"Enpresei hidrogenoarekin bateragarriak diren materialak aukeratzen laguntzen diegu"
Hidrogenoa duten materialen bateragarritasuna, segurtasuna eta iraunkortasuna lantzen ditugu
Hidrogenoa etorkizunerako eta industriarako funtsezko energia-bektore gisa finkatzen ari da, eta funtsezko erronka bati egin behar dio aurre: hidrogenoa metatzeko, garraiatzeko, banatzeko eta sortzeko erabiltzen diren materialen bateragarritasuna, segurtasuna eta iraunkortasuna bermatzea.
Hidrogenoarekiko iragazkortasuna eta hidrogenoak eragindako hauskortasuna funtsezko parametroak dira hidrogenoarekin erabiltzera bideratutako materialen hautaketa ebaluatzeko.
- Hidrogenoak eragindako hauskortasuna hidrogeno atomoak metaletan sartzen direnean gertatzen da. Fenomeno horren ondorioz, metalen erresistentzia murriztu egiten da eta pitzadurak hedatzeko arriskua handitzen da.
Hidrogenoak metaletan eragindako hauskortasuna
TECNALIAn hidrogenoak metaletan eragindako hauskortasuna ebaluatzen dugu hainbat erabilera kritikotarako (hala nola metatze-andelak eta hidrogenoa garraiatzeko hodiak), osagaien bizitza erabilgarria eta akatsen tamaina kritikoa zehaztuz.
Osagaien eremu kritikoak identifikatu eta erauzten ditugu, hala nola soldadurak edo tentsio-kontzentrazio handiko eremuak, eta laborategiko saiakuntzak egiten dizkiegu. Horietan, hidrogeno gasaren presentziarekiko haien portaera ebaluatzen da kontrolatutako baldintzetan, 250 bar-erainoko presioarekin eta 250 °C-rainoko tenperaturarekin.
- Horri esker, materialaren trakzio-propietateak lor ditzakegu, indar/desplazamendu kurba denbora errealean gainbegiratuta.
- Gainera, pitzaduren luzera monitoriza daiteke, hausturen hedapena eta materialaren nekearekiko erresistentzia ulertzeko.
Materialaren portaera hainbat baldintzatan
Indarra, desplazamendua, pitzaduraren luzera eta igarotako denbora kontuan hartuta, materialaren portaeraren ikuspegi orokorra lor dezakegu, saiakuntza-baldintza desberdinetan.
Ekorketazko mikroskopia elektronikoaren (SEM) eta mikroskopia optikoaren analisiak gehituz, gertatu diren haustura-mekanismoak eta bigarren mailako pitzaduren eraketak identifikatzen ditugu.
Probak egin ondoren, emaitzak gure bezeroekin batera aztertu eta egiaztatzen ditugu; gure saiakuntza esperimentalak modelatzeko eta osotasuna aztertzeko teknikekin konbinatzen ditugu, hala nola elementu finituen bidezko analisiekin.
Horrek gure bezeroei materialak hautatzen eta osagaien diseinua optimizatzen laguntzen die, eta, hala, erresistentzia hobetzen dute eta akatsak izateko arriskua murrizten. Beraz, kostuak aurrezteko aukera ematen die.