"Grid4Industry proiektuak industria-ehuna elektrifikatu eta deskarbonizatzeak dakartzan erronkei erantzuna ematea du xede"
Bat egin dugu Grid4Industry proiektu eraldatzailearekin: Iberdrolak lideratzen du, eta industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria Euskaditik garatzea du helburu
Grid4Industry ekimena Euskadi 2030 Industria Planaren parte da eta industria-ehuna elektrifikatu eta deskarbonizatzeak dakartzan erronkei erantzuna ematea du xede. Proiektuak, 2026ko ekainaren 4an Bilbon aurkeztu zenak, 62 enpresa biltzen ditu —29 ETE barne— Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko zenbait eragileekin batera, eta guk rol garrantzitsua beteko dugu bertan, garapen teknologikoaren esparruan.
Sare elektriko adimendunen berrikuntzari laguntzen diogu
Grid4Industry egitasmoak sare elektriko adimentsuago baten alde apustu egiten du, zeina energia-biltegiratzea, behe- eta erdi-tentsioko sareen automatizazioa eta kudeaketa eta zibersegurtasuneko tresna aurreratuak integratzeko gai baita.
- TECNALIAtik, ikerketa aplikatuko gure gaitasunekin laguntzen dugu, industria-sare elektrikoak digitalizatzea ahalbidetzen duten soluzioen garapena azeleratzeko.
- Gure helburua haien efizientzia, malgutasuna eta erresilientzia hobetzea da, teknologia berrien integrazioa eta industria-prozesuen elektrifikazioa errazteko.
Industria eraldatzeko lankidetza
Grid4Industry proiektua lankidetza publiko-pribatuko eredu batean oinarritzen da, enpresak, erakundeak eta ezagutza-zentroak integratzen dituena. Aliantza honek Euskadirentzat estrategikoa den balio-kate bat indartuko du, gaur egun 30.000 milioi euroko fakturazioa duena eta 6.000 lanpostu zuzen baino gehiago sortzen dituena.
- Proiektua ingurune kolaboratibo bat da, non ikerketa-zentro nagusiek gaitasunak eta esfortzuak batuko baitituzte sare elektrikoetako ekipoen balio-kateari balio askoz handiagoa eransteko.
- Grid4Industry proiektuak 41 milioi euro inguruko hasierako inbertsio bat aurreikusten du, eta 160 milioi eurotik gorakoa I+G jardueretarako, eraldaketa energetikoarekin lotutako industria-ekosistema aurreratua finkatzen laguntzeko.
Enpleguan eta lehiakortasunean izango duen inpaktua
Ekimenak 500 lanpostu berri baino gehiagorekin lagunduko du enplegu kualifikatua sortzen, zuzenak eta zeharkakoak kontuan hartuta, Euskadik sare adimendunen arloko polo teknologiko gisa duen posizionamendua indartzearekin batera.
TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Hiritarreko zuzendaria den José Luis Elejalderen hitzetan, "parte-hartze honek aukera ematen digu industriara bideratutako berrikuntza bultzatzen jarraitzeko, bai eta enpresen lehiakortasuna hobetzeaz gain eredu energetiko jasangarriago baterako trantsizioa errazten duten soluzioak garatzen laguntzeko ere".
Proiektuaren esparruan garatuko diren soluzioak Euskadin diseinatu eta baliozkotuko dira, nazioarteko merkatuetara esportatzeko bokazioarekin, gure lurraldea sare elektriko adimendunen erreferente gisa posizionatzen laguntzeko. Geure parte-hartzearen bitartez, trantsizio energetikoa eta azpiegitura elektrikoen eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzen dugu, sistema energetiko jasangarriago, eraginkorrago eta lehiakorrago bat eraikitzen laguntzeko.
