Pertsonak ardatz dituen eraldaketa digitala

    2026ko irailaren 29a

    Humanismo digitala TECNALIA

    "Erresilienteagoa, inklusiboagoa eta demokratikoagoa den gizarte bat sustatzen dugu humanismo digitalaren printzipioen bidez"

    Pertsonen zerbitzura dagoen Europa digitala

    Europako EUDHIT - European Digital Humanism Initiative ekimenean parte hartzen dugu. Finantzaketa-erabakiak oinarrizko eskubideekin, inklusioarekin eta Europako balio demokratikoekin bat datozen teknologia digitaletara bideratzen dituen inbertsio-esparru baten bidez gauzatzen da gure parte-hartzea.

    Eraldaketa digitalak birdefinitu egiten du lan egiteko, harremanak izateko eta gizartean parte hartzeko dugun modua. Bilakaera horrek Europako balioekin bat egingo duela bermatzeko, Horizon Europe proiektuak finantzatutako European Digital Humanism Initiative (EUDHIT) ekimenean parte hartzen dugu. Ekimen horren xedea da erresilienteagoa, inklusiboagoa eta demokratikoagoa den gizarte bat sustatzea, eta, horretarako, humanismo digitalaren printzipioak aplikatzea.

    • EUDHITek gizarte zibileko ikertzaileak, arduradun politikoak, enpresak eta erakundeak konektatzen ditu. Helburua da Europaren gaitasuna indartzea transformazio digitala balio jakin batzuen arabera zuzentzeko; hala nola giza duintasuna, askatasuna, ekitatea eta demokrazia.
    • Ekimenak teknologien diseinura, politika publikoetara, negozio-ereduetara eta inbertsio-erabakietara eramaten ditu printzipio horiek; horrela, gure alea jartzen dugu berrikuntza teknologikoak herritarrentzat egiazko onurak sor ditzan.

    Humanismo digitala indartzeko ekimen europarra

    Partzuergoak Europako zenbait herrialdetako 11 erakunde biltzen ditu. Erakunde horiek teknologia, etika, zuzenbidea, ekonomia eta gizarte-zientziak lantzen dituzte, besteak beste. Humanoagoa eta arduratsuagoa den digitalizazioa bultzatzen duten tresnak, gomendioak, adierazleak eta trebakuntza-jarduerak garatzen dituzte elkarrekin.

    Inpaktu positiboa duten teknologiak sustatzeko inbertsio-esparru bat

    TECNALIAk zeregin nabarmena du humanismo digitalaren printzipioak ekonomia errealera eramateko mekanismoen definizioan. Lan horren emaitza gisa, D3.2 Investment Framework entregagaia prestatu genuen. Ekimenaren lehen emaitza garrantzitsuetako hori 2026ko apirilean argitaratu genuen.

    Dokumentu horrek humanismo digitalerako inbertsio-esparru bat proposatzen du, inbertitzaileei, finantza-erakundeei, enpresei eta eragile publikoei zuzendua. Tresna horrek teknologia digitaletan egiten diren inbertsioak ebaluatzen eta bideratzen laguntzen du, eta, irizpide ekonomikoez gain, haien inpaktu soziala, etikoa eta demokratikoa ere aintzat hartzen du.

    1. Helburua da oinarrizko eskubideak errespetatzen dituzten, gizarteratzea sustatzen duten eta gizartearentzat balioa sortzen duten teknologiak garatzen eta hartzen lagunduko duten finantzaketa-erabakiak erraztea.
    2. Ikuspegi horrek digitalizazioaren erronka nagusietako bati erantzuten dio: inbertsio-fluxuek pertsonen premiekin eta Europako balioekin bat datozen soluzio teknologikoak sustatuko dituztela bermatzea.

    Humanoagoa den ekonomia digital baterantz aurrera egitea

    EUDHITen parte hartuz, indartu egiten dugu teknologia arduratsuak garatzeko eta pertsonak berrikuntzaren erdigunean jartzen dituen ekonomia digitala eraikitzeko konpromisoa.

    Datozen urteetan ekimen horren bidez sortutako ezagutzak, tresnak eta lankidetza-espazioak lagungarri gertatuko zaizkio Europari eraldaketa digitalaren erronkei ikuspegi humanista batetik heltzeko. Demokrazia indartzen, gizarte-kohesioa areagotzen eta lehiakortasun jasangarria bultzatzen lagunduko duten teknologiak bultzatzea da xedea.

    EUDHTi buruzko informazio gehiago