"TETSUOk lehiaketako eta triatloiko bizikletetarako luzapen aerodinamikoak egiten ditu"
Tortsioko, nekeko eta haustura-kargako saiakuntzak egiten ditugu Materialen Ingeniaritzako geure laborategietan
Tortsioko, nekeko eta haustura-kargako saiakuntzen bidez, TETSUOk lehiaketako eta triatloiko bizikletetarako egiten dituen luzapen aerodinamikoen erresistentzia, iraunkortasuna eta segurtasuna ebaluatu ditugu.
Lehiaketako txirrindularitzaren eta triatloiaren bilakaerak gero eta osagai arinago, eraginkorrago eta aerodinamikoagoak garatzea bultzatzen du. Hala ere, goi-mailako kirol-errendimendua lortzea ez da nahikoa: elementu horiek, gainera, erakutsi behar dute gai direla lehiaketako eta entrenamenduko milaka kilometrotan izango dituzten erabilera-baldintza zorrotzak jasateko.
- Testuinguru horretan, TECNALIAren Materialen Ingeniaritzako lantaldeak karakterizazio mekanikoko kanpaina bat egin du TETSUO enpresarentzat, zeina errendimendu handiko txirrindularitza-osagaiak merkaturatzen espezialista eta luzapen aerodinamikoen banatzailea baita.
- Txirrindulariei eta triatletei alor hauetan laguntzeko diseinatu dira sistema horiek: bizikleta gainean duten posizioa optimizatu, eraginkortasun aerodinamikoa hobetu eta lehiaketako errendimendua ahalik gehien handitu.
Erronka: karga handien eraginpean dagoen osagai baten segurtasuna eta fidagarritasuna bermatzea
Luzapen aerodinamikoak elementu kritikoa dira lasterketako eta triatloiko bizikletetan; izan ere, jarrera optimizatu bat hartzeko aukera ematen dute, aire-erresistentzia murrizte aldera eta kirol-errendimendua hobetze aldera.
Baina hobekuntza aerodinamiko horrek berekin dakar osagaiak etengabe jasan behar izatea bai kirolariaren pisua eta bai bibrazio, inpaktu eta ahalegin errepikakorrak, eta lotura- eta ainguratze-eremuen osotasunean eragin dezakete.
Hori dela eta, TETSUOk bere produktuen segurtasuna, erresistentzia eta iraunkortasuna baliozkotu behar ditu merkaturatu aurretik, bai eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutela egiaztatu ere.
Soluzioa: saiakuntza mekanikoen kanpaina bat, produktura egokitua
TETSUOren beharrari erantzuteko, TECNALIAren Saiakuntza Mekanikoen Laborategiko adituek karakterizazio-kanpaina bat diseinatu eta gauzatu dute, arau honek ezartzen dituen baldintzetan oinarrituta: UNE-EN ISO 4210-5:2023 “Zikloak. Bizikletentzako segurtasun-baldintzak. 5. atala: Direkzioaren saiakuntza-metodoa”.
Egindako lanetan, honako proba hauek sartzen dira:
- Tortsio-segurtasuneko saiakuntza, arauaren 4.8 atalaren arabera.
- Eskuleku-potentzia multzoaren neke-saiakuntza, 4.9 atalaren arabera.
- Haustura-kargako saiakuntza, hornitzaileak definitutako espezifikazio teknikoen arabera.
Horretarako, eskulekuak eta luzapen aerodinamikoak osatutako multzoaren mekanizatu eta muntaketa espezifikoa egin du TECNALIAk, eta erabileran izan daitezkeen baldintzarik zorrotzenak erreproduzitzeko gai den saiakuntza-konfigurazio bat garatu du.
Tortsio-segurtasuneko saiakuntzan, 300 N-eko indar bertikala aplikatu zaio luzapenari besarkagailu eta finkatzeko elementuetan tortsio-momenturik handiena sortzen duen posizioan, eta, horrela, sistemaren ahalmena ebaluatu da muturreko baldintzetan egitura-osotasuna mantentzeari dagokionez.
Multzoa, ondoren, neke-saiakuntza baten eraginpean jarri da, zeinean karga errepikatuko 100.000 ziklo aplikatu baitira, osagaiak errepidean eta lehiaketan etengabe erabiltzean jasaten dituen ahaleginak erreproduzitzeko.
Azkenik, hautsi arteko kargako saiakuntza bat egin da, egituraren mugako portaera eta ainguratze-sistemen erresistentzia-ahalmena zehazteko.
Produktua baliozkotzeko eta hobetzeko informazio garrantzitsua
Lortutako emaitzei esker, TETSUOk bere luzapen aerodinamikoen portaera mekanikoari buruzko datu objektiboak eskuratu ditu, eta horrek diseinua baliozkotzen, hobetzeko aukerak identifikatzen eta aplikatu beharreko araudiak ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen laguntzen dio.
Gainera, erabilera errealaren adierazgarri diren karga-baldintzetan produktuak nola erantzuten duen ebaluatu da kanpainan, eta horrek konfiantza ematen die hala banatzaileari nola azken erabiltzaileei segurtasunaren, fidagarritasunaren eta errendimenduaren aldetik.
Leyner Useda TECNALIAko Saiakuntza Mekanikoen Laborategiko arduradunak argitu duenez, "baliozkotze esperimentala funtsezko urrats bat da errendimendu handiko txirrindularitzarako osagaiek arintasuna, funtzionaltasuna eta segurtasuna uztartzen dituztela bermatzeko. Saiakuntza horien bidez, erabilera-baldintza errealak erreproduzitu ahal izan ditugu, eta bezeroari informazio fidagarria eman diogu bere produktuaren portaera baliozkotzeko eta merkaturatzea berme handiagoz babesteko".
TECNALIA, materialak eta osagaiak baliozkotzeko aliatu teknologikoa
Materialen Ingeniaritzako gure laborategien bitartez, TECNALIAk saiakuntza-, karakterizazio- eta baliozkotze-zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu industria-sektore askotako material, osagai eta produktuentzat. Gure gaitasunekin, egituren eta sistemen portaera mekanikoa ebaluatzen ditugu, indarrean dagoen araudia betetzen dela egiaztatzen dugu eta produktu berriak garatzearekin lotutako arriskuak murrizten ditugu.
Geure ezagutza espezializatua, ekipamendu aurreratua eta nazioarteko araudia aplikatzeko esperientzia baliatuz, merkatura iristeko soluzio seguruagoak, fidagarriagoak eta lehiakorragoak garatzen laguntzen diegu enpresei.
