Eraikuntzan teknologia fotovoltaikoa integratzen duten soluzio berriak: argizuloak, fatxadak eta markesinak

    2026ko apirilaren 17a

    Nuevas soluciones de integración fotovoltaica en edificación: lucernarios, fachadas y marquesinas

    "Prototipo horiek urrats garrantzitsua dira eraikuntzan teknologia fotovoltaikoa integratzen duten soluzioak eskaintzeko"

    Eraikinetan eta azpiegituretan teknologia fotovoltaikoa integratzen duten soluzioen zenbait prototipo garatzen eta baliozkotzen ari gara.

    TECNALIA lankidetza estuan aritu da eraikuntzaren eta materialen sektoreko zenbait enpresarekin, eraikinetan teknologia fotovoltaikoa integratzeko (BIPV) soluzio berriak sustatzeko.

    Lanik enpresa buru duen Multi-PV ekimenaren barruan, modulu eta teknologia fotovoltaiko berrien portaera ebaluatzeko aukera ematen duten zenbait prototipo erreal garatu eta baliozkotu dira.

    Hiruki-formako beirez osatutako argizulo fotovoltaikoa

    Mugarri aipagarrienetako bat argizulo fotovoltaiko (FV) baten prototipoa eraikitzea izan da: funtzionalitate fotovoltaikoak dituzten hiruki-formako beirak txertatzen ditu. Proiektuan zehar aztertutako kolore- eta fabrikazio-teknika zenbait integratzen dira elementu horietan, hala nola beiran egindako serigrafiak eta xafla fotovoltaikoen erabilera.

    Erakuskari hori, Lanik, K2Glass, Izpitek eta TECNALIAren arteko lankidetzari esker sortua, eskala handiagoko argizulo fotovoltaiko konplexuen diseinu eta exekuziorako lehen urratsa da, eta enpresei bidea errazten die.

    Fatxada aireztatu fotovoltaikoa, Kubik eraikinean

    Era paraleloan, Krean eta Umetal enpresekin batera, fatxada fotovoltaiko aireztatu baten prototipoa instalatu da TECNALIAren Kubik eraikin esperimentalean.

    • Soluzio horrek fatxada aireztatuko egitura-sistema bat txertatzen du, zelulak ezkutatzeko eta akabera estetikoa emateko erabiltzen diren tarte-geruza koloreduneko FV-beirekin elkarturik dagoena.
    • Prototipoa monitorizatzen ari gara: batetik, soluzioaren ekoizpen fotovoltaikoa eta zenbait puntutan hartzen duen tenperatura neurtzen da, eta, bestetik, datu horiek eguzki-irradiantziarekin eta kanpoko tenperaturarekin erlazionatzen dira.
    • Proba-banku horri esker, fatxadetara bideratutako beira fotovoltaiko koloreduna garatzeko esperientzia praktikoa eskuratu dute proiektuan parte hartu duten enpresek.

    Instalazio azkarreko fatxadarako sistema

    Beste erakuskari bat, Interbiak sozietate publikoaren eraikin batean egina, instalazio azkarreko fatxada fotovoltaiko bereziko sistema baten prototipoa da, Uxama eta Izpitek enpresek TECNALIArekin batera garatua.

    • Sistema instalazioa errazteko diseinatuta dago, aurretik muntatuta iritsiko bailitzateke obrara.
    • Haren diseinuak, gainera, ekoizpen fotovoltaikoa hobetzen du fatxada lauan lortzen denaren aldean.

    Xafla fotovoltaikoak, Bilboko tranbiaren markesinan

    Era berean, proiektuan garatutako sei xafla fotovoltaiko instalatu dira Bilboko Uribitarteko tranbiaren markesinan.

    • Markesinan aurretik zegoen beiraren gainean jarri dira xaflak, eta tranbia-sarean bertan autokontsumitzen da sortutako elektrizitatea.
    • Horrekin batera, egun beroenetan xaflek erabiltzaileen sentsazio termikoa hobetzea ere espero da, goiko beiretatik igarotzen den erradiazioa murrizten dutelako.
    • Soluzio horien garapenean Trameinsa, Izpitek eta TECNALIA enpresek hartu dute parte, baita ETS - Euskal Trenbide Sareak ere, zeinak instalazioa errazteko laguntza eman baitu.

    Prototipo horiek guztiak urrats esanguratsua dira euskal industria-ehuneko enpresak gaitzeko bidean, eraikuntzan teknologia fotovoltaikoa integratzen duten soluzioak eskaini ahal ditzaten, eraikinak energia-ekoizle bihurtzea sustatzeko.