«Oinarri biologikoko material aurreratuek industria jasangarriago baterako trantsizioa bizkortu dezakete»
Europako BIOPYRANIA proiektuak material aurreratu eta jasangarrien garapena sustatzen du autoak elektrifikatzeko eta hidrogeno berdea ekoizteko eta, hala, lehengai fosilekiko mendekotasuna murrizten du biomasa lignozelulosikoa erabiliz
Automobilgintzako eta energia-sektoreko Europako industria eraldaketa sakona jasaten ari da, prestazio altuei, segurtasunari eta iraunkortasunari uko egin gabe jatorri fosileko materialak alternatiba jasangarriagoekin ordezteko asmoz.
TECNALIAK BIOPYRANIA ekimenean parte hartuko du. Erronkari aurre egiteko, bio-oinarritutako pirazina-monomeroak garatzen ditu BIOPYRANIAk errendimendu handiko polimeroak fabrikatzeko.
- BIOPYRANIAk soluzio berritzaile bat proposatzen du: hartzidura-prozesuak erabiliz monomeroak sintetizatzea, bigarren belaunaldiko Europako biomasa zurkaratik abiatuta.
- Ikuspegi horrek aurrerapausoak ematea ahalbidetzen digu ingurumen-inpaktu txikiagoa duten eta ekonomia zirkularraren printzipioekin lerrokatuta dauden material jasangarriagoak erabiltzeko bidean.
Mugikortasun elektrikorako eta hidrogeno berderako polimero berriak
Proiektuak Maastrichteko Unibertsitatean egindako ikerketa batzuk ditu oinarri. Ikerketa horiek frogatu dute polimeroetan pirazina-egiturak sartzeak haien propietate mekanikoak eta termikoak nabarmenki hobetzen dituela. Oinarri zientifiko horretatik abiatuta, BIOPYRANIAk lanean dihardu erabilera industrial zorrotzetarako oinarri biologikoko poliamidak (PA) eta polibenzimidazolak (PBI) garatzen.
Autoen elektrifikazioaren arloan, poliamida berri horiek arintasun eta erresistentzia handiagoa eta errendimendu altuagoa eskaintzen dute, eta, hala, efizientzia energetikoa areagotzea eta osagai jasangarriagoak diseinatzea ahalbidetzen dute.
- BIOPYRANIAk sektore energetikoaren behar kritiko bati erantzuten dio: hidrogenoaren ekoizpen garbia.
- Proiektuak pirazinetan oinarritutako polibenzimidazolen bidez anioiak trukatzeko mintzak nola hobetu ikertzen du, haien eraginkortasuna, egonkortasuna eta balio-bizitza areagotzeko helburuarekin. Teknologia horiek funtsezkoak dira mundu mailako amaierako eskari energetikoaren zati adierazgarri bat asetzeko gai diren sistemak sortzeko.
- TECNALIA, bestalde, errezeta bat garatzen ari da BIOPYRANIAn sintetizatutako polibenzimidazol motako bio-polimero berrietan oinarrituta dauden anioiak trukatzeko mintzak fabrikatzeko.
Zirkulartasuna, digitalizazioa eta merkatuarekiko orientazioa
Material berriak sortzeaz gain, zirkulartasunaren ikuspegia txertatu du BIOPYRANIAk haien diseinutik bertatik. Horretarako, garatutako polimeroen birziklagarritasuna ikertu du, baita haien bizi-ziklo osoan duen inpaktua ebaluatu ere.
Guztira, Europako hamahiru kidez (unibertsitateak, zentro teknologikoak, enpresa industrial handiak eta ETE berritzaileak) osatuta dago BIOPYRANIA balio-kate osoa landu ahal izateko, biomasatik hasi eta automobilgintzaren eta hidrogeno berdearen erabilera industrialera bitarte.
