IVEko klinikekin elkarlanean jarduten dugu ezarpenaren aurreko diagnostiko genetiko (EADG) konplexuak interpretatzeko

    2026ko maiatzaren 5a

    º

    "TECNALIAk emaitza genetiko konplexuak jakintza fidagarri eta eragingarri bihurtzen laguntzen die in vitro ernalketako (IVE) klinikei"

    Laguntza bidezko ugalketan, funtsezkoa da emaitzak ongi interpretatzea

    Laguntza bidezko ugalketan espezializatutako mediku-zentroetako (IVEko klinikak) eguneroko jardunean, mosaizismo-kasuak, 1 edo 3 PNren ondoriozko ernalketa anomaloak, ADN-kantitate txikiak edo diagnostiko-zalantzak gero eta erronka handiagoa dira klinikako eta laborategiko langileentzat.

    Emaitza horiek ongi interpretatzea funtsezkoa da laguntza bidezko ugalketako tratamenduen arrakasta-tasari zuzenean eragiten dioten erabaki informatuak hartzeko.

    Testuinguru horretan, gure Genetikako Laborategiak ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa (EADG) egiteko euskarri genetiko aurreratua eskaintzen die laguntza bidezko ugalketako klinikei. Euskarri hori bereziki diseinatuta dago halako ergoera konplexuei fidagarritasun diagnostiko handiagoarekin aurre egiteko.

    Bereizmen handiko sekuentziazio masiboz lagundutako ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa (EADG) eskaintzen dugu

    • Next Generation Sequencing (NGS) bidezko EADG zerbitzuak bereizmen handiko sekuentziazio masiboko teknologia erabiltzen du, zeina IVEn esperientzia handia duten klinika eta zentroekin elkarlanean baliozkotu den esperimentalki.
    • Plataforma horri esker, 24 kromosoma azter daitezke aldi berean analisi bakar batean. Horrek alterazio kromosomikoen detekzioa hobetzen eta mosaizismo enbrionarioarekin bateragarriak diren patroiak identifikatzen laguntzen du, baita mugako tarteetan daudenean edo zalantza klinikoak sortzen dituztenean ere.

    Laguntza bidezko ugalketako kasu bakoitzaren ebaluazio osoa eskaintzen dugu

    Teknologiaz harago, laguntza bidezko ugalketari aplikatutako diagnostiko genetikoan daukagun esperientzia da gure balio bereizgarria.

    Genetikako Laborategiko taldeak kasu bakoitzaren ebaluazio oso bat egiten du, faktore tekniko, biologiko eta klinikoak zein bikotearen ugalketa-testuinguruan eskuratutako profil kromosomikoen koherentzia kontuan hartuta. Ikuspegi horrek bigarren iritzia lortzeko erreferentziazko aliatu bihurtzen gaitu EADGko ziklo konplexuetan.

    • Aneuploidien EADGaz (PGT-a) gain, gaixotasun monogenikoen EADGa (PGT-m) eta ikerketa konbinatuak ere eskaintzen ditugu ondorengoei herentziazko gaixotasunak transmititzeko arrisku altua dagoen kasuetan.
    • Gaitasun horri esker, diagnostikoaren irismena areagotzen da eta euren pazienteei balio erantsi handiko zerbitzu genetikoa eskaintzen diete IVEko klinikek, baita konplexutasun tekniko handiko egoeretan ere.

    IVEko kliniken ziurgabetasun klinikoa murrizten dugu

    Hala, TECNALIAren Genetikako Laborategia, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Diagnostiko Genetikoko Zentro gisa baimendua, bazkide teknologiko eta zientifikoa da laguntza bidezko ugalketako programetan ziurgabetasun diagnostikoa murriztu, enbrioi-hautapenarekiko konfiantza areagotu eta emaitza klinikoak hobetu nahi dituzten IVEko klinikentzat.

    TECNALIan, emaitza genetiko konplexuak jakintza fidagarri eta eragingarri bihurtzen laguntzen diegu IVEko klinikei eta beharrezko segurtasuna ematen diegu ugalketa-prozesuaren fase erabakigarrienetako batean.