"Soluzio hau estres termikoa ebaluatzeko eta kudeatzeko diseinatuta dago, osasunean inpaktuak minimizatze aldera"
Estres termikoak osasunean eragiten dituen inpaktuak minimizatzeko egokitzapen-estrategiak ebaluatzen laguntzen duen sistema aurreratua
TECNALIAk sistema berritzaile bat garatu du, egokitze-egoerak modelizatzeko eta ebaluatzeko aukera ematen duena gaur egungo nahiz etorkizuneko kondizio klimatikoak kontuan hartuta. Soluzio hori estres termikoa hainbat eskalatan ebaluatu eta kudeatzeko diseinatuta dago, osasun publikoan dituen inpaktuak minimizatzeko helburuarekin, klima-aldaketara egokitzean arreta berezia jarriz.
Horretarako, Destination Earth-en klima-aldaketara egokitzeko biki digitala (Climate DT) erabili da, klimarekin erlazionatutako erabakiak modu eraginkorragoan eta datuetan oinarrituta hartzeko.
Datuetan oinarritutako ikuspegi integrala
TECNALIAk garatutako sistemak hirietako estres termikoaren ikuspegi holistikoa ematen duten eredu estatistikoak, simulazio fisikoak eta adimen artifizialeko algoritmoak biltzen ditu.
- Klima-aldaketara egokitzeko biki digitalak (Climate DT) emandako datuak erabiliz, sistemak hirien bereizmen handiko (100 m) mapak sortzen ditu.
- Hiri-inguruneen mapa horietan klimari buruzko informazioa, datu sozioekonomikoak eta osasunerako erabakigarriak diren datuak (adina, diru-sarrerak, etab.) konbinatzen dira; informazio horrekin, arrisku handiko eremuak identifikatzen dira, eta egokitze-neurrien eraginkortasuna ebaluatzen da.
Osasunaren eta hiri-plangintzaren gaineko inpaktua
Hiri-inguruetako estres termikoa gero eta mehatxu handiagoa da osasun publikorako; bereziki, biztanleria zaurgarrietarako. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bero-boladen eraginpean dauden pertsonen kopurua 125 milioiz handitu zen 2000 eta 2016 artean. Europan, 2022ko udan, 70.000 heriotza baino gehiago izan ziren tenperatura altuekin erlazionatuta.
TECNALIAk garatutako soluzioa:
- Erabakiak hartzeko ardura dutenei aukera ematen die egokitze-egoera desberdinak ebaluatzeko.
- Erakusten du naturan oinarritutako egokitzapen-neurriak bereziki onuragarriak direla hiriguneetako bero-arriskuei aurre egiteko.
- Osasun-kudeatzaileak, hirigileak eta lurralde-arduradunak gaitzen ditu ingurune erresilienteagoak eta klimara egokituagoak diseinatzeko, eta ingurune horiek klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko hobeto prestatuta daudela ziurtatzen da.
Epe luzeko lankidetza eta helburuak
TECNALIAren eta VITOren arteko lankidetzari esker egin ahal izan da ECMWFrekiko kontratua: klima-aldaketara egokitzeko modelizazio-esparru generiko bat garatzen laguntzen du, DestinEren testuinguruan. Helburua da estres termikoaren eta beste arrisku klimatiko batzuen kudeaketan erabaki informatuak hartzen laguntzeko tresna zehatzak eta eskuragarriak izatea.
Proiektu honi eta DestinEren beste erabilera batzuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu: Adaptation Modelling Framework for Heat Stress Exposure | Destination Earth