"Londresen egin den Qubits Europe 2026 ekitaldian hitzaldiak eman ditugu, eta konputazio kuantikoko aplikazio errealak aurkeztu ditugu"
Joan den ekainean Qubits Europe 2026an parte hartu genuen, Londresen. Jardunaldi hori D-Wave konpainiaren erreferentziazko ekitaldia da Europan.
Hizlari gisa gonbidatu gintuzten, erabilera-kasu errealak partekatzeko eta Europako teknologia kuantikoetako inbertsioari buruz eztabaidatzeko, ekosistemako eragile nagusietako batzuekin batera.
Funtsezko topagunea Europako ekosistema kuantikorako
Ekainean, D-Wave konpainiak Londresen antolatutako Qubits Europe 2026 ekitaldian parte hartu genuen. Bertan bildutako enpresek, ikerketa-zentroek eta nazioarteko adituek aztergai izan zuten konputazio kuantikoak industrian eta zientzian gaur egun duen eragina. Topaketan, hitzaldiak eskaini zituzten D-Wave enpresako zuzendari, bezero eta bazkideek. Hala, konputazio kuantikoko beren teknologien aplikazio errealak eta azken aurrerapenak erakutsi zituzten, bai suberaketa kuantikoaren arlokoak (annealing), bai ateen ereduaren arlokoak (gate-model).
Aplikazio errealak industria-inguruneetan
Ekitaldian, konputazio kuantikoak enpresa-inguruan duen inpaktua erakusten duten emaitzak aurkeztu genituen. Applied Quantum Computing: 3D Bin Packing for Würth saioan, Eneko Osaba lankideak erronka logistiko bati aplikatutako optimizazio-kasu praktiko bat azaldu zuen.
Lan horrek agerian uzten du konputazio kuantikoak soluzioak eskaintzen dizkiela industria-arazo konplexuei eta onura nabarmenak sortzen dituela, hala nola:
- Prozesu logistikoak eraginkorragoak izatea
- Baliabideen erabilera optimizatzea
- Kostu operatiboak murriztea
Ekosistema kuantikoaren arloko inbertsioa eta garapena Europan
Horrez gain, Irene López de Vallejo lankideak Quantum Investment in Europe mahai-inguruan parte hartu zuen. Saio horretan, teknologia kuantikoetan inbertitzeko joerak eta sektoreak dituen erronka nagusiak izan zituen mintzagai.
Ondoriorik garrantzitsuenen artean, alderdi hauen garrantzia azpimarratu zuen:
- Industriaren, ikerketaren eta eragile inbertitzaileen arteko lankidetza sustatzea.
- Transferentzia teknologikoa bizkortzea.
- Industria-arloan soluzio kuantikoak har daitezen bultzatzea.
Gero eta eragin handiagoa duen teknologia
Ekitaldi horretan izan genuen parte hartzeak sendotu egiten du mezu hau: konputazio kuantikoa balioa sortzen ari da jada, erabilera errealeko kasuen bidez. Europa finkatzen ari da eragile estrategiko gisa eremu horretan duen posizioa, berrikuntza teknologikoa sustatzen duen ekosistema gero eta sendoagoari esker.
Eskerrak eman nahi dizkiogu D-Wave konpainiari teknologia hori garatzen eta industrian aplikatzen laguntzen duen ekitaldi bat antolatzeagatik eta gu gonbidatzeagatik.
