"Telefónica, Würth España eta QCentroidekin batera garatutako soluzioak eraginkortasun logistikoa areagotzen du"
Konputazio kuantikoak ingurune industrial errealetan daukan balioa frogatu du
Telefónica, Würth España eta QCentroidekin batera garatutako soluzioak kartoiaren kontsumoa eta garraiatutako bolumena murrizten ditu, baita eraginkortasun logistikoa areagotu ere.
Konputazio kuantikoa industriarako emaitza nabarmenak ematen ari da dagoeneko. Testuinguru horretan, TECNALIAk konputazio kuantikoan eta adimen artifizialean oinarritutako optimizazio logistikoko soluzio berritzaile bat garatu du Teléfonica, Würth España eta QCentroidekin batera.
- Ekimena Teléfonicaren Javier Echenique Teknologia Kuantikoetako Talentu eta Teknologia Zentroan egin da, Bilbon. Soluzioa Würth Españak Agoncillon, Errioxan, daukan zentro logistikoan aplikatu da, eta zentro hori halako teknologia emergenteen gaitasuna baliozkotzeko ingurune industrial garrantzitsuenetariko bat da.
- Helburua logistika modernoaren erronka nagusietako bati aurre egitea izan da: kaxetan dauden produktuen banaketa optimizatzea, horren bidez eragiketa-kostuak, materialen erabilera eta garraioari lotutako ingurumen-inpaktua murrizteko.
Erronka logistiko konplexu bat ebazteko algoritmo hibridoa
TECNALIAk algoritmo hibrido klasiko-kuantiko baten garapena gidatu du. Algoritmo horrek hiru dimentsioko paketatze-arazoa edo 3D Bin Packing Problem lantzeko aukera ematen du, zeina kudeaketa logistikoko optimizazio-erronka konplexuenetako bat den.
Soluzioa milaka erreferentzia industrial heterogeneoz (besteak beste, torlojuz, barautsez, eskularruz, urratzailez eta burdindegiko beste produktu batzuez) osatutako online-eskaeretan aplikatu da. Sistemak dinamikoki kalkulatzen du zenbat kaxa erabili behar diren, baita erabilgarri dauden tamainen artean konbinazio optimoa zein den ere, eta eskaera bakoitzaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen da.
Konputazio kuantikoaren, adimen artifizialaren eta optimizazio-algoritmo aurreratuen konbinazioari esker, emaitza esanguratsuak lortu dira industria-ingurune erreal batean, eta arkitektura hibridoek konplexutasun handiko erronkei erantzuteko duten gaitasuna frogatu da.
Emaitza neurgarriak eraginkortasunean eta jasangarritasunean
Fase pilotuan 6.000 eskaera baino gehiago aztertu ziren, eta hobekuntza esanguratsuak lortu ziren:
- % 14ko hobekuntza paketatzearen kalitatean.
- % 3ko murrizketa erabilitako kaxa-kopuruan.
- % 7ko murrizketa garraiatutako bolumenean.
- % 6 baino gehiagoko murrizketa kartoiaren kontsumoan.
Aurrerapen horiek eraginkortasun operatiboa hobetzen dute, baita enpresaren jasangarritasun-helburuak betetzen lagundu ere. Izan ere, baliabideen kontsumoa murrizten du eta prozesu logistikoak optimizatzen ditu.
Konputazio kuantikoa industrian txertatzeko aurrerapausoa
Lankidetza honen bidez, teknologia kuantikoak inpaktu erreala daukaten aplikazioen bidez laborategitik enpresa-ehunera eramateko egiten duen apustua indartzen du TECNALIAk. Lortutako emaitzek erakusten dute konputazio kuantikoa konputazio klasikoaren gaitasunen osagarri izan daitekeela optimizazio industrialeko arazo konplexuak ebazteko, baita lehiakortasunari, eraginkortasunari eta jasangarritasunari lotutako onura nabarmenak lortzeko ere.
Gainera, esperientzia honek ateak zabaltzen dizkio gaitasun horiek beste esparru batzuetan aplikatzeari; adibidez, logistika aurreratuan, eragiketen plangintzan, hornikuntza-kateen kudeaketan eta optimizazio intentsiboa eskatzen duten beste prozesu batzuetan.
