Pertsonengandik zuzenean ikasteko gai diren sistema adimendunak

    2026ko uztailaren 28a

    Interacción_Humano_Máquina

    “Robotek pertsonengandik ikasten dutenean, teknologiak konplexu izateari uzten dio eta benetan erabilgarri bihurtzen da”

    Pertsonengandik ikasten duten eta ingurune zaratatsuetan argibideak ulertzen dituzten robotak

    Industria une erabakigarri batean dago, eta errazago birkonfiguratzen diren prozesu malgu eta moldagarriagoak behar ditu. IKASprod ekimenak inflexio-puntu bat markatzen du, pertsonengandik zuzenean ikas dezaketen sistema adimendunen belaunaldi berri bat ekarri duelako. Sistemok programazio-denbora murrizten eta instalazioen efizientzia hobetzen dute.

    Koderik gabe, erakustaldi bidez programatzen diren robotak

    IKASprod ikerketa bat egiten ari da langileek pertsonei irakasten dieten moduan (hau da, ahozko argibide eta keinu naturalak erabilita edo ingurune birtual murgiltzaileetan erakustaldiak eginda) robotei zereginak egiten nola irakats diezaieketen jakiteko.

    • Aurrerantzean, ez da beharrezkoa izango makinak geldiaraztea, ezta programazio tradizionalari denbora eskaintzea ere.
    • Sistemak gizakiak egin nahi duena interpretatzen du, beharrezko kontrol-kodea automatikoki sortzen du portaera-zuhaitz (BT) gisa, eta hura modu seguruan exekutatzen du.
    • Hori guztia instalazio industrialean bertan exekuta daitezkeen optimizatutako teknologiak erabiliz, hodeiko azpiegituren beharrik gabe; eta, gainera, ingurune industrial zaratatsuetan ere funtzionatzen dute.

    Elkarreragin naturala, baita muturreko ingurune akustikoetan ere

    Ekimen honen berrikuntza gakoetako bat fabrikako testuinguru errealetan pertsona-makina elkarreragina hobetu izana da. IKASprod-ek hizkuntza hautemateko sistema multimodal bat garatu du, zeinak honako hauek konbinatzen baititu:

    • Ahotsa, zarata industrialaren errekonozimendu automatiko sendoaren bidez.
    • Ezpainen irakurketa (lip reading), proiektuaren arlorako trebatua.
    • Bi seinale horien fusio adimenduna, egoera bakoitzaren interpretazio egokiena hautatzen duen lengoaia-eredu baten bidez.

    Teknologia horrek ahozko argibideak ulertzen ditu, baita zarata handiko inguruneetan ere eta, hala, segurtasuna hobetzen du eta hutsegiteak murrizten ditu.

    XR inguruneetako erakustaldi bidezko programazioa

    XR teknologiak (errealitate hedatua) paper oso garrantzitsua dauka. IKASprod-ek erakustaldi bidezko programazio-ingurune murgiltzaile bat du, non langileek hauek egin baititzakete:

    • Robota biki digital batean mugituz ibilbideak edo prozedurak irakatsi.
    • Saioa gidatzen duen elkarrizketa-laguntzaile baten laguntza jaso.
    • Dagokion portaera-zuhaitza automatikoki sortu, hura robot fisikoan exekutatzeko.

    Ikuspegi honek prozesuak haiek ezarri aurretik balioztatzen ditu eta, hala, martxan jartzeko denbora eta integrazioan gerta daitezkeen erroreak murrizten dira.

    Etorkizunari begiratzen dioten hiru kasu erreal

    Proiektuaren emaitzak agertoki erreal adierazgarrietan frogatu dira, IHM Campus-en baitan:

    • Roboten lengoaia natural bidezko programazioa: ahozko aginduak BT (behaviour trees / portaera-zuhaitz) eta kode exekutagarri bihurtzeko gaitasuna duen sistema, trazabilitatea eta giza ikuskapena mantenduta.
    • Erakustaldi bidezko programazioa XR inguruneetan: laborategi birtual bat, non langileak nola jardun behar duen irakasten baitio sistemari eta kontrol-programa haren mugimenduetan oinarrituta sortzen baita.
    • Hizkeraren ezagutza multimodala (ahotsa + ezpain-irakurketa): ingurune industrial konplexuetarako diseinatutako frogatzailea, non, zarata dela eta, ahots bidezko bestelako sistemak erabili ezin diren.

    Euskal lehiakortasunerako proiektu estrategiko bat

    IKASprod-ek zuzenean eragiten dio produktibitateari eta enpleguaren kalitateari:

    • Nabarmenki murrizten ditu roboten eta AGVen konfigurazio- eta instalazio-denborak.
    • Zeregin errepikakorrak edo arriskutsuak saihesten direnez, segurtasuna eta ergonomia hobetzen ditu.
    • Maiz aldaketak izaten dituzten ekoizpen-lerroen malgutasuna areagotzen du.
    • Langileak ahalduntzen ditu, zeinak programatzaile izateari utzi eta sistemaren irakasle bihurtzen baitira.

    Ikuspegi horrek 5.0 Industria ekimenaren abangoardian kokatzen du Euskadi. Ekimen horren baitan, teknologia pertsonei egokitzen zaie, ez alderantziz. Haren erabilera bereziki garrantzitsua da hainbat sektoretan; besteak beste, makina-erremintaren, robotika industrialaren, logistikaren, fabrikazio malguaren eta serie laburren sektoreetan.

    Aldaketa gidatzeko prest dagoen partzuergoa

    IKASprod Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK proiektu bat da, TECNALIAk, Tekniker-ek, Orai-k eta IMH Campus-ek garatu dutena. Entitate horiek guztiek AAren, robotikaren, elkarreragin aurreratuaren, lengoaia naturalaren prozesaketaren eta fabrikazio malguaren arloetan daukaten ahamena batu dute ingurune produktibo adimendunetan soluzio berriak sustatzeko.

    Bi urtez, teknologia aurreratu horiek garatzen eta haiek ehun industrialera (bereziki ETEetara) eramateko prozesua bizkortzen aritu da partzuergoa. Teknologiok ekonomian eta gizartean eragiten dutela ziurtatzeko, industriaren, heziketaren eta teknologiaren arloetako entitateez osatutako Kontrasterako Batzorde baten laguntza jaso du; horiek guztiek beren esperientzia eta ikuspegia eman dute proiektua behar errealetara bideratzeko.

    Industria intuitibo, humano eta malguago baterako bidean

    IKASprod ez da aurrerapauso teknologiko bat bakarrik, baizik baita paradigma berri bat ere: robot bati zerbait irakasteko, nahikoa izango da hari zerbait azaltzea, eta pertsonak erdiguneko sormenezko funtzio bat edukitzera itzuliko dira prozesu produktiboetan.

    Bizkorrago ikasten duen industria.
    Pertsonak ulertzen dituen industria.
    Industria humanoagoa.