Gazteen aurkako ziberdelinkuentziari aurrea hartzeko "serious game" bat

    2026ko irailaren 8a

    Serious game

    "RAYUELAk jolasa eta portaeraren azterketa baliatzen ditu gazteei laguntzeko"

    TECNALIAk Europako RAYUELA ekimenean parte hartu du, metodologia berritzaile bat garatuz

    Gazteen aurkako ziberdelinkuentzia modu eraginkorragoan prebenitzeko, TECNALIAk RAYUELA proiektu europarrean parte hartu du, hezkuntza digitala, zibersegurtasuna eta giza portaeraren analisia uztartzen dituen serious game batean oinarritutako metodologia berritzaile bat garatuz.

    Haurrentzat eta nerabeentzat, beren eguneroko bizitzaren parte da Internet. Interneten, ikasi egiten dute, harremanetan jartzen dira eta informazioa eskuratzen dute. Interneten, ordea, gero eta ohikoagoak diren mehatxuen eraginpean daude, hala nola ziberjazarpena, phishing-a eta desinformazioa.

    Arrisku digitalak ezagutzen ikastea

    Ekimenak prebentzioa jotzen du Interneteko segurtasun-erronkei aurre egiteko tresna gakotzat.

    • Unity-n garatutako bideo-joko interaktibo eta eleaniztun baten bidez, gazteek ingurune digitaleko arazo errealetan oinarritutako egoerei egin behar diete aurre.
    • Ziberjazarpena, zibergorrotoa, onlineko sexu-jazarpena, desinformazioa eta albiste faltsuak, engainua eta halako gaiak jorratzen dira istorio batzuen bidez, eta parte-hartzaileei aukera ematen zaie arriskuak hobeto ulertzeko eta trebetasunak garatzeko beren egunerokoan arrisku horiek identifikatu eta kudeatu ahal ditzaten.

    Portaera ulertzea, aurrea hartzeko

    RAYUELA programak, osagai hezitzailea izateaz gain, ingurune digitaletan elkarreragiten duten gazteen erabakiak baldintzatzen dituzten faktoreak aztertzea ahalbidetzen du. Arrisku-faktoreen azterketak erakutsi du faktore horietako batzuk bereziki garrantzitsuak direla kontuan hartu diren ziberdelitu guztietan, hala nola online konektatuta igarotzen den denbora, generoa, gizarte-babesa eta familiarekiko komunikazioa; horregatik, merezi du faktore horiei arreta berezia jartzea prebentzio-jardueretan.

    Ikuspegi horrek aukera ematen du, erreakzioan eta zigorretan zentratutako ereduetatik alde egin eta hezkuntzan, kontzientziazioan eta aurreikuspenean oinarritutako beste eredu batzuetara igarotzeko.

    Gainera, eta bideojokoaz haratago, RAYUELAk, jokoaren diseinutik hasita, etikaren, pribatutasunaren eta datu-babesaren printzipioak txertatzen ditu, adingabeen oinarrizko eskubideak errespetatzen direla bermatzeko.

    Ikasgeletatik haragoko eragina

    Zenbait herrialdetako prebentzio- eta sentsibilizazio-ekimenetan, dagoeneko aplikatzen ari dira proiektuaren emaitzak.

    • Espainian, Valentziako Udaltzaingoak badu programa bat, "Ayudar a Prevenir", Rayuelan garatutako baliabideak erabiltzen dituena ikasleak zenbait arriskuri buruz kontzientziatzeko (ziberjazarpena, adingabeen atzematea, pertsonen salerosketa, eta abar).
    • Portugalen, polizia judizialak RAYUELA bideo-jokoa erabili du bere "Missão Cibersegura" kanpaina nazionalaren ardatz gisa. Kanpaina horren barruan, poliziak ikastetxeetara bertaratzen dira ikasleak ziberdelituen inguruan sentsibilizatzeko.
    • Ekimenaren eragina nazioartera zabaldu da, eta Brasilgo polizia federalak ere esperientzia horren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditu, Brasilgo ikastetxeetan ezartzeko.

    Nazioarteko hedapen eta interes horri esker, onlineko ziberdelituen prebentzioan eta kontzientziazioan oinarritutako abentura eta hezkuntza-eduki berriak garatzeko proiektu berri bat eskuratu dugu.

    Lan horren bidez, TECNALIAk indartu egiten du zibersegurtasunaren, hezkuntza digitalaren eta giza portaeraren analisiaren esparruan duen jarduera, eta, horrela, tresna berritzaileak garatzeaz gain belaunaldi berrientzako seguruagoa izango den Internet bat eraikitzen lagunduko du.