“I+G+Baren euskal ekosistemako eragileen artean ezagutza trukatzeko eta lankidetzan aritzeko gune pribilegiatua"
TECNALIAk materialen zientziaren berrikuntza bultzatu du Materialen XVIII. Biltzar Nazionalean
TECNALIAko Prozesu eta Materialen negozio-arloko diziplina anitzeko ikertzaile-talde batek aktiboki parte hartu du Materialen XVIII. Biltzar Nazionalean (CNMAT 2026). Biltzarra materialen zientzia eta ingeniaritzaren alorreko erreferentziako foro nagusietako bat da.
Ekitaldi horretan, aleazio metaliko aurreratuen alorrean gure taldeek garatu dituzten azken aurrerapenak, soluzio berritzaileak eta ikuspegi estrategikoak ezagutarazi ahal izan dituzte.
Errendimendu handiko aluminio-aleazioaren diseinu konputazionala fabrikazio aditiborako.
Egindako ekarpenen artean, nabarmentzekoa da “Diseño computacional de aleación de aluminio de altas prestaciones para fabricación aditiva” aurkezpena (Errendimendu handiko aluminio-aleazioaren diseinu konputazionala fabrikazio aditiborako); TECNALIAren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU), IMH Campusen eta IKERBASQUEko ikertzaileen arteko lankidetza estuaren emaitza da.
- Aurkezpenean, fabrikazio aditiboko teknologietarako optimizatutako aluminio-aleazio berrien garapenera bideratutako diseinu konputazionaleko metodologia bat azaldu zen.
- Lortutako emaitzek agerian uzten dute tresna horiek ahalmena dutela material jasangarriagoak, prestazio mekaniko hobeak dituztenak eta industria-sektore zorrotzenen beharretara egokituak azkarrago garatzeko. Hala, industriaren lehiakortasunaren eta trantsizio jasangarriaren erronkei laguntzen diete.
Halaber, imanak birziklatzeari dagokionez, “Impacto de las condiciones de operación en el reciclado de imanes permanentes NdFeB mediante procesos pirometalúrgicos” izeneko lana aurkeztu zen (Operazio-egoeren inpaktua NdFeB iman iraunkorrak prozesu pirometalurgikoen bidez birziklatzean).
- Aurkezpenean, potentzia handiko plasma-teknologiaren bidez imanak tratatzeko erabiltzen diren erreaktoreak eta prozesuaren egoerak zehaztu ziren (HPTP by TECNALIA). MAGELLAN proiektuaren esparruan (Horizon Europe Project 101138260) egin zen lan hori.
Azkenik, "Desarrollo de un nuevo método analítico para la determinación de las etapas y mecanismos de desgaste aplicado a la aleación de inyección AlSi9Cu3” hitzaldia eman zen (AlSi9Cu3 injekzio-aleazioaren higadura-etapak eta -mekanismoak zehazteko metodo analitiko berri bat garatzea). TECNALIAren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Mondragon Unibertsitatearen arteko lankidetzaren emaitza da.
- Bertan, higadura-seinalearen deribazioan oinarritutako metodologia analitiko baten berri eman zen. Metodologia horrek Ball-on-Disc saiakuntzen interpretazioa hobetzen du, higadura-etapa eta -mekanismo desberdinak objektiboki identifikatzeko aukera ematen baitu. Ikerketak etorkizuneko monitorizazio- eta analisi prediktiboko tresnetarako oinarriak finkatzen ditu.
Azken buruan, kongresua gune pribilegiatua izan zen ezagutza trukatzeko, I+G+Baren euskal ekosistemako eragileen arteko lankidetza sendotzeko eta material aurreratuen arloan elkarrekin ikertzeko aukera berriak identifikatzeko.
