Berria

    Energia biltegiratzeko sistemen erabilera eta mantentze-lana

    2025ko urriaren 23a

    Alma

    "BATTWIN biki digitalak eragiketa-kostuak murrizten ditu eta sistemaren mantentze-lana errazten du"

    BATTWIN biki digitalak baterien egoera estimatzen du, haien bizitza baliagarria optimizatzen du eta energia berriztagarrien integrazioa errazten du

    Energia biltegiratzeko sistemek (BESS) beren lan-prozeduraren kudeaketa egokia behar dute, bai maila baxuan (Battery Management System (BMS)), bai maila altuagoan (Energy Management System (EMS)). BMS sistemaren ardura da BESS sistema baten barruko baterien funtzionamendua gainbegiratzea, babestea eta optimizatzea. EMS muin eragilea da; hau da, sare elektriko edo instalazio baten barruan BESS sistemaren erabilera efizientea koordinatzen duena.

    • BATTWINek BMSk baino doitasun handiagoz zehazten du zenbat energia dagoen erabilgarri (SoC) eta zenbateko abiadurarekin truka dezakegun (potentzia-egoera edo SoP) energia hori denbora-leiho jakin batean.
    • Gainera, BESS sistemaren osasun-egoera (SoH) kalkulatzen du, denbora errealean. Horrek eragiketa-kostuak murrizteko aukera ematen du eta sistemaren mantentze-lanak errazten ditu.
    • EMSaren ikuspegitik, BATTWINek emandako informazioak (SoC, SoH eta SoP) definitzen du zer karga-/deskarga-profil diren egokiak, bai BESS sistemaren ikuspegitik, bai sistema hori biltzen duen sistema elektrikoaren (EMSk kontrolatzen duena) ikuspegitik.

    Optimizazio-tresnekin batera biki digitala erabiltzea bereziki baliagarria da sorkuntza- eta kontsumo-sistema hibridoetan. Izan ere, sistemaren errendimendu globala hobetzeko, osatu egiten ditu mota hauetako datuak: ekoizpenari, kontsumoari eta merkatu elektrikoaren prezioei buruzko aurreikuspenak.

    TECNALIAk litio-ioizko gelaxkak karakterizatzeko garatutako metodologia

    BATTWIN soluzioaren oinarria TECNALIAk litio-ioizko gelaxkak karakterizatzeko garatutako metodologia da. Bateria kargatzeko/deskargatzeko pultsuen bidezko ziklo bat eginez, modelo elektriko baliokide bat lortzen du.

    • Gelaxkak karakterizatzeaz gain, metodologia horren bidez karga-egoeraren estimatzaileak (SoC) eta gelaxken osasun-egoeraren estimatzaileak (SoH) garatzen dira.
    • Horrez gain, modeloa denbora-leiho jakin batean proiektatuz, potentzia-egoeraren estimazioa (SoP) lortzen da.
    • Azkenik, BATTWIN exekutatzeko bi aukera daude: Cloud arkitekturan eta Edge arkitekturan (azken hori, BESSari lotutako denbora errealeko prozesamendu-sisteman).