"Hiri-ingurunearen birnaturalizazioa, osasuna, ongizatea eta kohesio eta justizia soziala integratzen ditugu"
INTERLACE ekimenaren bidez Latinoamerikako eta Europako zenbait hirik elkarrengandik ikasteko bideak lantzen dira eta kasu eredugarriak topatzen
Klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoak diren hirien diseinua eta plangintza bideratzeko printzipio, estrategia eta tresna praktiko multzo bat eskaintzen da gidan. Hori guztia, hiri-ingurunearen birnaturalizazioa, osasuna, ongizatea eta kohesio eta justizia soziala integratzen dituen ikuspegi batetik egiten da. Izan ere, faktore horiek guztiek aktiboki laguntzen dute hiri-eraldaketan.
Konfort termikoaren simulazioak tresna baliotsuak dira diseinatzaile, hirigile eta planifikatzaileentzat: konfort-mailak aurreikusteko erabiltzen dira, eta, kasu batzuetan, hiri-eremuetako estres termikoa murrizteko ezartzen diren naturan oinarritutako soluzioen (NBS) inpaktua ebaluatzeko.
TECNALIAk konfort termikoko modelizazioak egin ditu Granollersen eta Envigadon, soluzio naturalen eraginkortasuna aztertzeko eta diseinu-alternatibak alderatu ahal izateko, eta, horri esker, konfort termikoa diseinu-aldagai gisa integratzeko aukera emateko.
Aplikazio praktikoa Envigadon eta Granollersen
Bost eremu modelizatu dira, bat Granollersen eta lau Envigadon; guztira, 990.000 m2. Eta kontuan hartuta etorkizuneko proiekzio klimatikoen arabera azterketa-eremu bietan estres termikoa areagotuko dela —tenperatura fisiologiko baliokidean (PET), 1° C eta 3° C artean—, zuhaitzek, bi proiektuetan, deserosotasun termikoaren areagotzea arintzeko zeregina betetzen dute.
- Granollersen: hiriko zuhaiztia erabakigarria izango da etorkizunean konfort termikoari eusteko. 9 ºC-rainoko tenperatura-aldeak ikus daitezke zuhaitzen azpiko itzalguneen eta eguzkiaren eraginpean dauden asfaltozko eremuen artean. Horrek frogatzen du diferentzia nabarmenak daudela, konfort termikoaren adierazleetan, egungo hiri-diseinuaren eta NBSak barne hartzen dituen proiektatutako diseinuaren artean.
- Envigadon: modelizatzeko lau eremu identifikatu ziren, haietan naturan oinarritutako soluzioen bidez hobekuntzak ezartzeko aukerak aurkitze aldera. Horri esker, eremuen irudikapen espazial esplizitua lortu zen, zeinetan NBSak inplementatzeari esker nabarmen hobetu bailiteke espazio publikoetako konfort termikoa.
TECNALIAk Hiri Gobernantzaren Atlasa garatzen parte hartu du. Atlas hori jardunbide egokien 250 tresna politiko baino gehiagoren online bilduma bat da; hain zuzen, naturan eta ekosistemen lehengoratzean oinarritutako konponbideak babesten dituzten tresnen bilduma.