"Prototipo robotiko bat baliozkotu dugu materialak bereizteko eta zero hondakinerantz urratsak egiteko, RECSO etxearekin lankidetzan"
Eraikuntzako hondakinen kudeaketa adimenduna: sektorearen jasangarritasunerako funtsezko erronka
Eraikuntzak sortzen du hondakinen % 36 Europar Batasunean, eta sektore hori bera da baliabide mineralen eta ez-berriztagarrien kontsumitzaile nagusia. Inpaktu hori murriztea lehentasuna da eredu jasangarriago eta zirkularrago baterantz urratsak egiteko.
Berrikuntza teknologikoa, hondakinen kudeaketa eraldatzeko
RECSOrekin batera lan egiten dugu Europako RECONMATIC ekimenaren esparruan, eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko soluzio digitalak eta automatizatuak garatzen eta baliozkotzen dihardugu.
Haien artean, nabarmentzekoa da Reciclados Sostenibles RECSO lantegiaren instalazioetan martxan jarri dugun prototipo robotikoa.
Nola funtzionatzen du robotak?
Sistemak NIR teknika hiperespektralak erabiltzen ditu adimen artifizialarekin konbinatuta, hondakin fluxuan nahastutako materialak identifikatzeko eta giza ikusmenak baino zehaztasun handiagoz karakterizatzeko. Informazio horrek beso artikulatu bat aktibatzen du, zeinak automatikoki banatzen baititu materialak. Hala, prozesua optimizatzen da eta balio handiko agregakin birziklatuak sortzen dira, naturalen ordez erabili ahal izateko.
Inpaktua eta etorkizuneko ikuspegia
Teknologia hori lagungarria da baliabide naturalen gaineko presioa eta sektorearen ingurumen aztarna murrizteko.
- Javier Llorente RECSOren zuzendari nagusiak azaldu duenez, "soluzio horiei esker, eraikinak material-banku gisa pentsa daitezke; hala, berrerabilera sustatzen da eta zero hondakinaren helburura hurbiltzen gara".
- Inés Díez Ortiz TECNALIAko ikertzaileak, berriz, hauxe nabarmendu du: "Europako ekimenetan parte hartzeak teknologia berritzaileak garatzea bultzatzen du, eta, haien bidez, hobetu egiten da bigarren mailako korronteen kalitatea eta balio erantsi handiagoa lortzen da".
Hedabideetan
"Honela kontatu dute Gaztela eta Leóngo telebistan"
