“Ekipo elektronikoen fabrikatzaileen bateragarritasun elektromagnetikoko (EMC) beharrei erantzuten die azpiegitura horrek”
Ekipo elektronikoak garatzeko eta baliozkotzeko funtsezko azpiegitura bat
Gure ganbera erdianekoikoa berritu dugu Derioko Bateragarritasun Elektromagnetikoko laborategian (EMC). Funtsezko azpiegitura da ekipo elektroniko seguruak eta jasangarriak garatzeko, eta nazioarteko estandarrak betetzeko.
2000. urtean inauguratu zen, eta teknikoki sakon eguneratu da ganbara. Besteak beste, azken belaunaldiko estaldura berri bat du orain, irrati-maiztasuna xurgatzen duena. Aurrerapen teknologiko horri esker, 6 GHz-rainoko EMC saiakuntzak egin ditzakegu interferentziarik gabeko ingurune pantailatu batean. Horrela, produktu elektronikoak merkaturatu aurretik baliozkotzeko baldintza optimoak bermatu ditzakegu.
Arauak betetzen direla eta gailuak fidagarriak direla ziurtatzen dugu
Berritutako azpiegiturak gune kontrolatu bat du, egoera errealak simulatzeko balio duena. Bertan, ekipoaren portaera elektromagnetikoa erabilera-baldintza errealetan ebaluatzeko aukera dago.
Ingurune hori funtsezkoa da araudia betetzen dela ziurtatzeko, gailuen fidagarritasuna hobetzeko eta merkatuko produktuen jasangarritasunari eta segurtasunari laguntzeko.
Bateragarritasun elektromagnetikoko zerbitzuen (EMC) eskaintza zabala dugu
TECNALIAk eskaintzen duen EMCko zerbitzuen eskaintza zabalaren barruan sartzen da berrikuntza hori. Eskaintza horretan sartzen dira, halaber, Faraday kaiolak, saiakuntzak nazioarteko arau askoren arabera egiteko balio dutenak.
Gune horretan, sektore askotako gailu elektronikoak probatzen dira, baina arreta berezia ematen zaio energia-sektoreari. Saiakuntza-gaitasun berriak gehitu baitizkiogu sektore horri erreparatuta, adibidez, uhin oszilatzaile moteldu azkarraren proba, zeina funtsezkoa baita arlo horretako ekipoetarako.
Adituen laguntza dugu estandar zorrotzenak betetzeko
Bateragarritasun Elektromagnetikoko (EMC) saiakuntza-instalazioak berritzeko, sektoreko aditu eta kolaboratzaile garrantzitsuen laguntza izan dugu.
Wavecontrolek eta GR EMC SOLUTIONSek EMCko instalazioetan eta saiakuntza-soluzioen hornikuntzan duten esperientziarekin lagundu digute; ETS-Lindgrenek, TECNALIAko ganbera erdianekoikoaren fabrikatzaileak, eta Seibersdorf Laboratoriesek, ingurune konplexuetako baliozkotze teknikoetan espezialistak, berriz, soluzioaren diseinuan, inplementazioan eta baliozkotze ofizialean parte hartu dute. Lankidetza horiei esker kalitatea, doitasuna eta estandar zorrotzenak betetzea ziurtatu ahal izan da.
Ekipo elektronikoen fabrikatzaileen beharrak asetzen ditugu
Azpiegitura berritu honekin, TECNALIAn berrikuntza- eta zerbitzu-etapa berri batean sartu gara. Egun, abangoardiako teknologia dugu industriaren eta ekipo elektronikoen fabrikatzaileen beharrei erantzuteko, eta saiakuntza-ingurune fidagarria, zehatza eta oso espezializatua eskaintzen diegu.
