"Zibermehatxuei aurrea hartzen diegu sare elektriko adimenduna babesteko"
Euskadik sare elektriko adimendunak babesteko ikerketa gidatzen du
Sistema elektrikoaren eraldaketa digitalak areagotu egiten du energia-azpiegiturek zibermehatxu berrien aurrean duten arrisku-maila. Egoera horren aurrean, Euskadik beste urrats bat egin du bere azpiegitura kritikoen erresilientzia indartzeko: VISTA, sare elektriko adimendunaren hornidura-katearen segurtasuna lantzen duen I+Gko ekimen estrategikoa.
VISTAn, berrikuntzaren, energiaren eta ikerketaren euskal ekosistema biltzen da, zibersegurtasuneko teknologia aurreratuen bidez hornidura-kate elektrikoa babesteko.
Hornidura-katearen arriskuei aurrea hartzeko teknologiak
Ikerketan, hiru eremu giltzarri lantzen dira sistema elektrikoaren zibersegurtasuna indartzeko:
- Pribatutasuna babesteko teknologiak, informazio sentikorra partekatu dadin fabrikatzaileen jabetza intelektuala arriskuan jarri gabe.
- Zibersegurtasuna betetzen dela egiaztatzen duten frogen sorkuntza automatikoa, sistemen arteko ziurtagiriak eta interoperabilitatea errazteko.
- Adimen artifizial aurreratuko ereduak, gai direnak aktiboen arteko mendekotasunak identifikatzeko eta eraso-bektore berriak iragartzeko, arazo horiek gauzatu aurretik.
Gaitasun horiek lagungarriak izango dira mehatxuak garaiz detektatzeko eta sare elektriko adimendunari eusten dioten aktiboak babesteko.
Industriarekin konektatutako euskal ekosistema
VISTAren alderdi bereizgarrietako bat da Euskadiko energiaren balio-kate osoak parte hartzen duela zuzenean. Ekimenean Enpresen Komite bat dago, merkatuaren behar errealak garapen teknologikoaren alorrera ekarriko dituena. Honako partaide hauek ditu: i-DE (Iberdrola Taldea), Aclara-Hubbell, Ariadna, Arteche, Ingeteam, Merytronic, Ormazabal eta ZIV.
Gainera, emaitzak azpiestazio digitaleko inguruneetan balioztatuko dira IEC 61850 estandarraren arabera. Horrela, bizkorrago transferituko dira sektorera, eta Euskadi trantsizio energetikoaren, digitalizazioaren eta industria-zibersegurtasunaren arteko konbergentzian Europako erreferentzia gisa sendotzen lagunduko du.
Ekimen hau Deustuko Unibertsitatea, EHU eta BASQUENERGY Cluster erakundeekin batera koordinatzen dugu, eta helburua da fabrikatzaileen, hornitzaileen eta operadore elektrikoen arteko informazio-truke segurua bermatuko duten gaitasun teknologiko berriak garatzea.
VISTAk Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK 2026 programaren finantzaketa du, eta Grid4Industry ekimenarekin lerratzen da, hau da, i-DEk (Iberdrola Taldea) eta Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Industria Planaren barruan bultzatzen duten eraldaketa industrialaren aldeko apustuarekin.
