"TECNALIAk ÁNIMA bultzatzen du, Robotika Humanoideko eta AA Fisikoko Espainiako Elkartea, berrikuntza eta industriaren lehiakortasuna bizkortzeko"
ÁNIMA elkarteak enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak biltzen ditu, industriarentzat eta gizartearentzat estrategikoa den balio-kate bat indartzeko
TECNALIA ÁNIMAn sartu da, Robotika Humanoideko eta AA Fisikoko Espainiako Elkarte berrian. Helburu honekin sortu da erakundea: industria, zerbitzuak eta pertsonen zaintza eraldatzera deituta dagoen teknologia horretan, Espainia Europako erreferentzien artean kokatzeko moduko ekosistema industrial eta teknologiko bat bultzatzea.
Sektore emergente bat sendotzeko ekimena
ÁNIMA sortzea urrats garrantzitsua da Espainian robotika humanoidea eta AA fisikoa garatzeko. AFM Clústerrek eta AER Automationek bultzatuta, elkarteak fabrikatzaileak, adimen artifizialaren garatzaileak, integratzaileak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta erabiltzaile diren enpresak biltzen ditu, teknologia horiek ezartzea eta industrializatzea bizkortzeko.
Gure estrategia-, merkatu- eta teknologia-zuzendari Agustín J. Sáenzek elkartearen presidenteordetza hartuz lagundu dio TECNALIAk ekimenari. Parte-hartze horrek gure konpromiso hau indartzen du: adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika aurreratua konektatzen dituzten teknologiak garatzea, industriaren eta gizartearen erronkei erantzuteko.
Robotika humanoidearen eta AA fisikoaren alde egiten dugun apustua
Robotika humanoidea automatizazio aurreratuaren bilakaera garrantzitsuenetako bat da. Adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, simulazioa, sentsore aurreratuak eta kontrol-sistemak bateratzearekin, robotek gaitasun berriak eskuratzen dituzte pertsonentzat diseinatutako inguruneetan moldatzeko.
- Industria-, logistika- eta zerbitzu-inguruneetan pertsonekin lankidetzan aritzeko gai diren robotika adimenduneko soluzioetan lan egiten dugu TECNALIAn.
- Hona hemen gure jardunaren ardatza: pertsonen eta makinen arteko interakzio seguruagoa, malguagoa eta eraginkorragoa errazten duten sistema autonomoak, pertzepzio-teknologiak, kontrol kognitiboa eta adimen artifiziala aplikatua garatzea.
Industriaren lehiakortasuna suspertzeko aukera bat
AA fisikoa robot humanoideetatik harago doa. Gaitasun horiek robot kolaboratiboetan, sistema mugikor autonomoetan, makinerian eta ekoizpen-ekipoetan ere txerta daitezke. Aurrerapen horri esker, produktibitatea handitzeko aukera berriak zabaltzen dira, zeregin jakin batzuetan dagoen talentu-eskasiari aurre egiteko eta laneko segurtasuna hobetzeko.
Espainiak gaitasun teknologiko eta industrial bereizgarriak dituen arloen artean, eragingailuak, sentsoreak, elektronika, adimen artifiziala, softwarea, integrazioa eta fabrikazio aurreratua daude. Gaitasun horiexek konektatzeko eta hazkunde-potentzial handiko balio-kate bat indartzeko sortu da ÁNIMA, hain zuzen ere.
TECNALIAtik, ezagutza industria-inpaktu handiko soluzio bilakarazteko aukera ematen duten lankidetza-ekimenak bultzatzen jarraituko dugu. Elkarte berria oso marko egokia da transferentzia teknologikoa bizkortzeko, enpresa-aukera berriak sortzeko eta Espainiaren posizioa indartzeko nazioartean proiekzio handia duen merkatu honetan.
