Berria

Subiranotasunaren enpresa-balioa datuak partekatzearen alorrean

2022ko azaroaren 8a
El valor empresarial de la soberanía en la compartición de datos

"Funtsezkoa da datuen subiranotasuna bermatzea datuaren ekonomia Europa mailan garatu ahal izateko"

Europako datu-espazioak funtsezkoak dira datuaren ekonomia bultzatzeko

Datuak funtsezko aktiboa dira enpresentzat. Egokiro prozesatuz gero, abantaila handiak sortzen dira lehiarako, bai erabakiak hartzeari begira, bai produktu eta zerbitzu berriak sortzeari begira, eta adimen artifiziala eta gisa horretako teknologiak erabiltzeko bidea jartzen dute. Datuak modu subiranoan partekatzea bermatzen duten teknologiak ezinbestekoak dira erakundeek informazioa partekatzeko estrategia propioak garatu eta bultza ditzaten.

Datu-espazioek siloen arteko informazio-truke segurua, fidagarria eta trazagarria planteatzen dute, eta, horretaz gainera, adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktibo berriak sortzen lagunduko dute, zeinak gai baitira informazio-substratu gero eta aberatsago eta askotarikoagoetatik ikasteko.

Adimen artifizialeko eredu horiek askotariko informazio-iturrietatik datozen datuen eskuragarritasunaz baliatuko dira, eta, kalitate-datuetatik abiatuta, patroiak topatzeko aukera emango dute, betiere erabilera- eta subiranotasun-baldintza ezagun eta egiaztagarriei jarraikiz.

Datu-espazioak

Datu-espazioak dira AI4ES sarearen I+Gko Agenda Estrategikoa osatzen duten lau helburu teknologikoetako bat. Datuan oinarrituriko teknologia gaitzaileen bikaintasun-sarea da AI4ES, eta TECNALIAk, ITI Informatikako Institutu Teknologikoak, CTIC Fundazioa zentro teknologikoak eta Eurecat zentroak osatzen dute.

Data Spaces Discovery Day ekitaldian eta halakoetan parte hartzea funtsezkoa da AI4ES sarea bide horretan jorratzen ari den lan-ildoak eta aurrerapenak ezagutarazteko, baita eragile garrantzitsuekin sinergiak ezartzeko ere.

TECNALIAren parte-hartzea Data Spaces Discovery Day ekitaldian

Digitalizazioaren arloan izandako aurrerapen teknologiko handia dela eta, enpresei beren gaitasunak hobetzen laguntzeko lan egiten du TECNALIAk, datu-espazioetan balioa sortzeko. International Data Spaces Association, BAIDATA, GAIA-X eta Big Data Value Association (BDVA/DAIRO) erakundeetako kide da TECNALIA.

Data Spaces Discovery Day jardunaldian, zenbait esparrutarako soluzioak landu zituzten —automobilgintza, ekoizpen industriala, turismoa, nekazaritzako elikadura eta mugikortasuna, kasu—.

  • Alberto Berreteaga TECNALIAren IDS Lehia Zentroaren koordinatzailea da, eta nazioarteko datu-espazioak nola inplementa daitezkeen azaldu zuen. Horretaz gainera, energia-sektoreko erabilera-kasuak ere erakutsi zituen.
  • Jesús M. Santamaría Teknologiako zuzendaria da TECNALIAko Unitate Digitalean, baita Gaia-X Españako Zuzendaritza Batzordeko kidea ere. Europako DATES proiektua azaldu zuen, zeinaren helburua baita turismo-datuen Europako espazioa diseinatzea (TECNALIA da proiektuaren koordinatzaile teknikoa), eta, era berean, turismorako eta hiri-mugikortasunerako datu-espazio bat eraikitzeko gakoak azaldu zituen.