"Igebelarren geometrian inspiratutako azpiegitura flotagarria, bai eta eco-UHPC hormigoi berriak ere"
Prestazio oso handiko eta karbono-aztarna txikiko hormigoiez egindako azpigitura fotovoltaiko flotagarrietan aurrera egiten ari gara
Eguzki-energia fotovoltaiko flotagarria itsas ingurunera jauzi egiteko prestatzen ari da; esparru horrek aukera berriak eskaintzen ditu sorkuntza berriztagarria handitzeko eta offshore-azpiegitura eta -jarduerekiko integrazioan bide berriak esploratzeko. Itsasoan lan egiteak, haatik, hainbat erronkari aurre egitea dakar, hala nola olatuei, korrosioari, egiturazko nekadurari, biofoulingari nahiz instalazio- eta mantentze-lanen konplexutasunari.
Erronka horiei erantzuteko helburuarekin, TECNALIA NATURSEA-PV ekimen europarraren buru da. Haren xedea itsasoko instalazio fotovoltaiko flotagarrietan erabiltzen diren azpiegituren iraunkortasuna, fidagarritasuna eta mantentze-lanak hobetzea da, degradazio- eta hutsegite-tasak murrizteko eta, horrekin batera, inbertsio-arriskua eta elektrizitatearen kostu berdindua txikitzeko.
Diseinu bioinspiratua eta material berriak
Proiektuaren garapen nagusietako bat igebelarren geometrian inspiratutako azpiegitura flotagarri bat da. Habe erradial eta tangentzialen konfigurazio baten bidez, itsas baldintzek sortzen dituzten kargetara egokitzeko gai den soluzio arin eta malgu bat eskaini nahi du diseinuak.
- Ekimenak prestazio ultraandiko eta karbono-aztarna txikiko (eco-UHPC) hormigoi berriak garatzea ere bultzatu du, ingurune erasokorrak jasateko eta egituren bizitza erabilgarria luzatzeko diseinatuak.
- Halaber, korrosioaren eta foulingaren kontrako estaldura biooinarrituak ere garatu dira, hormigoiak, metalak eta beirazko gainazalak itsas esposizioak eragindako narriaduratik babesteko.
- Materialen garapenean ez ezik, egituren iraunkortasuna ebaluatzen, haien portaera optimizatzen eta mantentze-lan prebentiboetarako estrategiak planifikatzen dituzten modelizazio- eta iragarpen-tresnetan ere zentratu da proiektua.
Laborategitik offshore-aplikaziora
Egindako lanek hainbat alderdi barne hartu dituzte, hasi prestazio ultraaandiko hormigoiz egindako sistema fotovoltaiko flotagarrien diseinu kontzeptualetik eta flotagailu malguen eta ainguraketa-sistemen askotariko ingurumen-baldintzatako baliozkotze numeriko eta esperimentaleraino.
- TECNALIAn, material berrien garapena eta karakterizazioa zuzendu ditugu, eta haien baliozkotzea laborategiko saiakuntzen bidez eta itsas ingurunearen erakusgarri diren baldintzen eraginpean jarritako osagai eta prototipoei egindako proben bidez egin da.
- Alderdi teknologikoaz harago, itsasoko fotovoltaika flotagarriaren bateragarritasun sozioekonomikoa eta ingurumenekoa ere aztertu da, administrazioekin, elkarteekin eta beste eragile garrantzitsu batzuekin lankidetzan.
Tailerra urriaren 28an
Ekimena egikaritze-fasearen azken hilabeteetan sartu berri da, eta lortutako emaitza nagusiak partekatzeko eta teknologia horien merkaturatzea bizkortzera bideratutako hurrengo urratsak aztertzeko, offshore balio-katearen eragile garrantzitsuak bilduko ditu urriaren 28ko tailer batean.
- Tailerra Donostian izango da, aurrez aurreko formatuan, eta online egiteko aukera ere izango da; izena emateko epea zabalik dago.
- Lortutako aurrerapenei esker, itsas ingurune zailetan denbora luzez lan egiteko gai diren eguzki-plataforma flotagarrien belaunaldi berri baterako oinarriak jarri dira, mantentze-lanen beharra murrizteko eta etorkizuneko offshore-instalazioen jasangarritasuna hobetzeko.
