Industria, robotikaren hurrengo iraultzaren aurrean

    2026ko urriaren 23a

    zutik robot humanoideak

    "Robot humanoideak ekoizpen-inguruneetan modu seguruan integratzeko teknologiak ikertzen ditugu"

    Euskal industria robot humanoideen etorrerarako prestatzeko giltzarriak diren zenbait teknologia ikertuko ditu ZUTIKek

    Robotika humanoidea bilakaera azkarra izaten ari da nazioartean, arlo hauetako aurrerapenek bultzatuta: robotika, pertzepzioa, adimen artifiziala eta kontrol-sistemak. Baina ingurune industrialetan aplikatzen denean, oraindik erronka handiak sortzen dira zeregin hauetan dituen gaitasunen inguruan: ingurune konplexuak ulertu eta haietan zehar mugitzea, objektuak sendoki maneiatzea, gorputz-atalak koordinatzea eta ekoizpen-instalazioetako sistema digital eta automatizazio-sistemekin integratzea.

    ZUTIK proiektuaren helburua da robotika humanoidea etorkizunean ekoizpen-inguruneetan txertatzeari aurrea hartzea; horretarako, robot mota hori euskal industrian modu seguru, fidagarri eta eraginkorrean integratu ahal izateko behar diren ahalmen zientifiko-teknologikoak garatu eta balioztatuko ditu.

    Teknologien, algoritmoen eta softwarearen arloko ikerketa

    ZUTIKek ez du beste robot humanoide bat garatzea proposatzen, baizik eta lehendik dauden plataformak industriarentzat interesgarriak diren ekoizpen-lanetara egokitzeko behar diren teknologiak, algoritmoak eta software-osagaiak ikertzea.

    • Proiektuak honelako eremuetan egingo du lan: ingurunea hautematea eta ulertzea, lokomozioa eta nabigazio segurua, hatz anitzeko eskuen eta gorputz osoaren bidezko maneiatze autonomoa eta humanoideek instalazioetako sistemekin duten koordinazioa, orkestrazioa eta interoperabilitatea.
    • Horretarako, hornitzailearekiko independentea den arkitektura modular bat ikertuko da, hainbat ahalmen konbinatzeko eta etorkizunean industrian integratzea errazteko aukera emango duena.
    • Aurreikusitako emaitzen artean daude lokomozio bipedo autonomorako algoritmoak, maneiatze- eta hartze-teknologiak, gaitasunen bidez programatzen laguntzeko tresnak eta robota instalazioetako OT/IT sistemekin koordinatzeko soluzioak. Garapen horiek etorkizuneko industria-aplikazioen adierazgarri diren zenbait laborategi-erakusgailutan integratuko dira arian-arian.

    Ezagutza eta ahalmenak sortzea

    Aplikazio errealetara orientatzea izango da proiektuaren elementu nagusietako bat. Garapenak laborategiko erakusgailuetan balioztatuko dira, TRL 4 mailan, honako gai hauekin lotutako beharrak analizatzen dituzten industria-agertokiak erreferentzia hartuta: kitak eta materialak prestatzea, muntaketak egitea, espazio konplexu edo konfinatuak ikustatzea, barne-logistika, eta lekualdatzea eta maneiatzea konbinatzen dituzten eragiketak, besteak beste.

    Helburua da ezagutza eta ahalmen transferigarriak sortzea, enpresek, integratzaileek eta ingeniaritza-agentziek etorkizunean robot humanoideak hartzearekin lotutako ziurgabetasunak murrizteko.

    • Horrekin guztiarekin, robotika humanoidea etorkizunean euskal industria-ehunean txertatzeko oinarri teknologikoak ezarri nahi ditu ZUTIKek, robotika malgu eta kolaboratiboan dagoen ezagutza baliatuz eta plataforma berri horien berezitasunetara egokituz.
    • Emaitzak industria-agertoki errealetan inspiratutako erakusgailuen bidez balioztatuko dira, eta teknologia-transferentzia eta -heldutasunera bideratutako jardueren oinarri izango dira gerora.

    Robotika aurreratuan eta fabrikazioan espezializatutako partzuergoa

    ZUTIKek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) sei agente biltzen ditu, esperientzia osagarria dutenak robotikan, adimen artifizialean, pertzepzioan, kontrolean, automatizazioan, fabrikazio aurreratuan eta teknologiaren ingurune industrialetako integrazioan.

    TECNALIAk gidatzen du, eta AUTOTECH ENGINEERING, IKERLAN, MONDRAGON MU-EPS, EHU eta INVEMA dira partaideak.

    Enpresen Komite batek ere hartzen du parte proiektuan. Hura arduratzen da industriaren ikuspegia emateaz, proiektuaren aurrerapenak kontrastatzeaz eta emaitzen etorkizuneko transferentzia orientatzen laguntzeaz. Bertan Euskadiko erreferentziazko zortzi industria-enpresak hartzen dute parte, hainbat sektore eta aplikazio potentzial biltzen dituztenak.