Berria

Industria deskarbonitzatzeko soluzio teknologikoak

2023ko martxoaren 17a
Economía circular en las empresas vascas

“Industriaren erronka handienetako bat deskarbonizaziorantz aurrera egitea da, 2050ean zero emisio izatea lortzeko”

Soluzio teknologiko berriak 4.0 industrian

TECNALIAn soluzio teknologiko berriak sortzen ari gara, gizartearen erronkei aurrea hartzeko eta enpresei lehiakorragoak izaten laguntzeko, fabrikazio adimendunaren eskakizunetara egokitzea erraztuta. Digitalizazioak eta manufaktura-produktu eta -prozesuetan adimena sartzeak 4.0 industria ekarri dute. Sektoreak erronka berri bati egin behar dio aurre: teknologia horiek behar bezala erabiltzea, integratzea eta abiadura handian abiaraztea.

Industriaren erronka handienetako bat deskarbonizaziorantz aurrera egitea da, 2050ean zero emisio izatea lortzeko. Sidenor, Tubos Reunidos, Arcelor-Mittal eta Furesa enpresekin batera, hainbat arlotan murgilduta gaude: adimen artifizialean eta biki digitalak sortzen, industriako energia-kontsumoa murrizteko; material berriak sortzen, energia-sorkuntzaren efizientzia hobetzeko; ekonomia zirkularrean, hondakinak birbalorizatuz; eta fabrikazio aditiboan, prozesu efizienteagoak lortzeko.

Energia-kontsumoa murrizteko soluzioak: DENIM

Kontsumoa murriztea izan da industriaren lehentasunetako bat energiaren, ingurumenaren eta ekonomiaren arloan. TECNALIAn, Sidenorrekin batera, biki digitalean oinarritutako tresna bat garatzen ari gara. Horri esker, energia-kontsumoa zenbatekoa den jakin eta aurresan ahal izango da, eta soluzioak bilatu ahal izango dira kostuak optimizatzeko eta haren erabilera eta ingurumen-inpaktua murrizteko.

Tresna hori aplikatuz gero, energia-kontsumoa % 20-25 inguru murriztuko da balio-kate osoan, eta, prozesuaren optimizazioaren ondorioz, azken produktuaren kostuak gutxienez % 15 murriztuko dira. DENIM proiektuaz ari gara: "Digital Intelligence for collaborative energy management in manufacturing".

Aleazio eta estaldura efizienteak energia-prozesu intentsiboetarako: ACHIEF

Energia modu intentsiboan erabiltzen duten industrietan, ezinbestekoa da aurrezteko estrategiak ezartzea fabrikazioa jasangarriagoa izan dadin, bai arlo ekonomikoari dagokionez, bai ingurumenari dagokionez. Horregatik, esparru horretan garatzen ari garen beste proiektu baten helburua da energia-sorkuntzaren efizientzia hobetzea, altzairuzko osagai efizienteagoak eta jasangarriagoak garatuz.

ACHIEF ekimenean, zeinean Tubos Reunidosekin batera ari baikara lanean, erresistentzia hobea duten altzairuak, hodien bizitza erabilgarria % 15 hobetzen dutenak, garatzen ditugu adimen artifizialean oinarrituta. Produktu horiek energia sortzeko zentraletan aplikatuko dira, eta, beraz, efizientzia energetikoa % 30 hobetzea eta CO2-emisioak % 20 murriztea espero da.

Material berri horiek ArcelorMittal-en Sestaoko instalazioan probatuko dira.

Industria-hondakinen kudeaketa ekonomia zirkular baterantz: HORMIGA

Industria-hondakinen kudeaketa da jarduera-eremu nagusietako bat industria adimendun eta deskarbonizatua sortzeko bidean. Kasu honetan, galdaketa-prozesuetatik datorren harearen kudeaketa hobetzeko teknologia berri bat garatzen ari gara. Horretarako, Furesa galdategiarekin lan egiten dugu, batez ere, eta beste enpresa batzuek ere parte hartzen dute, hala nola Castinox, Amurrio Ferrocarril, Fundición Gamarra, Grupo Wec, Alju eta Foseco enpresa metalurgikoa.

HORMIGA izeneko proiektuaren bidez, moldaketan erabilitako harea berreskuratzeko teknologia garatu nahi da, galdategietan bertan berrerabiltzeko, erabilitako harearen % 35 baino ez baita berreskuratzen. Proiektua korronte elektromagnetikoen erabileran oinarritzen da, eta, horri esker, hondar-alea ez da hausten eta egonkor mantentzen da, eta errazago biltzen eta berrerabiltzen da.

Alde batetik, harea bildu eta gero instalazioan bertan erabiltzea erraztuko du, eta, hala, lehengai gutxiago kontsumitu beharko da, eta aukera emango du harearen kalitatea instalazioetatik bertatik kontrolatzeko. Bestetik, CO2-emisioak murriztuko ditu, eta enpresa bakoitzak ingurumen-helburuekin modu efizienteagoan bat egiteko aukera izango du.

Fabrikazio aditiboa pieza materialaniztunetarako: WAAM

Fabrikazio aditiboak, WAAM teknologiaren bidez, aukera ematen du pieza materialaniztunak fabrikatzeko, eta, hala, prestazio mekaniko hobeak dituzten produktuak eta kostu-aurrezkia lortzeko.

Addilanen eskutik, fabrikazio aditibo metalikoaren ordezko teknologia bat diseinatu dugu. Hain zuzen, WAAM bidez pieza metalikoak modu aditiboan fabrikatzeko kontrol propioa duten makinak eskaintzen dituen mundu mailako lehen fabrikatzailea da Addilan. Teknologia berria jasangarriagoa, moldagarriagoa eta adimendunagoa da, industria eraldatzea eta efizienteago bihurtzea du helburu, eta, horretarako, balio-kate osoko prozesuak garatzen eta optimizatzen ditu.

Hainbat soluzio teknologiko, ezaugarri komun bat dutenak: jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra.