TECNALIAk Europako Ebaluazio Teknikoa eman die Aludecor panelei

    2026ko maiatzaren 5a

    Fachada-panel-aluminio-TECNALIA.jpgFachada panel aluminio TECNALIA

    «Eraikuntzako produktuen prestazioak ebaluatzeko beharrezko gaitasun teknikoa eta akreditazioa ditugu»

    CE marka lortzeko prozesuan laguntzen dugu, eta, hori eginaz, berrikuntza sustatzen dugu eraikuntzaren arloan

    TECNALIAk ETA 25/0634 Europako Ebaluazio Teknikoa igorri du Aludecor Firewall A2 eta Aludecor Firewall B paneletarako. Bi panelok soluzio aurreratua dira konposite metalikozko panelen (thin metal composite sheet - TMCS) produktu-familiaren baitan.

    Ebaluazio hau EAD 210046-00-1201 ebaluazio-dokumentuaren arabera egin da, eta inguratzaile eta elementu arkitektonikoen eskakizun altuei erantzuteko diseinatutako eraikuntzako produktuen fidagarritasuna, segurtasuna eta kalitatea areagotzen ditu.

    Ebaluazio Teknikorako Europako Erakundeko (European Organisation for Technical Assessment – EOTA), kide gisa,eraikuntzako produktu berritzaileen prestazioak ebaluatzeko eta haiek CE markaketari egokitzen zaizkiola ziurtatzeko beharrezko gaitasun teknikoa eta akreditazioa ditu TECNALIAk.

    ETAk produktuaren oinarrizko ezaugarriei buruzko ezinbesteko informazioa ematen dio fabrikatzaileari, baita prestazioen iraunkortasunaren ebaluazio- eta egiaztapen-sistema (EVCP) behar bezala aplikatzeko beharrezko xehetasunak ere.

    Eraikuntzarako produktu berritzaileen ebaluazio teknikoak egiten ditugu

    TECNALIAk ebaluatutako Aludecor panel berriak aluminiozko aleaziozko bi geruza metalikoz osatuta daude. Geruza horiek karga minerala duen nukleo polimeriko bati lotuta daude itsasgarri bidez. Nukleoaren osaketan, karga mineralaren ehuneko altua dago, eta ehuneko hori desberdina da bi modeloetan; Aludecor Firewall A2 panelen karga minerala % 90 edo altuagoa da.

    Bi produktuak prozesu automatizatu jarraitu bidez ekoizten dira, Aludecorrek Haridwarren (India) dituen fabriketan, eta lodiera- eta tamaina-konbinazio askotan daude eskuragarri.

    Suarekiko erreakzioaren ebaluazioak edo erresistentzia mekanikoko ebaluazioak egiten ditugu

    TECNALIAren laborategietan ETArako ebaluatutako ezaugarrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

    • Suarekiko erreakzioa: produktuek suarekiko duten erreakzio-portaera aztertu da.
    • Erresistentzia mekanikoa: hainbat propietate aztertu dira, EADn adierazitakoaren arabera; besteak beste, aurpegiekiko perpendikularra den trakzioarekiko erresistentzia, flexioarekiko portaera hiru eta lau puntuko proba-konfigurazioetan eta bihurdura bidez azala kentzearekiko erresistentzia.

    Halaber, ETAk instalaziorako, mantentze-lanetarako eta erabilerarako jarraibideak ematen ditu, baita jarraibide horiek fatxadetan, partizioetan, sabaietan, betetze-paneletan eta orientazio- eta informazio-sistemetan aplikatzeko eskakizun espezifikoak ere.

    TECNALIAk, Europako Ebaluazio Teknikoei lotutako EVCPko zereginetarako 1.292. erakunde jakinarazi gisa, Haridwarreko (India) ekoizpen-kontrola egiaztatzen du, ekoizpen-baldintzak mantentzen direla bermatzeko eta ETAn ebaluatutako produktuen CE markaketa ahalbidetzeko.

    Ezagutza teknikoa eta araudiari buruzkoa ematen ditugu Europako Ebaluazio Teknikoen garapenean

    TECNALIAko adituen talde zabalak ezagutza sakona du, bai teknikoa, bai araudiari buruzkoa. Horri eta eraikuntza-laborategien gaitasunei esker, diziplina anitzeko ikuspegia eskaintzen dugu, bai Europako Ebaluazio Dokumentuak egiterakoan, baita Europako Ebaluazio Teknikoak egiterakoan ere.

    Zeharkakotasun horrek TECNALIA solaskide aparta bihurtzen du CE marka lortzeko prozesuaren laguntzaile gisa. Marka horren bidez, eraikuntzako produktu berritzaileekiko konfiantza eta haien zirkulazio librea sustatzen ditu Europar Batasunean, Europako Esparru Ekonomikoan eta Suitzan.