Industria REACH erregelamendura egokitzeko prozesua bizkortzen ari da

    2026ko urriaren 14a

    REACH ikertzailea_TECNALIA

    "1907/2006 (EE) Erregelamenduak trazabilitate kimikoa indartzera bultzatzen ditu Europako fabrikatzaileak"

    Industria REACH erregelamendura egokitzeko prozesua bizkortzen ari da; horretarako, dokumentu-estrategia eraginkorragoak eta kontrol analitiko doitua baliatzen ditu.

    1907/2006 (EE) Erregelamenduak trazabilitate kimikoa sendotzera bultzatzen ditu Europako fabrikatzaileak; dokumentuak aztertzeko eta egiaztapen analitikoak egiteko soluzio aurreratuek, berriz, araudi hori modu arin eta errentagarriagoan betetzen laguntzen dute.

    REACH Erregelamendua Europar Batasuneko arau-esparru zorrotzenetako bat da. Hura betetzeko, enpresek birplanteatu egin behar dute nola kudeatzen duten beren produktuen informazio teknikoa.

    TECNALIA bereziki nabarmentzen da dokumentazio teknikoa prestatzen, egituratzen eta baliozkotzen. Prozesu hori funtsezkoa da produktuen adostasuna frogatzeko sistematikoki saiakuntza analitikoetara jo beharrik izan gabe. Ikuspegi horrek bidea ematen die fabrikatzaileei, inportatzaileei eta banatzaileei kostuak murrizteko, arriskuei aurrea hartzeko eta ECHA agentziak galdegiten duen trazabilitateari eusteko.

    Dokumentuen azterketa araudia betetzeko oinarri gisa

    Dokumentu-azterketa funtsezko elementu gisa finkatu da, araudia betetzeko estrategia eraginkorra izan dadin. Segurtasun-datuen fitxak berrikusiz, hornitzaileak ebaluatuz eta espediente tekniko osoak eginez, enpresek frogatu dezakete beren artikuluek betetzen dituztela, batetik, REACH araudiaren murrizketak eta betebeharrak, oso kezkagarriak diren substantzien kudeaketa barne (SVHC), eta, bestetik, SCIP datu-basean jakinarazteko betebeharra.

    Metodologia hori bat dator 1907/2006 (EE) Erregelamenduko betekizunekin eta haren eguneratzeekin, eta, hari esker, saihestu egiten dira bikoiztasunak, murriztu egiten da saiakuntzak egiteko beharra, eta erraztu egiten da eskalagarritasuna erreferentzia ugariko katalogoetan.

    Adostasuna egiaztatzeko, saiakuntza analitikoak ezinbestekoak direnean

    Hala ere, egoera batzuetan dokumentazioa ez da nahikoa. Substantzia mugatuen presentzia egiaztatu edo haien kontzentrazioa zehaztu behar denean, laborategi akreditatuek egindako saiakuntza analitikoetara jo behar da.

    • Proba horiek funtsezkoak dira egiaztatzeko SVHC sustantzien kontzentrazioa ez dela % 0,1 baino handiagoa (pisuari dagokionez), eta ikuskaritza, ziurtagiri eta merkatuko kontrol-prozesuetarako behar den ebidentzia ematen dute.
    • Funtzio osagarria dute: egiaztapen gisa jarduten dute informazio dokumentala eztabaidaezina ez denean edo bezeroak baieztapen analitiko independente bat behar duenean.

    Estrategia hibridoa: dokumentazioa eta laborategiko analisiak konbinatzea

    Bi bideak konbinatzea, hau da, analisi dokumentala eta laborategiko saiakuntzak uztartzea, estrategiarik sendoena bihurtu da industriarako.

    • Ikuspegi hibrido horrek aukera ematen du baliabideak optimizatzeko, merkaturatze-denborak murrizteko eta zigorrak edo merkaturatze-murrizketak minimizatzeko.
    • Gainera, bezeroen eta erakunde arautzaileen konfiantza indartzen du, eta alderdi hori gero eta erabakigarriagoa da zaintza kimiko zorrotza jasaten duten sektoreetarako.

    TECNALIA aliatu gisa REACH erregelamendua modu sendoan eta jasangarrian betetzeko

    Araudia eboluzionatzen eta erregulazio-presioa handitzen ari den ingurune batean, lehiarako abantaila bihurtzen da ondo diseinatutako betetze-estrategia bat izatea.

    TECNALIAREN Eraikuntzako Materialen Laborategiko taldeak lagun egiten die enpresei dokumentazioa prestatzen, espedienteak egituratzen eta kasu bakoitzerako estrategia egokiena zehazten; horrela, betetze sendo eta jasangarria bermatzen du.