Industrias Arrutik punta-puntako saiakuntza-instalazio bat jarri du martxan

    2026ko uztailaren 16a

    Industrias Arrutik punta-puntako saiakuntza-instalazio bat jarri du martxan

    Industrias Arrutik aireko linea elektrikoen burdineriarako saiakuntza-instalazio bat jarri du martxan, TECNALIAren laguntzarekin garatua

    • Garraioko aireko linea elektrikoen eskakizun berriei erantzuteko diseinatutako laborategia da, TECNALIAren lankidetzarekin garatua instalazio berrien definizio tekniko eta operatiboari dagokionez 
    • Industrias Arrutiren laborategi berriak posible egingo du saiakuntza elektrikoen eskakizun-maila altua eta beroketa elektrikoaren eta trakzio-erresistentziaren zikloak aldi berean uztartzea. Horrela, IEC 61284 arauak etorkizunean izango duen edizioarekin lerrokatzen da, eta nazioarteko ziurtatzerako gaitasunak hedatzen ditu

    Boroa, 2026ko ekainaren 24a. Industrias Arrutik aireko linea elektrikoen burdineriarako saiakuntzak egiteko azpiegitura aurreratu berri bat jarri du martxan Bizkaiko Boroan dituen instalazioetan, TECNALIAren laborategi elektrikoen aholkularitza teknikoarekin garatua. Azken belaunaldiko instalazio horrek sektorean haziz doan eskari bati erantzuten dio: baliozkotze-soluzio osatuagoak ematea, benetako funtzionamendu-baldintzak erreproduzitzeko gai direnak esfortzu elektriko, termiko eta mekanikoen konbinazioaren bidez.

    • Azpiegitura berriak eskakizun-maila handiko saiakuntzak ahalbidetuko ditu, zahartze elektrikoko prozesuak eta aldi bereko eskaera mekanikoak –trakzio-kargak barne– integratuz.
    • Sistemak 4.000 A-rainoko korronteak ezar ditzake eroalean zehar, eta 250 ºC-rainoko tenperaturak lortu; horri esker, sare elektrikoen benetako ingurune operatiboa zehaztasun handiagoz erreproduzitzen duten baldintza konbinatuetan ebalua daiteke burdineriaren portaera.
    • Era berean, bibrazio mekanikoen saiakuntza-bao 46 metro luze eta 4 metro zabal batean integratu da azpiegitura, eta horrek aukera ematen du saiakuntza-plataforma bakarrean bibrazio-saiakuntzak eta eskari elektriko eta mekanikoak konbinatzeko.
    • Halaber, bere azken eguneraketan laster argitaratzea espero den IEC 61284 arauaren hurrengo eskakizunetara egokitzeko ere diseinatu da azpiegitura. Araudiarekin lerrokatzeak bere produktuak nazioarteko estandar zorrotzenen arabera baliozkotzen lagunduko dio Industrias Arrutiri, eta merkatu globaletarako sarbidea erraztuko.

    TECNALIAren balio erantsia

    TECNALIAren lankidetza, bere laborategi elektriko akreditatuen eta aditu-taldearen bidez gauzatua, funtsezkoa izan da Arrutiren azpiegitura berriaren diseinuak eta funtzionamenduak estandar tekniko gorenak betetzen dituztela bermatzeko.

    Hark emandako aholkularitzak honako arlo hauek barne hartu ditu: laborategiaren baldintza funtzionalen definizioa, ekipamendu kritikoaren hautaketa eta zehaztapena, saiakuntza-prozeduren baliozkotzea eta eguneratze-prozesuan dauden nazioarteko araudietara egokitzea.

    TECNALIAk saiakuntza elektriko aurreratuetan duen esperientzia zabalari eta Goi Tentsioko, Behe Tentsioko eta Potentziako saiakuntza elektrikoetan laborategi independente akreditatu gisa duen nazioarteko aitortzari esker, Industrias Arrutik posible izan du laborategi berria azkarrago abiaraztea, arrisku teknikoak minimizatzea eta saiakuntza-ingurune fidagarri eta arautegiarekin lerrokatua ziurtatzea burdineriako eta aireko linea elektrikoen osagarrien fabrikatzaile gisa. Ezagutza-transferentzia horrek zorroztasuna, segurtasuna eta enpresaren lehiakortasuna indartzen duen ikuspegi estrategikoa eransten du.

    • Instalazio hori garatzearekin Industrias Arrutik jauzi kualitatibo bat egiten du saiakuntza-gaitasunean. Aldagai termikoen eta mekanikoen konbinazio kontrolatua txertatzen du, osagaien benetako portaera ebaluatzeko gako dena”, adierazi du Aitor Kortajarenak, TECNALIAren laborategi elektrikoen zuzendariak. “Gainera, gure papera aholkularitza teknikoaz harago joan da abangoardiako laborategi hau martxan jartzean, geure ezagutza erantsi baitugu diseinuan, eta definizio teknikoa hala azpiegituran nola arautegia betetzeko ekipamendu guztian”.
    • Bestalde, Industrias Arrutiko zuzendari Miguel Ángel Riverok azpimarratu duenez, “azpiegitura berri honek aukera ematen digu gure bezeroei baliozkotze osatuagoa eta merkatuaren etorkizuneko eskakizunekin lerrokatuagoa eskaintzeko. Saiakuntza elektrikoak eta mekanikoak ingurune kontrolatu berean konbinatzeko gaitasuna faktore bereizgarria da, gure posizioa indartzen duena nazioarteko lehentasunezko hornitzaile gisa”.

    TECNALIAri buruz

    TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

    TECNALIAren misioa da ikerketa teknologikoa oparotasun bihurtzea, eta ikuspegia, berriz, enpresen eta gizartearen eraldaketaren eragile lider gisa etorkizunari aurrea hartzea, gero eta azkarrago eboluzionatzen ari den munduaren erronketara egokitu daitezen.

    Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2025ean egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

    Industrias Arrutiri buruz

    Industrias Arruti energia elektrikoaren transmisio eta banaketa-lerroetarako burdineriaren eta osagarrien diseinuan, fabrikazioan eta horniduran espezializatutako enpresa da. Bost hamarkadatik gorako esperientzia eta nazioarteko presentziarekin, konpainia sektorearen erreferente gisa sendotu da, berrikuntzaren, kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren alde egin duen apustuari esker. Euskal Herrian dituen instalazioetatik, munduko azpiegitura elektrikoen fidagarritasunari eta eraginkortasunari laguntzen dioten soluzioak garatzen ditu, konpromiso sendoa mantendurik bikaintasunarekin, jasangarritasunarekin eta bezeroen asebetetzearekin.