"TECNALIAk potentzia-elektronikan duen esperientzia baliatu du"
Europan elektrolisi komertziala baliozkotuko dugu, haren malgutasuna eta sareko zerbitzuak emateko duen gaitasuna erakusteko
SURFERek hiru elektrolisi-teknologia baliozkotuko ditu: PEMEL, AEL eta SOEL Frantzian, Alemanian eta Norvegian. Horrela, elektrolisi-instalazio komertzialekin sare-zerbitzuak ematen dituen lehenengo ekimena bihurtuko da. Era horretan, erakutsiko da teknologia bakoitzak zer gaitasun duen sistema elektrikoaren motelgailu dinamiko gisa jarduteko; hau da, zer gaitasun duen bere operazioa azkar modulatzeko eta berriztagarrien, eskari elektrikoaren eta hondar-beroaren aldaketetara egokitzeko.
Horretarako, dagoeneko martxan dauden eskala handiko instalazioak erabiliko dituzte bazkideek, 10 MW, 1,5 MW eta 300 kW-eko potentzia dutenak. Horrela, instalazioek hidrogenoa sortuko dute berriztagarrien soberakina dagoenean, hondar-beroa balorizatuko dute eta sare elektrikoari merkataritza-zerbitzuak emango dizkiote —azken hori aitzindaria izango da mundu mailan—.
Elektrolizagailuak sare elektrikoan
Nazioarteko partzuergoaren barruan, elektrolizagailuak sare elektrikoan integratzea gidatzen du TECNALIAk, eta arlo hauetan duen esperientzia baliatzen du: potentzia-elektronika, modelizazio energetikoa eta berriztagarrien integrazioa.
- Elektrolizagailu malguak sarera konektatzeko baldintzak definitzen ditu, eta, horrela, bermatzen du era seguru eta egonkorrean egingo dela operazio hori.
- Sareko zerbitzuak emateko —maiztasunaren zein tentsioaren arlokoak—, kontrol-algoritmo aurreratuak garatzen ditu, eta, horrela, ahalbidetzen du instalazio horiek ekarpen aktiboa egitea sistema elektrikoaren egonkortasunean.
- Elektrolizagailuek merkatu elektrikoetan duten parte-hartzea aztertzen du, eta malgutasun-zerbitzuen bidez diru-sarrera gehigarriak sortzeko aukerak identifikatzen ditu.
- Proiektuaren energia kudeatzeko sistemetan (EMS) elektrolizagailuak integratzen laguntzen du, eta, horri esker, ziurtatzen du operazio optimizatua egingo dela, eta eskura dagoen ekoizpen berriztagarriarekin koordinatuta.
TECNALIAren ekarpena proiektuaren helburu nagusiaren barruan kokatzen da: frogatzea elektrolisi-instalazioek, sarea egonkortzeko zerbitzuak ematean, negozio-eredu berriak sortu ditzaketela, eta, horrekin batera, bultzatu dezaketela sare elektriko erresilienteagoa, deskarbonizatua eta energia berriztagarriari probetxu handiagoa ateratzen diona.
Europako trantsizio energetikoa
SURFERek hidrogeno berriztagarriaren ezarpena bizkortzen lagunduko du; izan ere, haren kostua murriztuko du malgutasun operatiboari, potentzia-elektronikako hobekuntzei eta merkatuan integratzeari esker. Halaber, ekimenak Europako segurtasun energetikoa indartuko du. Izan ere, frogatuko du elektrolizagailuak azkar egokitu daitezkeela berriztagarrien sorkuntza aldakorrera eta jardun dezaketela sistemaren egonkortasunerako eragile berri gisa.
Partzuergoak, elektrolizagailuen dinamikan aurrera egiteko eta haiek energia-sisteman integratzeko, honako sareko operadore, zentro teknologiko, elektrolizatzaile-fabrikatzaile, hidrogeno-ekoizle eta segurtasuneko aditu hauek biltzen ditu: SINTEF, Lhyfe, CEA, Varanger Kraft, Atmen, RTE, Energy Pool, Genvia, DNV, Fraunhofer IWES eta Nidec.
Proiektuak Clean Hydrogen Partnershipen eta haren kideen babesa du, eta Europar Batasunak ere finantzatu du 101250344 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.
