"Hidrogenoaren erabilerari lotutako erronka teknologiko nagusietako batzuei erantzuten diegu"
Segurtasuna, jasangarritasuna eta efizientzia, hidrogenoa metatzean, banatzean eta garraiatzean
ONTZHi-II proiektua aurrera doa teknologia berritzaileak garatzeko lanean, haien bidez hidrogenoa metatzean, banatzean eta garraiatzean segurtasuna, jasangarritasuna eta efizientzia hobetzeko. Hidrogenoa funtsezko bektore energetikoetako bat da energia-eredu garbiago baterako trantsizioan.
Ekimenak entitate industrial eta teknologikoen partzuergo bat biltzen du, eta industria-aholku batzorde baten laguntza du. Hidrogenoaren erabilerari lotutako erronka teknologiko nagusietako batzuei erantzutea da haren helburua.
ONTZHi-II ekimenaren lan-ildoak
- Hidrogeno gaseosoa hodi bidez garraiatzeko soluzioak, ardatz hauei jarraituta: soldaduren erresistentzia hobetzea, hidrogeno bidezko hauskortasuna monitorizatzea eta materialak karakterizatzeko metodo berriak garatzea.
- Tanga eta osagai metalikoentzako hesi-estaldurak eta haien nekearekiko erresistentzia hobetzeko moduak ditu ikergai, eta material konposatuzko tanga arinagoak, jasangarriak eta birziklagarriak garatzen ditu.
- Proiektuak, halaber, modelatzeko eta karakterizatzeko metodo aurreratuen aldeko apustua egiten du. Hala, adimen artifiziala erabiltzen du gainazal metalikoetan hidrogenoaren adsortzioa modelatzeko, eta entsegu birtualak egiteko tresnak garatzen ditu kostuak murrizteko eta garapen teknologikoa bizkortzeko.
ONTZHi-II ekimenak lantzen dituen erronka nagusien artean daude metaletan eta polimeroetan hidrogenoaren iragazketa eta ihesak minimizatzea, hidrogenoak material metalikoekin dituen interakzio-mekanismoen ezagutzan sakontzea eta osorik material konposatuz egindako tangen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatzeko beharra.
Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez diruz lagundutako proiektu horri esker, Euskadik sendotu egin du hidrogenoaren teknologien esparruan duen posizionamendua, eta bultzatzen dituen soluzioek erraztu egiten dute teknologia horiek modu seguruan eta jasangarritasun- eta deskarbonizazio-helburuekin bat eginik hedatzea industrian.
