Berria

    Portuko STS garabiak digitalizatzen laguntzen ari gara

    2020ko apirilaren 27a

    Predicrane: mantentze-lan prediktiboko soluzioa

    Portuko STS garabiak digitalizatzeko, Predicrane ekimena jarri dugu martxan, Zeukorekin batera: mantentze-lan prediktiboa egiten du, eta portuen funtzionamenduan funtsezkoak diren aktibo horien hutsegiteak diagnostikatzeko eta haiei aurrea hartzeko aukera ematen du.

    Soluzio honek onura operatibo eta ekonomiko handiak ekarriko dizkio portuko jarduerari. STS garabietan aurreikusi ez diren geldialdiak nabarmen urritzeko informazioa emango du sistemak; geldialdi horiek eragin zuzena dute portuko terminalaren ahalmenean, eta ondorio ekonomiko kaltegarriak dituzte, aktibo horiek nekez ordezka baitaitezke. Konponketa programatuak egiten ere lagunduko du, mantentze-lan zuzentzaileak urrituko dira eta behar ez diren mantentze-lan prebentiboak minimizatu. Ondorioz, mantentze-lanen kostuan aurreztuko da.

    Sektorearen eredua aldatzen ari da, portuko jarduera osatzen duten inguruneetako datuetan oinarritutako soluzio berritzaileetara, eta testuinguru horretan kokatzen da Predicrane. Orokorki onartua dago prozesuetan adimena txertatu beharra dagoela eta eragiketak optimizatu behar direla portuko prozesu logistiko guztietan. Hala ere, mantentze-lanetan ez da askorik aurreratu, nahiz eta funtsezkoak izan portuko jardueran.

    Mantentze-lan prediktiboko teknologia berriak sartzea funtsezkoa izan liteke eragiketak hobetzeko prozesuan; izan ere, hari esker, makinen disponibilitatea zabaldu daiteke, mantentze-lanen kostua urritu, produktuaren kalitatea bermatu eta aktibo produktiboen balio-bizitza luzatu.

    Mantentze-lan analitikoak edo prediktiboak informazio fidagarria ematen du uneko eta etorkizuneko osasun-egoerari buruz, mantentze-plan egokiena diseinatu ahal izateko. Prozesu horretan ikuspegi bat baino gehiago lantzen da: iraganean zer eta zergatik gertatu den ikusi; etorkizunean zer gertatuko den kalkulatu; kalkulatutako hutsegiteak mantentze-lanen arabera egokiagoa den unean gertatzeko zer egin behar den identifikatu; ekoizpenean eta mantentze-lanen kostuan duen inpaktua minimizatu.

    Ismael Bienvenido Zeukoko zuzendari exekutibo eta eraldaketa digitaleko arduradunaren arabera, “Mantentze-lanetan, hondatutakoa konpontzen zeneko paradigma atzean utzi dugu, eta konektagarritasunaren paradigma berrian sartu gara, non eskura dagoen datu-kantitate erraldoia era egokian tratatzeak ekarriko baitu aldea”.

    Zeukok aktibo industrialen eta, zehazki, portuko garabien mantentze-lanez eta digitalizazioaz dakiena ekarri du. Guk, berriz, mantentze-lan analitikoaren esparruko tresna eta eredu teknologikoak.

    Predicrane SPRIren Basque Industry 4.0 laguntza-programaren barruan ari da garatzen. Hornitzaile teknologikoetatik elektronikaren, informazioaren eta telekomunikazioen teknologien alorreko fabrikazio aurreratuko enpresa industrial fabrikatzaileetara teknologia transferitzea lantzen duten ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak babesten ditu programa horrek.