"Garatutako sistemak askotariko eraikin tipologietan ari dira baliozkotzen, eremu klimatiko desberdinetan"
TECNALIAk eraikinen birgaitze energetikorako teknologia aurreratuen garapena gidatzen du AEGIR ekimenaren bidez
Pakete modularrak garatzen ditugu birgaikuntza energetikorako, industrializazio-, zirkulartasun- eta digitalizazio-printzipioetan oinarrituta. Ekimenaren helburua da Europako eraikinen birgaitze-prozesua eraldatzea, efizienteagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa izan dadin, Renovation Wave eta Europar Batasunaren 2050erako helburu klimatikoekin lerrokaturik. Ildo horretan, Europako bederatzi herrialdetako 29 bazkideren lankidetza dugu.
Soluzio fisiko eta digital berriak
AEGIR proiektuaren ikuspegi teknologikoak soluzio fisiko eta digitalak konbinatzen ditu, berrikuntza sakon, efiziente eta erreplikagarriak lortzeko.
Berrikuntza nabarmenen artean ageri dira:
- Teknologia aktiboak inguratzailean, hala nola panel fotovoltaiko hibridoak, beroa berreskuratzeko aireztapen-sistemak eta bigarren bizitzako bateriak, autosufizientzia energetikoa maximizatu ahal izateko.
- Common Data Environment (CDE) edo datu-ingurune komunean oinarritutako arkitektura digital bat, biki digitalak sortzea eta eraikinaren kudeaketa prediktiboa errazteko.
- Diseinu modularra eta digitala, Malgrat de Mar (Espainia) udalerriko ikastetxearen kasuan eginda bezala: uztarturik ageri dira aireztapen integratuko estrategiak, eguzki-analisia eta tokiko material birziklatuak (eukalipto-egur berrerabilia, kasurako).
- Zirkulartasun-adierazleakneurtzeko metodologiak eta karbono-eduki apaleko eta birziklagarritasun handiko materialak erabiltzea.
- Europan erreplikagarritasuna lantzeko tresnak, soluzioak inplementatzeko beharrezkoak diren esparru politiko, finantzario eta sozialak lantzen dituztenak.
Erakusteko inguru errealetan aplikatzea
Garatutako sistemak askotariko eraikinetan ari dira baliozkotzen (bizitegiak, bulegoak eta ikastegiak), klima desberdinak dituzten eremuetan kokaturiko lau tokitan: Espainia, Frantzia, Danimarka eta Errumania.
Berrikuntza teknologikoa eta ikuspegi sistemikoa konbinatzeari esker, AEGIR Europako erreferentzia bilakatu da berrikuntza jasangarri, digital eta zirkularrean, eta lider gisa sendotzen du TECNALIA belaunaldi berriko inguratzaile arkitektonikoetarako soluzioetan.
