"Garatutako ereduetako batek % 95 baino gehiagoko zehaztasuna izan du baliozkotze-prozesuan eta % 100eko zehaztasuna lortu du"
Adimen artifizialean, biki digitaletan eta monitorizazio aurreratuan oinarritutako soluzio berriak garatzen ditugu azpiegitura kritikoen kudeaketa eraldatzeko
Kalteak goiz detektatzeko prozesuen eta garraioaren eta energiaren aktibo kritikoen erresilientzia hobetzeko Europako ReCharged ekimenean parte hartu dugu.
Ikuskapenen automatizazioa
ReCharged-en emaitza nabarmenenetako bat da azpiegituren ikuskapenak automatizatzeko gai diren AA bidezko ereduak garatu izana, zeintzuk fidagarritasun-maila altua baitute.
- Garatutako ereduetako batek, zeina RestNet-18 arkitekturan oinarritzen baita, % 95 baino gehiagoko zehaztasuna izan du baliozkotze-prozesuan, eta % 100eko zehaztasuna lortu du kalteak identifikatzeko egindako probetan.
Era berean, ebaluatutako teknologiek erakutsi dute gaitasun handia dutela ikuskapen-prozesu konplexuak automatizatzeko .
- Tunelen kasuan, garatutako sistemek ahalbidetu dute arrakalak, luiziak eta iragazketak zehaztasun handiz detektatzea . Gainera, ordu-erdi pasatxoan 17 kilometro baino gehiago ikuskatzea ahalbidetu dute, eta horrek nabarmenki murrizten du azpiegitura horien egoera ebaluatzeko behar den denbora.
Energiari dagokionez, ikusmen artifizialeko eta adimen artifizialeko tresnek lortu dute linea elektrikoetako akatsak % 96 baino gehiagoko zehaztasunarekin identifikatzea, baita informazioa denbora errealean prozesatzeko aukera ematea ere.
Erresilientzia hobetzeko biki digitalak
Kalteak hautemateaz harago azpiegituren mantentze-lanak eta birgaikuntza planifikatzen laguntzeko sustatu dugu biki digitalen erabilera.
Kasu esanguratsuenetako bat Polyfytos-eko (Grezia) zubiaren azterketa izan da, non esku-hartzeko hainbat estrategia ebaluatu baitira eredu aurreratuen, monitorizazioaren eta bizi-zikloaren analisiaren bidez. Emaitzek aktiboa kudeatzeko soluzio erresiliente eta efizienteagoak identifikatzea ahalbidetu dute.
Soluzioa Portugalgo, Suitzako eta Greziako azterketa-kasuetan balioztatu da, eta horrek garraio- eta energia-azpiegituren arriskuen, kalteen eta errekuperazio-prozesuen ikuspegi integratu bat eman digu.
Proiektuko parte-hartzaileen artean, ETH Zürich azpimarratu beharra dago. Nazioartean erreferentziazko unibertsitateetako bat da ingeniaritza zibilean, azpiegituren kudeaketan eta eraikitako ingurunearen digitalizazioan, eta urteak daramatza TECNALIArekin elkarlanean.
TECNALIA eta ETH Zürich: eraikuntza-berrikuntzarako aliantza estrategikoa
Azken urteotan, azpiegituren erresilientziari, biki digitalei, monitorizazio estrukturalari, mantentze-lan adimendunei eta aktiboen kudeaketa aurreratuari buruzko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen bidez sendotu da TECNALIAren eta ETH Zürichen arteko elkarlana.
2025ean, epe luzerako elkarlan-esparru bat ezartzen duen akordio estrategiko baten bidez estutu zuten harreman hori. Akordio horri esker, I+Gko proiektu bateratuak, ikertzaileen trukea eta transferentzia teknologikoko ekimen berriak sustatzen dituzte bi entitateek.
- Akordioa eraikin eta azpiegitura digital, seguru eta erresilienteen garapenean ardazten da zehazki, eta ETH Zürichen bikaintasun zientifikoa eta TECNALIAk berrikuntza merkatura eta industria-sektoreetara eramateko daukan gaitasuna konbinatzen ditu.
- Lankidetza-arloak eraikinen eta azpiegituren sektorea eraldatzeko esparru gakoak dira, besteak beste, aktiboen kudeaketa, erresilientziaren ebaluazioa, klima-aldaketarekiko egokitzapena, datuetan oinarrituta erabakiak hartzeko prozesuaren optimizazioa, biki digitalak, diagnostiko estrukturala, osasun estrukturalaren monitorizazioa, mantentze-lan adimendunak, ikuskapen-prozesuen automatizazioa eta azpiegiturak birgaitzeko eta sendotzeko soluzio digital berriak.
Testuinguru horretan, azpiegitura kritikoen erresilientzia eta jasangarritasuna hobetzen duten monitorizazio-soluzio aurreratuak, adimen artifiziala eta biki digitalak garatzeko elkarlanak duen balioaren adibide da ReCharged.
