"Adimen artifizialean eta ikusmen artifizialean oinarritutako soluzioa, ikuskapen-maskarak sortzeko"
Ikusmen artifiziala eta AA ikuskapen automatikoko sistemak bizkorrago martxan jartzeko
TECNALIAk eta AUTIS enpresak —industria-gainbegiratze eta -automatizazioko sistemetan espezializatua— adimen artifiziala eta ikusmen artifiziala oinarri dituen soluzio bat garatu dute elkarlanean, sistema horiek ezartzeko prozesuko lan konplexuenetako bat automatizatzeko: ikuskapen-maskarak sortzea.
Ibilgailuen fabrikazioan, funtsezko etapa bat da pintura-akatsen ikuskapen automatikoa. Instalazio industrialek, karrozerien kalitatea bermatzeko, ekoizpen-prozesuko zenbait fasetan gainazaleko akatsak identifikatzeko gai diren ikusmen artifizialeko sistemak erabiltzen dituzte.
Sistema berriak konfiguratzeko prozesua automatizatzen
Gaur egun, ikuskapen-eremuak zedarritzen dituzten maskarak eskuz definitu behar dira ibilgailu-eredu bakoitzerako eta instalazio industrial bakoitzerako. Prozesu horrek langile espezializatuak behar ditu, eta ikuskapen-sistema berriak martxan jartzeko esfortzuaren zati handi bat hartzen du.
- Proiektuan, AAn oinarrituta dauden eta ikuskapen-sistemek jasotako irudietatik abiatuta maskarak automatikoki sortzeko gai diren segmentazio-ereduak erabiltzea ikertu da.
- Erabilera horri esker, nabarmen murriztu daitezke hasierako konfiguraziorako eskuz egin beharreko lanak, eta sistema errazago egokitu daiteke eredu, instalazio industrial eta ekoizpen-lerro desberdinetara; gainera, maskarak hobeto zedarritzen dira, eta, ondorioz, ikuskapen zehatzagoa lortzen.
Industria-ingurune errealetan bazliozkotutako soluzioa
Teknologia garatzeko, 650 irudi baino gehiago erabili ziren, sei fabrikatzaile, hogei ibilgailu-eredu, zortzi instalazio industrial eta hamahiru ekoizpen-lerro desberdinetakoak. Aniztasun horri esker, soluzioak industria-ingurune desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna ebaluatu ahal izan da.
- Lortutako emaitzek erakusten dutenez, teknikoki bideragarria da maskarak automatikoki sortzea ikusmen artifizialeko eta adimen artifizialeko tekniken bidez, eta ikuskapen-sistema berriak konfiguratzeko lana arintzen du.
- Orobat, egindako lanek argi utzi dute zein garrantzitsua den etiketatze-irizpide homogeneoak izatea ereduen orokortze-gaitasuna hobetzen jarraitzeko.
Hedapen arinago eta eskalagarriagoetarantz
Lortutako aurrerapenek lagunduko dute ikuskapen automatikoko instalazio berriak bizkorrago ezartzen, eskulan espezializatuen mendekotasuna murrizten eta AUTISen soluzioak instalazio industrial eta ibilgailu-modelo desberdinetara eskalatzen.
Lankidetza honek indartu egiten du adimen artifizialak ikusmen artifizialeko sistemen industrializazioa optimizatzeko eta gero eta fabrikazio-prozesu eraginkorrago eta malguagoetarantz aurrera egiteko tresna gisa duen potentziala.
