Berria

Sektore aeronautikoko I+G+Bko lehentasunak identifikatu ditugu

2020ko azaroaren 16a

Teknologia Aeronautikoen Taldeak (GTA) gidaririk gabeko aire-sistemetako (UAS) I+G+Bko industria-lehentasunen amaierako agiria kaleratu du

Espainiako Plataforma Aeroespazialak (PAE) GTA lantaldea abiarazi du I+G+Bko lehentasunak identifikatzeko sektore aeronautiko nazionalean. UAS/RPAS/droneen merkatuak handitzeko aukera onak ditu hurrengo hamarkadari begira, eta balio erantsia sor dezake sektore eta aplikazio ugaritan.

Teknologia Aeronautikoen Taldea (GTA) ohiko teknologia aeronautikoen esparruan egiten den jarduera guztiez arduratzen da: material konposatuak, sistema aurreratuak eta fluxu-kontrola, propultsiorako aleazio aurreratuak, simulazio aurreratua, UAVak/autonomia, elektrifikazio eta propultsio hibrido edo elektrikoa, aire-trafikoaren kontrola... Azpitalde bat ere sortu du: GTA-R. I+G+Ba lantzen du RPAS deritzenetan, eta, zehazki, I+G+Bko industria-premiak aztertzen dabil urrutitik gidatzen diren ibilgailuen (RPAS) esparruan. Jardun horren barnean, gidaririk gabeko aire-sistemetako (UAS) I+G+Bko industria-lehentasunei buruzko amaierako agiria plazaratu dute.

Agiri horretan, I+G+Bko 28 industria-lehentasun zehaztu dira. Bakoitzak bere fitxa du, eta sei gairen arabera sailkatu dira: sistemak txertatzea eta simulazioa, kontrol-sistemak, ibilgailuetako ekipamenduak eta sistemak, lurreko ekipamenduak eta sistemak, esperimentazio-teknikak, eta aire-trafikoaren ziurtagiriak eta kudeaketa. Halaber, eranskin bat ere atxiki zaio, eta, hartan, PAEko 11 unibertsitatek eta ikerketa-zentrok (besteak beste, TECNALIAk) lehentasun horiekin bat datozen ikerketa-ildoak jaso dituzte. Beste eranskin batean, taldearen buru izan diren enpresetako bostek azaltzen dute I+G+Bko lehentasunak zehaztu izana lagungarri izango dela produktu-lerro berriak garatzeko, eta, gainera, egungo lerroak sendotzeko eta lehiakorrago bihurtzeko.

Uste da agiri hori PAEko kideen arteko I+G+Bko elkarlana hobetzeko tresna izango dela, gidaririk gabeko aire-sistemekin lotutako gaietan.

Gidaririk gabeko aire-sistemetako I+G+Bko industria-lehentasunei buruzko agiria

Agiria PAEko GTA-R lantaldeak prestatu du 2020ko lehen erdian. TEDAEko enpresa-talde batek 2018-19an egindako lanari jarraipena emateko sortu zen, urrutitik gidatutako aireontziak direla eta. Espainiako Plataforma Aeroespazialak (PAE) eta Teknologia Aeroespazialen Zentro Aurreratuak (CATEC) elkarrekin koordinatu dute.

GTA-R taldeak PAEko 20 entitateren iruzkinak eta ekarpenak jaso ditu, horiek guztiek agiria idazten parte hartu dute eta. Hona hemen nork osatzen duen taldea: FADA-CATEC (koordinatzailea), ACITURRI, AERTEC Solutions, AIRBUS, AIRBUS DS, AIRBUS Helicopters, ALTER Technology, ALTRAN, INDRA, TECNALIA eta EHU. Taldekideak hauek dira: AIMPLAS, CEIT, CTA, IAC, TECNUN, UC3M, UAH, UMA, eta UPCT.

Deskargatu gidaririk gabeko aire-sistemetako (UAS) I+G+Bko industria-lehentasunei buruzko agiria