«Hiru txostenek AA sortzailea Euskadiko ikus-entzunezko ekosistemara txertatzeko erronka etikoak, juridikoak eta teknologikoak aztertzen dituzte»
Euskal ikus-entzunezko sektorera egokitutako AA sortzaile etiko bat bultzatzen dugu
Euskal ekosistemako hainbat eragilerekin elkarlanean aritu gara euskal ikus-entzunezkoen sektorean adimen artifizial sortzaileko teknologiak txertatzea erraztuko duen bide-orri bat egiteko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako Euskadi Sortzailea ekimenaren barruan.
Lanaren emaitzak hiru txosten espezializatu dira, teknologia horiekin lotutako erronka nagusiak ikuspegi etiko, juridiko eta teknologiko batetik jorratzen dituztenak. Helburua da AA ikus-entzunezkoen sormen- eta ekoizpen-prozesuetan modu arduratsu eta seguruan txertatzen laguntzea, Euskadiko errealitate kultural eta linguistikoarekin bat etorriz.
Pertsonak ardatz dituen adimen artifiziala
Adimen artifizial sortzailea ikus-entzunezko edukiak sortzeko aukera berriak zabaltzen ari da, irudiak eta bideoak sortzetik hasi eta ekoizpen-zeregin jakin batzuk automatizatzeraino.
Egoera berri horren aurrean, FEMIAS kolektiboarekin batera egindako txostenak teknologia horien inplikazio etikoak aztertzen ditu, eta AAren erabilera arduratsua bermatzeko gomendioak ematen ditu.
Dokumentuak hainbat alderdi jorratzen ditu, hala nola gardentasuna, aniztasuna, euskara bezala gehiengoarenak ez diren hizkuntzen zaintza eta babesa, sortzaileen eskubideen babesa, alborapenen prebentzioa eta adimen artifizialaren bidez sortutako edukiekiko konfiantzari eustea.
- FEMIAS: Txosten Etikoa AA Euskal Ikus-entzunezkoetan (gaztelaniaz)
- FEMIAS: Txosten Etikoa AA Euskal Ikus-entzunezkoetan (euskaraz)
Berrikuntza bultzatzeko segurtasun juridikoa
AA sortzailea txertatzeak erregulazioaren arloko erronka berriak ere planteatzen dizkie sektoreko enpresei eta profesionalei.
Segurtasun juridikoa emateko helburuarekin, teknologia horiei aplikatu beharreko arau-esparrua aztertzen duen txosten bat garatu dugu AUDENSekin batera. Ikerlanean, jabetza intelektualarekin, irudi-eskubideekin, datuen babesarekin eta adimen artifizialari buruzko Europako araudiak dakartzan betebeharrekin lotutako gaiak aztertzen dira.
Ikuspegi horrek legea betetzea arriskuan jarri gabe berrikuntza teknologikoa bultzatzeko behar diren bermeak identifikatzen ditu.
- AUDENS: Euskadin ikus-entzunezko sandbox bat sortzearen bideragarritasunari buruzko txostena (gaztelaniaz)
- AUDENS: Ikus-entzunezkoetako AAren inguruko erregulazio-sandbox baten bideragarritasun juridikoari buruzko txostena (euskaraz)
Azpiegitura teknologikoak etorkizuneko ikus-entzunezkoetarako
Hirugarren txostena ORAI zentroarekin batera elaboratu da, eta adimen artifizial sortzaileko teknologiak erabiliz ikus-entzunezko lan bat ekoizteko behar diren baliabideei buruzko ikuspegi teknikoa eskaintzen du.
Analisian, mota horretako ekoizpenak garatzeko eskura izan beharreko azpiegiturak, tresnak eta gaitasun teknologikoak jorratzen dira, eta arreta berezia jartzen zaio AA-soluzioak euskal testuinguru kultural eta linguistikora egokitzeari.
Helburua da laguntza ematea teknologia horien etorkizuneko aplikazioek Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen beharrei behar bezala erantzun diezaieten eta haren identitate kulturalaren isla fidela izan daitezen.
Kultura eta Sormen Industrien berrikuntzari laguntza
Lan hau Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien berrikuntzarekiko konpromisoaren parte da, eta RIS3 espezializazio adimendunean estrategikotzat jo den esparru batean kokatzen da.
Hiru txostenak erreferentziazko tresna bat dira adimen artifizial sortzailearen potentziala aprobetxatu nahi duten enpresa, profesional eta erakundeentzat, eta ikus-entzunezkoen ekosistema berritzaileago eta lehiakorrago bat garatzen laguntzen dute, datozen urteetako erronka teknologikoei aurre egiteko prestatuago egon dadin.
