Berria

Teknologia eta joera berriak elikadura osasungarrian

2022ko apirilaren 27a
Izaskun Marañon e

"Elikadura-osagarriak eta nutrizio-balio handiko elikagaiak garatzea da TECNALIAren helburu nagusietako bat, betiere tokiko biodibertsitatetik abiatuta"

TECNALIAk Iberoamerikarako elikaduraren esparruan duen eginkizuna nabarmendu du Izaskun Marañón lankideak ALIBER topaketetan

Joan den apirilaren 6an, Aliber elikagaien sektoreko berrikuntzaren erreferentziazko ekitaldiak zenbait jardunaldi egin zituen Alimentaria 2022 azokan. Ekitaldi horretan, TECNALIAk enpresa iberoamerikarrekin egiten duen lana ezagutarazi zuen gure lankide Izaskun Marañónek. Hala, «Berrikuntza-proiektuak Iberoamerikako elikadura-industriarekin» izeneko hitzaldia eskaini zuen Iberoamerikarekin antolaturiko berrikuntza-jardunaldian.

TECNALIAren elkarlana Iberoamerikako enpresekin

Aurkezturiko arrakasta-kasuen artean, nabarmentzekoak dira Mexikon eginiko lanak, pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea zaintzearekin eta hobetzearekin lerrokatutako produktu berritzaileak lortzeko; esate baterako, bertako landare eta frutekin eginiko infusio natural eta funtzionalak; farmazia-erabilerarako kapsaizina lortzea eta garbitzea; edo funtsezko proteina, bitamina eta beste mantenugai batzuekin aberastutako elikagaiak formulatzea, Mexikoko dietan nutrizio-balioa hobetzeko.

Horretaz gainera, saio horretan bertan, NUTRICAM proiektua aurkeztu zuten, CARINSA Taldeko PAYMSA etxeak Mexikoko Core Food Solutions enpresarekin batera gidatua. Izkirak elikatzeko nutrizio-balio handiko osagaiak garatzea da ekimen horren helburua, eta TECNALIAk bakterio probiotikoak kapsulatzeko prozesuak garatzen lagundu du.

Fresh Business etxeko CEO Pedro Prieto doktoreak TECNALIArekin izaniko lankidetza izan zuen hizpide, eta, zehazki, Peruko deshidratatu organikoen belaunaldi berri bat aipatu zuen, NXTDRIED, baita haren nutrizio-balio handia ere.

Azken buruan, elikadura-osagarriak eta nutrizio-balio handiko elikagaiak garatzea da TECNALIAren helburu nagusietako bat, betiere tokiko biodibertsitatetik abiatuta eta merkatu bakoitzaren gustu eta beharretara egokituta, eta, horri esker, gure bezeroen hazkundea bultzatzea eta gizartean eragin positiboa lortzen saiatzea.