Prentsa-oharra

200 aditu baino gehiago bildu ziren Bilbon, sare elektrikoen etorkizuna aztertzera

2019ko urriaren 8a

Sare elektrikoak garatzea ezinbestekoa da energia berriztagarriak sustatzeko eta, energiaren eta elektrizitatearen kudeaketako paradigma berrian, trantsizio energetikoa efizientea izan dadin

2019ko urriaren 8a Sare elektrikoak energia-sistemaren bizkarrezurra dira, eta funtsezkoak trantsizio energetikoa efizientziaz egiten dela bermatzeko. Testuinguru horretan, 200 aditu baino gehiago bildu ziren Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVI. Jardunaldian, Bilboko Euskalduna Jauregian, urriaren 2an eta 3an, eta, ikuspegi askotatik heldu zieten hainbat gairi: sare adimendunak kontsumoaren elektrifikazioaren sektorean (ibilgailu elektrikoak, berokuntza, etab.) eta beste sektore batzuetan izaten ari diren garapen garrantzitsua; baliabide energetiko banatuen kudeaketako malgutasun-zerbitzuen garapena, eta sareen digitalizazioa (hala nola datuen tratamendua eta zibersegurtasuna).

Energiaren Euskal Erakundeak, Orkestra - Lehiakortasunerako Euskal Institutuak eta TECNALIAk antolatutako jardunaldi horien helburua izan da, oro har, zenbait herrialde eta esparrutako adituak eta ikertzaileak elkartzea, aukera izan zezaten ideiak trukatzeko eta sektore elektrikoko teknikaren eta aurrerapenen egoeraz hitz egiteko. Topaketan, arreta berezia jarri zitzaion sare elektrikoek trantsizio energetikoan duten paper garrantzitsuari, araudiarekin erlazionatutako gaiak analizatu ziren, eta beste herrialde batzuetan sareek duten etorkizunarekin erlazionatutako alderdi garrantzitsuenak aztertu.

Lehen eguna: sareen digitalizazioa eta elektrifikazioa

Jardunaldiak urriaren 2an inauguratu zituzten, 9:30ean, Iván Martén Orkestrako zuzendariak, Alex Belaustegi TECNALIA lehendakariordeak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu eta Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) lehendakariak.

Ondoren, eguneko lehen saioa egin zuten, non trantsizio energetikoak sare elektrikoetan izango duen eragin handia aztertu baitzen, Europako testuinguruan eta nazioartekoan. Susana Bañares REEko sare elektrikoen zuzendaria izan zen moderatzailea, eta parte-hartzaileak, berriz, hauek: Stephanie Bashir, NEXA Advisoryren fundatzailea (Australia); Vahan Gevorgian, National Renewable Energy Laboratory – NRELeko sareen integrazioaren arduraduna (AEB); Kwawu Mensan Gaba, Munduko Bankuko energiako espezialista, eta Ana Mozos, Iberdrola Brasilgo sare adimendunen eraldaketa digitaleko zuzendaria. Aditu-talde horrek analizatu zuen zer erronka eta funtsezko ondorio dituen elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko gaur egungo negozio-ereduetatik sare elektriko adimendunetan oinarritutako negozio-eredu berrietarako trantsizioak. Energia-hornikuntzako enpresentzat, hori da erronka nagusia, mundu mailan; bilakaera horretan, teknologia eta prozesu berriak barneratu beharko dira pixkanaka eta, aldi berean, negozio-estrategiak goitik behera aldatu.

Beste mahai-inguru bat egin zen gai berari buruz, parte-hartzaile hauekin: Robert Denda, ENELeko teknologia berrietako eta berrikuntzako zuzendaria; Carmen Gimeno, GEODEko idazkari nagusia; Phillip Nicholson, Nazioarteko Merkataritzako Departamentuko sare elektrikoetako espezialista (Erresuma Batua); Manuel Sánchez-Jiménez, Europako Batzordeko sare elektriko adimendunen zuzendaria, eta Johannes Uhl, Alemaniako Nazioarteko Lankidetzarako Elkarteko (GIZ) proiektu-zuzendaria. Jorge Fernández Gómez Orkestrako energia-laborategiaren koordinatzailea izan zen mahai-inguru honen moderatzailea.

Sare adimendunak garatzen ari direnez, energia-sistema gero eta digitalizatuagoa dagoenez eta energia-kontsumoaren elektrifikazioa gero eta handiagoa denez, teknologia berritzaile eta adimendunen sorta zabal bat hedatu beharra dago. Industriaren eskaintza teknologikoa produktu digitalen zerrenda baterantz aldatzen ari da, eta, zerrenda horretan, funtsezkoak dira IKTak sareen errendimendua hobetzeko eta baliabide energetiko banatuak hedatzen eta negozio-eredu berriak garatzen laguntzeko. Ekipo elektrikoen nazioarteko fabrikatzaileen maila goreneko ordezkariek, saio honetan, beren ikuspegia azaldu zuten eraldaketa horren ondorio teknologikoei buruz, eta azaldu zuten beren ustez nola lagunduko duten beren produktuek eta soluzioek energia-hornidura, pixkanaka elektrifikatzen ari dena, lortzen. Saio honetan, Pedro Mier AMETICeko presidentea izan zen moderatzailea eta hizlariak, berriz, hauek: Rafael Ángel Bago Sotillo, Schneider Electriceko Smart Metering Globaleko lehendakariordea; Eduardo Jaureguibeitia, Aclara Meterseko sistema-ingeniaria; Pablo Jiménez Canencia, ABBko eraldaketa digitalaren zuzendaria; José Miguel Yarza, ZIV I+Dko zuzendari nagusia, eta Markku Suvanto, Siemenseko energia eta sare adimendunetako zuzendaria.

Eten baten ondoren, hirugarren mahai-ingurua egin zen, eta Enrique Monasterio Energiaren Euskal Erakundeko berrikuntza-zuzendariak moderatu zuen. Bertako aditu batzuek, beren ikuspegia emanez, azaldu zuten sare elektrikoetarako teknologia berriei esker nola ari den digitalizatzen eta elektrifikatzen gure gizartearen garapen gero eta handiagoaren ondorioz sortzen den energia-eskaera. Aditu hauek parte hartu zuten mahai-inguruan: Aitor Arzuaga, IBILeko zuzendari nagusia; Roberto Ortiz de Zarate, Arteche Taldeko I+Gko zuzendaria; José Mª Torres, Ormazabaleko sare adimendunen zuzendaria, eta Alberto Guerrero, Ingeteam taldeko CTOa. 

Bigarren eguna: merkatua eta merkatuaren eragile berriak

Urriaren 3ko saioari hasiera emateko hitzaldia Inés Romero ABBko eskualde-zuzendariak eman zuen. Goizean zehar, banaketa-negozioak Espainiako trantsizio energetikoan duen paper garrantzitsua izan zen aztergai. Ángel Díaz Gallo TECNALIAko sare adimendunen zuzendariak moderatu zituen Luis Álvarez, EDP Españako banaketa-zuzendaria; Nicolás Arcauz, Iberdrola Distribución Eléctricako (i-DE) sare adimendun globalen zuzendaria; Leonardo Hervás, CIDEko zuzendari nagusia; Manuel Sánchez, Viesgoko azpiegituren zuzendari nagusia, eta Raúl Suárez, Naturgyko Espainiako elektrizitate-sareen zuzendaria.

12:00etan, azkenik, jardunaldietako azken taldea aritu zen, malgutasun-merkatuek eta eragile eta zerbitzu berriek (agregatzaileek eta prosumitzaileek) energia-kudeaketaren paradigma berrian duten funtsezko papera hizpide hartuta.

Sare elektrikoak gero eta adimendunago bihurtu ahala eta baliabide energetiko banatuak areagotu ahala, utilityek zerbitzu malguagoak eskatzen dituzte energia-hornikuntza segurua eta eraginkorra bermatzeko. Baliabide energetiko banatuek tokiko eskalan eman behar dituzte sare-zerbitzuak eta energia-sistemak malguagoak izatea lortu behar dute; karbono-emisiorik gabeko energia-hornidura baten ondoriozko eragiketa-aldaketei aurre egiteko gai izan behar dute. Eragile berriek, hala nola prosumitzaileek eta agregatzaileek, funtsezko papera izango dute etorkizunean energiaren hornidura-katean, non etorkizun oparoko negozio-ereduak autokontsumoan, eskaerara egokitzean eta halakoetan oinarrituko baitira. Hugo Lucas IDAEko Trantsizio Energetikoaren lege-esparruaren arduradunak moderatuta, hauek hartu zuten parte eztabaidan: Pedro Basagoiti, OMI – Polo Español (OMIE) konpainiako merkatu-zuzendaria; Alicia Carrasco, ENTRA (Asociación de los Agentes y Empresas Eléctricas y de Servicios Energéticos) elkarteko zuzendari exekutiboa; James Johnston, Piclo Flexeko CEOa eta sortzaileetako bat (EB); Mehdi Madani, N-SIDEko sare adimendunetako eta merkatuetako aholkularia (Belgika), eta Martin Möller, Innogy SEko tokiko eta nazioarteko merkatuetako zuzendaria (Alemania).

Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVI. jardunaldiari amaiera emateko ekitaldian, hauek parte hartu zuten: Javier Marqués, EEEren zuzendari teknikoa; Jorge Fernández, energia-laborategiaren koordinatzailea; eta Luis Pedrosa, TECNALIAko Energia eta Ingurumeneko zuzendaria. Haiek bat etorri ziren esatean sare elektrikoak gakoa izango direla deskarbonizazioko eta energiaren deszentralizazioko helburu desiratuak lortzeko eta, aldi berean, trantsizio energetiko eraginkorra ziurtatzeko; baina, horretarako, asmo handiko erronkak dituzte, eta teknologiak asko lagundu dezake erronka horiek gauzatzen.

Sistema energetikoa aldatzen ari diren garapen teknologikoko adibide batzuk ikusi dira kongresuan. Teknologia digital berriei esker, sareen eraginkortasuna eta energiaren kalitatea handitu daitezke, energia berriztagarrien integrazioa areagotu, eta sare elektrikoak deszentralizatu. Teknologia horiek aukera ematen ari dira eragileen arteko interakzio- eta integrazio-modu berriak garatzeko; eragile horien artean ez ditugu ahaztu behar agregatzaileak, ez eta azken erabiltzaileak ere, haien papera erabat aldatzen ari baita: kontsumitzaile huts izatetik ekoizle eta kontsumitzaile izatera pasatzen ari dira.

Mahai-inguruetan, produktu berritzaileak eta maila teknologiko oso altuko zerbitzuak aurkeztu dira; etorkizun oparoa dugun seinale. Hedapen teknologikoak onura garrantzitsua ekarriko dio industriari, eta honelako kongresuek topaketarako foroak sortzen dituzte, ideiak trukatzeko eta sektore elektrikoko teknikei eta azken aurrerapenei buruz eztabaidatzeko; horretaz gain, gune egokiak dira Smart Grids-en esparruan teknologia oinarri duten negozio-aukerak identifikatu eta garatzeko elkarrekin.

Informazio gehiago hemen: https://jieec.com/ 

Energiaren Euskal Erakundeari buruz

Eusko Jaurlaritzak 1982an sortu zuen Energiaren Euskal Erakundea (EEE), eta energia-politikaren oinarriak ezarri zituen. Energia-efizientzian, gure energia-iturriak dibertsifikatzean eta energia berriztagarriak sustatzean oinarritu dira, garrantzia garaiaren araberakoa izanik. Ordutik, Energiaren Euskal Erakundea energia-agentziak garatzen ditu Gobernuan definitutako politikekin bat datozen proiektuak eta ekimenak.

www.eve.eus

Orkestrari buruz

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua Deustuko Unibertsitatearen ekimen bat da, Deusto fundazioaren bidez gauzatua, lehiakortasuna eta lurralde-garapena aztertzeko bere ikerketa-laborategietan, hiru helbururekin: (1) Euskadiko lehiakortasuna hobetzen laguntzea; (2) herritarren ongizatea hobetzea sustatzea; (3) ezagutza sortzea eskualde-lehiakortasunaren arloan.

www.orkestra.deusto.es

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com