TECNALIA buru da Mutrikun itsas zabaleko plataforma fotovoltaiko baterako ekohormigoizko egitura flotatzaile bat instalatzeko lanetan
Karbono gutxiko ekohormigoia errendimendu handikoa da, eta inkrustazioen arukako oinarri biologikoko materialak ditu. Horrek ingurumena errespetatzen duen soluzio bihurtzen du.
Mutriku, 2025eko abenduaren 12a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa gidari izan da gaur Mutrikun duen itsas laborategiko plataforma fotovoltaiko flotatzailerako egitura berri bat instalatzeko lanetan. Errendimendu handiko ekohormigoi berri batekin eraiki da egitura, zeinak, gainera, karbono gutxi igortzen baitu eta ingurumena errespetatzen baitu. Era berean, plataforma horri inkrustazioen aurkako estaldura berriak aplikatu zaizkio, biomasatik datozen konposatuekin garatuak, zeinek ingurumen-inpaktua murrizten eta sistemaren bizitza baliagarria luzatzen laguntzen baitute. Europako Natursea-PV proiektuaren barruan kokatzen da egitura hori instalatzea. Proiektu horrek eguzki-energia sortzeko itsas zabaleko egitura eta material berritzaileak eta jasangarriak bultzatzen ditu.
TECNALIAk, Natursea-PVko bazkideen laguntzarekin (Preffor, RDC, Polymat eta EHU), itsasoan jarri du gaur eskalako egitura hori, era horretan itsasoan eguzki-energia sortzeko soluzio lehiakor eta jasangarriak baliozkotzeko. Haien efikazia aztertzeko, laborategiko probak egin zaizkie egiturari eta materialei, eta, haiei esker, Mutrikuko itsas laborategian instalatu aurretik, haien egiturazko portaera, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa ebaluatu dira.
Laborategi hori bakarra da bere kategorian, eta, gainera, energia-sektoreko enpresei aukera ematen die ingurune kontrolatu eta erreal batean baliozkotzeko itsas zabaleko teknologia fotovoltaikoetarako beren garapenak. Garapen berri horrekin, TECNALIAk indartu egiten du eguzki-energia flotatzailearen arloan soluzio berritzaileak bilatzen dituzten industria-eragileekin lankidetzan aritzeko duen gaitasuna.
NaturSea-PV
NaturSea-PV, TECNALIAk koordinatutako Europako proiektua, naturan inspiratutako azpiegitura flotatzaile fotovoltaiko bat garatzen ari da —zehazki, ostargi-belarraren hostoaren diseinuan oinarritua—, itsas zabaleko muturreko baldintzak jasateko beharrezkoak diren eskakizunak beteko dituena. Azpiegitura folotatzailea eraikitzeko, karbono-aztarna txikiagoko eta prestazio ultraaltuko hormigoiak garatuko dira, eta inkrustazioen aurkako oinarri biologikoko estaldura berriekin estaliko dira.
Espainiako, Irlandako, Frantziako, Herbehereetako, Italiako eta Alemaniako 8 erakundek hartzen dute parte proiektuan (TECNALIA, Stichting Maritiem Research Instituut Nederland, Bordeleko Unibertsitatea, College Cork Unibertsitatea, Darmstadteko Unibertsitate Teknikoa, EHU, Polymat, CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena estatu-agentzia, Tinexta Innovation Hub eta IST-ID Ikerketa eta Garapenerako Goi Mailako Institutu Teknikoaren Elkartea), bai eta bi enpresak ere (Prefabricados Formex eta Research & Development Concretes).
