Berria

Etxe orratzetan panelak instalatzeko gai den kable-robot bati esker, obretako arriskuak murrizten ditugu

2020ko urtarrilaren 29a

Fatxadetan erabiltzeko diseinatuta dago; kostu ekonomikoak minimizatzen ditu, eta kalitate gorena ziurtatzen

TECNALIAk koordinatutako Europako bederatzi enpresa eta unibertsitatek robot bat garatu dute, eraikinetako fatxadetan mugituz muntaketa- eta mantentze-lanak egiteko.

Hephaestus du izena —forjaketaren jainko grekoaren omenez—, eta hiru urteko garatze-prozesuaren emaitza da. Lehen simulazioak egin dira dagoeneko, eta egiaztatu da egokia dela errezel-hormako fatxadetan aplikatzeko . Mota horretako fatxadak erabiltzen dira beiraz inguratutako etxe orratzetan (adibidez, Iberdrola dorrea). Gainera, haren doitasun milimetrikoa egiaztatu da, ohiko garabi batena baino handiagoa, garabiarekin lan gehiena eskuz egin behar baita.

Robotak pieza astunak mugitzeko gaitasuna du, bai eta forjatuetan zuloak egiteko, ainguratze-materiala azken posizioan jartzeko eta torlojutzeko ere. Hephaestusen beste ezaugarri nagusietako bat hau da: gainerako sistemak baino eremu gehiagotara iristen da, eta biraketa guztiak kontrola ditzake, baita fatxadaren inklinaziora egokitu ere.

Kableen tentsioa, bestalde, denbora errealean monitorizatuta dago, beti eutsita dagoela ziurtatzeko. Izan ere, aurrez ezarritako tarte batetik irteten dela detektatzen badu, sistema berehala gelditzen da. Makineria guztia ordenagailu batera konektatuta dago eta eskuz erabil daiteke; hala ere, erabat autonomoa da.

Julen Astudillo eta Mariola Rodríguez lankideak dira ekimen honen arduradunak, eta Hephaestusen lehiatzeko abantailak nabarmendu dituzte: 

  • Langileen segurtasuna handitzen du goietan egin beharreko lanetan.
  • Kostu ekonomikoak murrizten ditu.
  • Kalitate handiagoa bermatzen du
  • Mantentze-lanak egiten ditu, hala nola fatxadak garbitzea (gaur egun plataforma esekiak jarri behar dira horretarako, ‘gondolak’ izenekoak).

Prentsa-oharra