak eman ditu soluzio energetiko efizienteagoak garatzen laguntzeko ibilbide-orrian. Hala, apustu garrantzitsu bihurtu da baterien berrikuntzako Europako ekosisteman. Aste honetan, Fraunhofer IWS institutuaren instalazioetan bildu dira urteko bilera orokorra egiteko. Ekitaldi hori giltzarria da bateria aurreratuen garapenerako.

    Parte-hartzaileek azken hamabi hilabeteetako emaitza eta lorpen nagusiak aurkeztu dituzte, baita proiektuaren azken fasea markatuko duten ekintza-lerroak definitu ere. TALISSMANen helburua da egoera solidoan dauden litio-sufrezko baterien teknologia berritzaileak sustatzea, zeinak mugikortasun seguruago eta jasangarriago bat lortzera bideratuta baitaude.

    Dresdengo ekitaldia ez da balantze teknikora soilik mugatzen. Bazkideek Fraunhofer IWSren instalazioak bisitatzeko aukera ere izan dute. Bertan, lehen eskutik ikusi ahal izan dituzte baterien arloarekin lotutako punta-puntako gaitasun teknologikoak.

    TECNALIAren eginkizuna

    TECNALIAk funtsezko soluzioak garatzen ditu, bateriek egonkortasunez funtziona dezaten eta eskala industrialean ekoitzi ahal izan daitezen:

    • 3Dko karbonozko egiturak dituzten litiozko anodoen diseinua
    • etorkizuneko prototipoetarako fabrikazio-prozesu eskalagarrien garapena

    Lan hori funtsezkoa da. Izan ere, litio-sufrezko baterien erronka handienetarikoa da karga-ziklo askotan eustea errendimenduari.

    Aplikazioak

    Bateriok pisua eta autonomia kritikoak diren sektoreetan erabiltzea aurreikusten da. Besteak beste, ibilgailu elektrikoetan, garraio astunean eta hegazkintza elektrikoan.

    Proiektuaren helburua

    Proiektuaren helburua da gaur egungo ioi-litiozko bateriak pixkanaka ordeztea litio-sufrezko bateriekin, hainbat abantaila baitituzte, besteak beste:

    • Dentsitate energetiko handiagoa (autonomia handiagoa pisu gutxiagorekin).
    • Ugari dauden eta merkeak diren materialak (hala nola, sufrea) erabiltzea.
    • Ingurumen-inpaktu txikiagoa eta lehengai kritikoekiko mendekotasun gutxiago.

    Ikertzaileak bi kontzeptu teknologiko nagusi ari dira lantzen. Alde batetik, ia solidoak diren bateria hibridoak (2027rako helburua) eta, bestetik, sulfuroetan oinarritutako bateria erabat solidoak (2030erako helburua). Bi kontzeptuek dute helburu segurtasuna areagotzea, sute-arriskua murriztea eta baterien balio-bizitza hobetzea.

    Europarako garrantzia

    TALISSMANek badu helburu estrategiko bat ere: Europak bateriekiko duen autonomia teknologikoa sendotzea eta inportatutako material kritikoekiko mendekotasuna murriztea, eta, hala, Europako Itun Berdearekin eta trantsizio energetikoarekin lerrokatzea.