Prentsa-oharra

60 enpresarekin baino gehiagorekin dago TECNALIA BIEMH22 azokan

2022ko ekainaren 16a
TECNALIA en la BIEMH22 en más de 60 empresas expositoras

Erakusketan proiektu berriak dituzten 60 enpresarekin baino gehiagorekin dago TECNALIA BIEMH22 azokan, eta lekua bikoiztu du, industria-enpresa berria erakusteko

  • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak enpresei hurbiltzen die industriaren bilakaera, eta erreferentziako bazkide gisa posizionatzen da jada ezarrita dauden eta eragin ekonomikoa eta soziala duten soluzioen bidez.
  • TECNALIAk ia 300 metro koadroko stand bat jarri du BIEMH22 azokan, industria-enpresa berriaren barruko funtsezko lan-eremuen bilakaera erakusteko, punta-puntako 20 garapenen bidez
  • Elementu berezi eta nabarmen gisa, industria-sektoreko lau hankako robot aurreratuena erakutsiko du, zeinak mugikortasun-ahalmenak eta ingurunearen ezagupen adimenduna baititu.
  • Erakusgai dauden garapenek hainbat teknologia dituzte txertatuak: robotika mugikorra eta lankidetzakoa; denbora errealeko ikuskapena, 3D ikuspenaren bidez; interfaze intuitiboagoak dituzten aplikazioak, datuen analisi prediktiborako; logistika-edukiontzi adimendunak; elektronika inprimatuko soluzio patentatuak; eta errealitate birtualeko eta areagotuko tresnak, industria-inguruneekin elkarreraginean aritzeko, desplazamendu-beharrik gabe.
  • Ekoizpen-eremu bat erakusten da, non fabrikazioa hainbat eskakizunetara egokitzen baita roboten eta plataforma mugikorren bidez, modu adimentsuan elkarrekin koordinaturik eta elkarreraginean daudela

2022ko ekainaren 14a. Duela hamar urte baino gehiagotik hona, TECNALIA da fabrikazio adimenduneko soluzioei dagokienez Europan erreferentzia den ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa. Enpresen eta gizartearen beharrei erantzuna emateko modu berrien bilaketan, zentroa lider sendoa da ikuspegi multiteknologiko eta multisektorial batetik soluzioak ezartzen. Hori guztia, bi alderditan eragitea izanik helburu: ekonomia eta gizartea.

Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren aurtengo edizio luze itxarondako honetan —lau urtez egin gabe egon da—, TECNALIAk enpresekin batera agertoki berri batean ikasitako guztia erakutsi nahi du, zeinean enpresek beren burua berrasmatu behar izan baitute, ez bakarrik lehiakortasunari eusteko, baita haien erresilientzia sendotzeko ere.

Lau urte hauetan, TECNALIAk % 15 baino gehiago handitu du industria-enpresekin izan duen jarduera-bolumena, eta horren erakusgarri da, halaber, % 30 baino gehiago handitu duela proiektu eta lankidetzetan kide izan dituen enpresa-kopurua (haien % 75 ETEak dira).

Testuinguru horretan, hemen dugu berriz makina-erremintaren sektoreko nazioarteko hitzordu garrantzitsuena. Hartan, TECNALIAk ia 300 m2 -ko stand batean jarri ditu industria-enpresa berriaren ingurukoak, industria berri horren garapena erakusteko. Hala, aurreko edizioekin alderatuta, espazio fisikoa bikoiztu egin du, konpromisoa eta uste osoa baitu orain inoiz baino une egokiagoa dela industriarako soluzioak ikusteko, sartzeko, esperimentatzeko eta egiaztatzeko. Hori guztia lan bateratuaren ikuspegitik, azokan duen goiburuak erakusten duen bezala: Creating the new manufacturing industry together.

TECNALIA, industriako bazkide liderra

Azokan dauden 60 enpresarekin baino gehiagorekin eta erakundeekin lankidetzan aritzea da TECNALIAren berme nagusia. Berme horrek indartu egiten du ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobe bat eraikitzeko konpromisoa.

Helburu horiek lortzeko, fabrikazio fisikoa eta digitala hibridatzen dituen industria-enpresa baten aldeko apustua egin du TECNALIAk, etorkizunera begira lehiakortasuna eta jasangarritasuna laguntzen duten inpaktu-dimentsioetako bakoitza landuz: industria-enpresa berri automatizatu, malgu, konektatuago, adimentsu, sozial, ekojasangarri, serbitizatu eta hedatuago bat, zeina zuzenean ikusi eta esperimentatu ahal izango baita TECNALIAren standean dauden industria-espazioetan.

Edozein fabrikazio-eszenatokitara egokitzen den ekoizpen-eremu malgua

Ekoizpen-sistema askoz konfiguragarriagoak eta eskatutako produktu-aldaeren gehikuntzara hobeto molda daitezkeenak behar baitira, behar horri erantzuteko, “ekoizpen arineko” gune bat erakutsiko du TECNALIAk BIEMH22n. Gune horretan, fabrikazioa hainbat eskakizunetara egokitzen da, hainbat roboten eta plataforma mugikorren bidez. Elementu horiek guztiek modu adimentsuan eragiten diote elkarri eta koordinatzen dira elkarrekin, piezen fabrikazio- eta garraio-eragiketetara egokituz, eta horrek erresilientzia, aldaketen aurreko moldagarritasuna eta produktibitatea areagotzen ditu.

Inpaktu handiko soluzio disruptiboak asmatzeko berrikuntza-laborategia

TECNALIAk laborategi bat ere aurkeztu du bere standean. Hartan, industria-enpresak fabrikazio fisikoa eta elementu digitalak lotzen dituzten garapen berriak kontzeptualizatzen eta ontzen ditu, eragin ekonomiko eta sozial handiko soluzio disruptiboak asmatzeko, eta, hala, prozesuak eta produktuak eraldatzeko.

Standaren elementu berezi eta aipagarri gisa, eta pertsonekin lankidetzan aritzen diren eta industriako prozesu osagarriak optimizatzen dituzten sistema robotiko berrietan berrikuntza disruptiboena erakusteko, TECNALIAk eta Plain Concepts-ek industria-sektoreko lau hankako robot aurreratuena erakutsiko dute, ahalmen mugigarriz eta ingurunearen ezagupen adimendunez hornitua, eta bisitarien lagun izango da standean.

Lau hankako SPOT robota da bi erakundeen arteko lankidetzaren elementu nagusietako bat, eta robot-eredu berri horiek integratzen ditu, baita hainbat industria-aplikaziotarako robotika malguko eta AAko teknologietako garapenak ere: industria-inguruneen monitorizazioa (bai teleoperatua, bai autonomoa), instalazioen mapatzea, pertsonentzako arrisku handiko inguruneetarako sarbidea, etab.

Horrez gain, elektronika inprimatuko teknologien aprobetxamendua ere erakusten da standean. Soluzio horiek TECNALIAk patentatu ditu industria-garapenak smart produktuen eta balio erantsi handiko produktuen fabrikaziorantz eboluzionatzeko, negozio-ereduak eraldatzeko aukera ematen baitute, soluzio eraginkorragoak, arinagoak, kontsumo txikiagokoak eta jasangarriagoak integratuz.

Enpresaren 360°-ko kontrola ematen duen aginte-zentro digitala

Standean "aginte digitaleko zentro" bat ere badago, enpresaren alderdi guztiak kontrolatzen dituzten aplikazioak zentralizatzen dituena. Hala, datuaren adimena pertsonen zerbitzura jartzen da, lanean laguntzeko, 360°-ko ikuspegiarekin. Ikuspegi horrek oztopoak ezabatzen ditu, eta une oro eta edozein tokitatik kontrolatu daiteke, modu naturalean eta azalpenez, analisi aurreratuko ezagutza adituaren beharrik gabe.

Gune horri esker, TECNALIAk industria-enpresekin garatu dituen monitorizazio-, simulazio- eta iragarpen-aplikazioetara sar daitezke bisitariak, negozioaren funtsezko alderdi guztien kontrol adimendunean eta prozesuen digitalizazioan aurrera egin dezaten, kalitatea hobetzeko eta optimizatzeko eta materialen eta energiaren kontsumoetan eraginkortasuna lortzeko.

Bezeroekiko konexioa eta balio erantsi handiko zerbitzuak

Standeko laugarren espazioak erakusten du teknologia digitalak gai direla instalazio fisikoak “irekitzeko” eta industria-enpresaren eta haren balio-katearen arteko komunikazio askoz ere sarkorragoa, eraginkorragoa eta seguruagoa errazteko, lankidetzan aritzeko eta zerbitzuak emateko.

Bisitariek bertatik bertara erabili ahal izango dituzte TECNALIAk enpresei erraztasunak emateko beren zerbitzu eta instalazioak beren balio-katearekin lotzeko garatutako aplikazio interaktiboak.

Aplikazio horiek, lehenik eta behin, urruneko laguntza-soluzioak eskaintzen dituzte, eta bezeroei zerbitzuak ematen dizkieten instalazio fisikoekiko bisitak eta murgiltze-elkarreraginak eskaintzen dizkiete. Bigarrenik, beren negozio-ereduen eta fabrikatzen duten produktuaren ustiapen-ereduen eraldaketa askoz sakonagoa izango denaren adibide batzuk erakusten dituzte, ohiko salmenta-ereduetatik beste eredu batera pasatuz, zeinean diru-sarrera errekurrenteak sortzen baitira bezeroak makinak erabiliz.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen gara, beren lehiakortasuna hobetzeko, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko.

Teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen dugu hori. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, Fabrikazio adimenduna, Trantsizio energetikoa, Mugikortasun jasangarria, Hiri-ekosistema eta Osasun pertsonalizatua.