"Polimero naturalez osatutako biomaterial inprimagarriak, produktu farmazeutikoen belaunaldi berri bat lortzeko"
EKOLBERekin lanean ari gara medikamentuen 3D inprimaketarako biomaterial berritzaile berrien ikerketan
EKOLBERen polimero naturaletatik abiatuta, biomaterial inprimagarri berriak ikertzen eta garatzen ari gara, fabrikazio aditiboko teknologien bidez prozesagarriak, haien bidez farmazia-produktuen belaunaldi berri bat lortzeko. Horrela, euskal industria-sarearen lehiakortasuna hobetuko dugu farmaziaren eta biomedikuntzaren sektorean.
Medikamentuen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzea
Pazientea ardatz duten medikamentuen garapenak gero eta arreta handiagoa bereganatu du azken hamarkada honetan. "Pazientearen dosifikazio espezifikoa" edo "pertsonalizatua" kontzeptuak farmazia-industriaren ekoizteko modu tradizionalaren alternatiba gisa azaleratu dira. Medikamentu bat ematean gertatzen den emaitza-aniztasunaren arrazoia, batez ere, aurrekarietan, metabolismoan eta genetikan dauden desberdintasunak dira. Medikamentuen garapenaren joera masa-produkziotik aldentzen ari da, eta dosifikazio pertsonalizatura hurbiltzen. Industria farmazeutikoa ekoizteko modu tradizionaletik eredu pertsonalizatuago baterantz hurbiltzen den heinean, medikamentuen 3D inprimaketa ari da eskuratzen merkatua iraultzeko ahalmen handiena.
Produktu farmazeutiko pertsonalizatuak sortzeko 3D inprimaketa-teknologia erabiltzearen onura nagusia lote txikiak ekoizteko ahalmena da; hain zuzen, arretaz egokitutako dosi, forma, tamaina eta askapen-ezaugarriak dituzten loteak. Horrez gain, pelikula gisako estaldurarik gabe zaporeak eransteko aukera ematen du —konposatu kimikoen zaporea erabat estaltzeko—, bai eta haurren eta adineko pertsonen moduan irensteko zailtasuna duten pazienteen beharrak asetze aldera botika mastekagarriak garatzeko aukera ere.
Eskariaren araberako sendagai-ekoizpena
3D inprimagailuak farmazietan, ospitaleetan, kliniketan eta leku urrunetan instala daitezke: sendagaiak eskariaren arabera ekoizteko aukera ematen du horrek, bereziki egonkortasun txikikoak eta hotz-kateari eusteko biltegiratze-baldintza bereziak dituztenak. Konpainia farmazeutikoentzat, 3D inprimaketak nabarmen murrizten ditu kostuak, hondakinak eta ingurumen-karga; izan ere, inprimagailuek behar diren lehengaien kopuru zehatza baino ez dute jalkitzen.