Berria

Material geopolimeroak erabiltzen ditugu meatze-zepak berrerabiltzeko

2021ko otsailaren 10a
Materiales geopolímeros para la reutilización de escorias mineras

IDEAL ekimenean, suaren aurkako erresistentzia duten eta propietate fotokatalitikoak dituzten geopolimeroak garatzen ari gara, meatze-zepetan oinarrituta.

Europako IDEAL ekimenean, gure indarrak eta beste zortzi bazkiderenak (unibertsitateak, fabrikatzaileak eta ikerketa-zentroak) elkartu ditugu, meatzaritzako zepak aprobetxatzea oinarri duen prestazio handiko material bat garatzeko, eta, hala, ekonomia zirkularra sustatzeko.

Geopolimerizazioaren bidez material bat sortzea da helburua, zeinak suaren aurkako erresistentzia eta ezaugarri fotokatalitikoak izango baititu. Material horiek duten erresistentziari esker, suaren aurkako babes pasiboaren parte izan daitezke; adibidez, konpartimentazio-elementuetan edo egitura-elementuak babesteko erabilita. Babes pasiboak sutea zabaltzea eragozten/atzeratzen du, suteak eraikinari edo azpiegiturari kalterik ez egiteko eta errazago itzaltzeko.

Ikuspuntu honek aukera berriak dakarzkie lehengaiaren sektoreko erauzte- eta prozesatze-industriei. Zabortegiak gutxitzen dira, eta hondakinen balioa handitzen da. Lortzen diren balio erantsiko produktuak oso merkatu handietan xurga daitezke (merkatu-balio osoa: 35.000 milioi euro).

Material horiek akabera fotokatalitikoa dutenez, goi-mailako prestazioak dituzte, hala nola KOL substantzia nagusiak (formaldehidoa, bentzina, toluenoa eta xilenoa) eta NOx substantziak gutxiagotzeko ahalmena: airea desinfektatzeko eta garbitzeko ahalmena dute, eta barruko airearen kalitatea hobetzen dute.

Merkaturatze-estrategia

Merkatu-azterketa sakon bat egiten ari da LTU Business AB, aukera-nitxoak aurkitzeko eta, proiektua osoa izan dadin, merkaturatze-estrategia bat definitzeko.

Garatu behar den material-motaren edo haren azken erabileren arabera hura merkatuetan sartzen lagundu dezaketen ekoizpen-metodoak ere aztergai dira. Batetik, moldetan ekoizteko teknika konbentzionala optimizatu eta egokituko dute Lovainako Unibertsitate Katolikoak eta Enalos Research and Development startupak, ekoizpen-unitate mugikorren bidez. Bestetik, geopolimeroak 3Dn inprimatuko ditu Desamanera SRL startupak, behar jakinetarako ad hoc soluzio gisa.

Pandemiak eragindako eragozpenak gorabehera, formulazio espezifikoak sortu dira ekoizpen-mota bakoitzerako, aipatutako azken prestazioak kontuan hartuta. Bazkide batzuk aritu dira lan horretan, hala nola Atenasko Unibertsitate Nazionala, Paduako Unibertsitatea eta Enalos Research and Development startupa.

Aldi berean, Hellas Ikerketa eta Teknologiako Fundazioa (FORTH) ikerketak egiten ari da, proiektuko bazkide baten (BOLIDENen) meatze-zepa berean oinarrituta pintura fotokatalitiko bat sortzeko.

TECNALIA Research and Innovation, azkenik, sortutako materialen bizi-zikloaren analisia lantzen ari da. Ingurumen-inpaktua ebaluatzea, hondakinak minimizatzeko irizpideak ezartzea eta ekonomia zirkularra sustatzea da helburua.

Lehen prototipoak

Egun, 1 x 1 m-ko panelen lehen prototipoen probak, guk sortutakoak, egiten ari gara. Hasierako saiakuntzetan gaude, zeinak ezaugarri hauek ebaluatzen baitituzte: propietate mekanikoak, suaren aurkako erreakzioa, ur-lurrunarekikoa eta iragazkortasuna, eroankortasun termikoa, eta substantzia arriskutsuen edukia.

Saiakuntza horiek, eta proiektuan datozen urteetan egingo direnak material berriak karakterizatzeko dira, eta, halaber, sortutako produktuak ETA (European Technical Assessment) dokumentuaren bidez CE markarekin ziurtatzeko. ETA dokumentua EAD (European Assessment Document) batean oinarritzen da,

Eta EAD bat espezifikazio tekniko bat da, CPR edo Eraikuntzako Produktuen (UE) N.º 305/2011 Araudiaren arabera bateratua; arau bateratuetan sartzen ez diren ezohiko produktuetan, produktua ebaluatzeko eta prestazioen aitorpena egiteko oinarria da.

Informazio gehiago

IDEAL proiektua Lehengaien Europako Institutu Teknologikoak (EIT RM) finantzatzen du, Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzako Horizon 2020 esparru-programaren barruan.