Berria

Makina-erremintako Zayer enpresak Vixion-en inbertitu du

2024ko otsailaren 27a
Vixion, ZAYER y TECNALIA

"Eragiketa horrek sendotu egiten du Vixionek makina-erremintaren sektoreko bazkide teknologiko gisa duen posizionamendua”

Makina-erreminta fabrikatzen duen Zayer enpresak Vixion Connected Factory-n —TECNALIAren partaidetzapeko startup deeptecha— inbertitu du. Horrela, haren bazkide industrial bihurtu da, eta digitalizazioaren eta 4.0 industriaren aldeko haren apustua indartu du.

Zayer, 60 urte baino gehiagoko esperientzia duen teknologia aurreratuko makina-erremintako enpresa, Vixioneko akziodunen artean sartu da. Helburua da konpainia bizkortzea, eta bultzada teknikoa eta sektoreari buruzko ezagutza kritikoa ematea, datuen ustiapena ardatz hartuta. Gainera, eragiketa horrek indartu egiten du Vixion sortu zenetik garatzen ari den teknologia, eta makina-erremintaren sektorean bazkide teknologiko gisa duen posizionamendua sendotzen du.

Vixion, Zayerren 4.0 hornitzailea

Zayer 2014tik ari da 4.0 industriaren aldeko apustua egiten; horretarako, I+Gn inbertitzen du, bai berean, bai sektoreko beste eragile garrantzitsu batzuekin lankidetzan egindakoan. Azken hiru urteetan, baina, Zayerren makinak fresatzeko makina eta mekanizazio-zentro bikainak baino gehiago izatera pasatu dira; izan ere, datuetatik lor daitekeen adimenaz hornitu dituzte. Horregatik, datuak eskuratzeko eta prozesatzeko aukera ematen dion datuetara bideratutako arkitektura baten aldeko apustua egin du bere makinetan.

Duela bi urte bi alderdien artean lortu zuten esparru-akordioari esker, Zayerrek aldaketa bat egin du: bere makina guztiak Horus NXra konektatu ditu; hau da, Vixionek merkaturatzen duen soluzioaren bertsio aurreratu eta egokitura. Era horretan, Zayerren 4.0 hornitzaile esklusibo bihurtu da Vixion.

VIXIONi buruzko informazio gehiago

TECNALIA Venturesek (TECNALIAren Deeptech Venture Builder-a) lagundutako startupetako bat da VIXION. 2017. urtearen amaieran sortu zenetik, haren helburua da teknologia industria-ehunera hurbiltzea (sektore guztietara). Horretarako, industria-makinetarako eta ekoizpen-instalazioetarako konektibitate-soluzioak garatzen ditu, bai makinen fabrikatzaileentzat, bai erabiltzaileentzat, edozein dela ere haien CNCaren edo PLCaren marka edo modeloa.

VIXIONek, parametro garrantzitsuenen jarraipenaren bidez, makinen portaera identifikatzen du. Konbinatu egiten ditu denbora errealeko seinaleak, datu historikoak eta, batez ere, hamarkada batez baino gehiagoz makina-erremintaren fabrikatzaile nagusiekin lankidetzan (hala nola Zayer, Ibarmia eta Nicolas Correa) sektoreari aplikatuta egindako ikerketan eskuratutako ezagutza.