Prozesatze-teknikak, eraikuntzako bigarren mailako kalitate handiagoko materialak sortzeko

    2026ko martxoaren 2a

    Materiales secundarios de construcción de mayor calidad

    "TECNALIAn garatzen ari garen sistema baten bidez, zatiki mineral meheen konposizioa denbora errealean aztertzen dugu"

    Eraikuntzan zirkulartasuna bizkortzen dugu, prozesatze-soluzio berrien eta produktu zirkular jasangarrien bidez

    Europako CIRCULess ekimenean parte hartzen dugu. Ekimen horrek zirkulartasuna bultzatzen du eraikuntza- eta fabrikazio-prozesuetan; horretarako, mineral- eta zur-zatikien balioa handitzen du eta errendimendu handiko produktu zirkularrak sortzen, soluzio berrien bidez.

    Eraikuntzaren eta fabrikazioaren industriak gero eta erronka handiagoari egin behar dio aurre: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kantitatea murriztea eta bigarren mailako materialen potentziala aprobetxatzea.

    • Ekimen horretan garatzen ari garen teknika berrien bidez, hondakinetatik datozen mineral- eta zur-zatikien kalitatea eta errendimendua handitzen da.
    • Errendimendua arriskuan jarri gabe sektoreko estandarrak betetzen dituzten bigarren mailako materialak bultzatu nahi ditugu, eta jasangarritasun-irizpideak erabiliz diseinatutako produktu zirkularrak lortzea da gure helburua.

    Lineako kalitate-kontrola sentsore espektralen bidez

    TECNALIAn, ekoizpen-lerroan kalitatea kontrolatzeko sistema bat garatzen ari gara, sentsore espektral oso lokalizatuak eta datuak analizatzeko teknika aurreratuak erabiltzen dituena. Soluzio horrek zatiki mineral meheen konposizioa denbora errealean analizatzen du, sailkapen-prozesuen fidagarritasuna hobetzen du eta bigarren mailako material egonkorragoak eta balio erantsi handiagokoak lortzen laguntzen du. Eraikuntza-eredu adimentsuagoak eta ekonomia zirkularrarekin lerrokatuagoak lortzeko prozesuetan txertatzen dugu garapen hori.

    Bereizketa robotizatuko soluzio berriak

    Halaber, doitasunezko bereizketako soluzio berrietan ari gara lanean, zeinak pick & place ikuspegia duen beso robotiko batean oinarrituta baitaude. Sistema horrek huts bidezko xurgatze-teknologiak erabiltzen ditu, zeinek hautakortasuna eta efizientzia areagotzen baitituzte materialen sailkatze-lanean. Sistema horren bidez, prozesu jasangarriagoak bultzatzen dira eta zatiki mineralen zirkulartasuna hobetzen. Hori funtsezkoa da eraikuntzaren sektorearen egungo erronkei erantzuteko.

    Zirkulartasuna bizkortzeko Europako partzuergoa

    Ekimena Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak koordinatzen du, eta Europako erreferentziazko erakunde batzuk biltzen ditu. Honako erakunde hauekin batera hartzen dugu parte ekimenean: AIMEN Zentro Teknologikoa, Holcim, Omtre, FORESTIA, Gjøvik Kommune, Atenasko Unibertsitate Tekniko Nazionala, DTU – Danimarkako Unibertsitate Teknikoa, Luleåko Unibertsitate Teknologikoa, UNE – Espainiako Normalizazio Elkartea, IRES, Jasangarritasunari buruzko Aholkularitza Globala AS, Eindhoveneko Unibertsitate Teknologikoa, Volbas, Tesaliako Unibertsitatea, bAvenir, TheGreenTech, Zerofect eta Hertfordshireko Unibertsitatea.

    Lankidetza horrek indartu egiten du eraikuntza jasangarriago bat lortzeko eta gaur egun gutxiegi erabiltzen jarraitzen duten zenbait baliabideren balioa handitzeko dugun konpromisoa.