Prentsa-oharra

TECNALIAk eta H2SITEk hidrogenoa ekoizteko eskala industrialeko lehen mintz-erreaktorea merkaturatu dute

2021ko apirilaren 12a
https://cms.tecnalia.com/uploads/2021/04/reactor-tecnalia-1.jpg
  • H2SITEk mintz-erreaktoreen bidezko teknologia esklusiboa du; elektrolisiaren ordezko aukera bat lehengai batzuk hidrogeno bihurtzeko (adibidez, amoniakoa, bioetanola, biometanola eta biogasa)
  • Instalazio berria bisitatzen izan dira gaur Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusia eta Olatz Goitia BEAZeko zuzendaria, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOa eta Andrés Galnares H2SITEko CEOa lagun zituztela
  • Hidrogenoa funtsezko faktore bat izango da energia-trantsizioa bizkortzeko, bai eta etorkizuneko mix energetikoaren eta deskarbonizazio-estrategien ezinbesteko osagai bat ere, dela energiaren eta garraioaren alorretan, dela dagoeneko hidrogenoa erabiltzen duten industria-prozesuetan

Markina-Xemeinen, 2021eko apirilaren 12an. Hidrogenoa funtsezko elementua da etorkizun hurbilean energia, industria eta mugikortasuna deskarbonizatzeko, eta, beraz, karbono gutxiko ekonomia lortzeko beharrezkoa den trantsizio energetikoa bizkortzeko ere bai. Hidrogenoa eskala handian eta era jasangarrian sortzea da erronka. Hori lortzeko, H2SITE startupa sortu zuten orain dela urtebete TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, ENGIE Frantziako enpresak eta Eindhovengo Unibertsitateak (TUe), elkarlanean, helburu honekin: purutasun handiko hidrogenoa eskala txiki eta ertainean, era deszentralizatuan, kostu txikiarekin eta eraginkortasun eta errentagarritasun handiagoz ekoizteko teknologia bat garatzea, mintz-erreaktore aurreratuen bidez.

Gaur egun, H2SITE mintzak fabrikatzeko instalazioa eraikitzen ari da Loiun (Bizkaia), eta, datozen bost urteetan, 50 laguni emango die lana. Munduan bakarra da instalazio hori, eta hidrogenoa ekoizteko erreaktoreak fabrikatzeko erabiltzen diren mintzak modu industrialean ekoitziko ditu. Erreaktore horiek elektrolisiaren ordezko aukera bat dira; prezio lehiakorrean ematen dute hidrogeno berriztagarria, Europan garatutako eta Euskadin eraikitako teknologia baten bidez.  Dagoeneko martxan dago horrelako lehen erreaktorea, eta gaur ikusi dute, Azaro Fundazioaren instalazioetan, bisitatu dutenean, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusiak eta Olatz Goitia BEAZeko zuzendariak, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOa eta Andrés Galnares H2SITEko CEOa lagun zituztela.

Kontsumitzaile txiki eta ertainentzat purutasun handiko hidrogenoa eskala industrialean eta kostu baxuan ekoizten duen lehen erreaktorea da. Teknologia, TECNALIAk eta TUe-k garatua, prozesuen intentsifikazioan oinarritzen da, eta mintz-erreaktore aurreratuak erabiltzen ditu; hidrogenoa ekoizteko prozesuaren eraginkortasuna maximizatzen du, eta baliabideak (energia, tokia, lehengaiak…) minimizatzen.

“Arrakasta handia da guretzat, eta, gure ustez, sektorearentzat ere bai. Mugarri horretan gauzatzen da TUe-k eta TECNALIAk mintz-erreaktoreen esparruan hamar urtez baino gehiagoz egindako elkarlana; H2SITEko lantaldeek, orain, hidrogeno berdea in situ ekoizteko gai den produktu industrial paregabe bihurtu dute lan hori. Egungo erronka, berriz, gure bezeroen eskaria asetzeko beste mintz ekoiztea da, eta, hala, haiei hidrogeno-aztarna murrizten laguntzea”, esan du Andrés Galnaresek.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, bestalde, hau esan du: “H2SITE teknologia zentroek teknologia oinarri duten negozio berritzaileak sustatzeko jokatzen duten eta jokatzen jarraitzeko aukera duten paper estrategikoaren adibide bikaina da. Aldi berean, enpresa proiektuak bideratzeko, geroz eta garrantzitsuagoa den agente desberdinen arteko elkarlanaren adibide ere da, beren bai epe motzera eta baita epe luzerako helburuak ere partekatuz. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomiaren Sustapenerako Sailak eta BEAZek hasieratik lagundu dugu H2SITE eta horretan jarraitzeko intentzioa daukagu, izan ere, Bizkaian eraikitzen ari garen modeloaren baitan, etorkizun, garapen eta hazkunde bikaina izango duen start up bat dela zalantzarik ez daukagu; beharrezkoa dugun trantsizio energetikoaren testuinguruan, balio erantsia eta bereizgarria aurkezten baitu”.

Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak, azkenik, hau adierazi du: “eragile garrantzitsua izan nahi dugu industriaren eraldaketan, garapen teknologikoa energia berriztagarriak lehiakorragoak izateko soluzio bihurtuz, balio handiko hidrogenorantz urratsak eginez. Espero dugu hala gure industrian garatutako negozio-aukeren kopurua eta irismena biderkatzea”.

Hidrogenoa, energia berdearen bektore berria

Hidrogenoak energia asko dauka, eta gai da energia jaso eta behar den uneetan askatzeko; hala, energia berriztagarria sortzeko erronka nagusietako bat gainditzen da: energia berriztagarrien ekoizpena ez da jarraitua eta ez da eskariaren araberakoa. Hidrogenoaren erabilera oso hedatuta dago industrian, baina haren ekoizpenaren jatorria ez da berriztagarria, eta, instalazio zentralizatu handietan gas naturala eraldatuta lortzen denez, hidrogenoa konprimatu eta erabilera-puntuetara garraiatzeak kostu handiak ditu, bai ekonomikoak, bai ingurumenekoak. Hidrogenoa garraiatzea eta metatzea ere konplexua eta kostu handikoa da, eta askotan izaten diren ihesen ondorioz, produktua garestitu egiten da eta ingurumenari kalte egiten zaio. Hidrogenoa errentagarritasunez, era jasangarrian eta lokalki sortzeko aukera ematen duten soluzio jasangarriak garatu beharra dago, eta hori proposatzen du H2SITEk.

Enpresa berriak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa  izan du hasieratik, eta purutasun handiko hidrogenoa emango du eskala txiki eta ertainean, era deszentralizatuan eta kostu txikiarekin, erabilera egonkorretarako (industriarako eta elektrizitatea sortzeko), energia behar duten eremu bakartuetarako (uharteak, sare-elektrikorako sarbiderik ez duten inguruak, etab.) eta mugikortasunerako. H2SITEk mugikortasun elektriko % 100 berdea zabaltzen lagunduko du, eta ibilgailuetan bertan joango diren hidrogenoa sortzeko sistemak garatzeko aukera emango du. H2SITEk, hidrogenoaren plataforma teknologiko gisa, hidrogenoa sortu ahal izango du zenbait konposatutatik, hala nola amoniakotik, biometanoletik, bioetanoletik eta gas naturaletik.

H2SITEk hidrogeno-kontsumoari lotutako egungo kostuak % 40raino ere jaitsiko dizkie bezero industrialei, ingurumen-inpaktuak murriztuko dira, eta hidrogenoa gordetzearen ondorioz sortzen diren araudi- eta segurtasun-arazoak saihestuko dira, hidrogenoa in situ eta eskariaren arabera ekoitziko baita. Sektore hauek dute hidrogeno hori erabiltzeko ahalmen handiena: kimika, elikagaigintza, metalurgia, beira eta elektronika. Horiek guztiek, batera hartuta, erkidegoko eta estatuko BPGaren zati handi bat osatzen dute.

Laburbilduz, H2SITEk, aparteko mintz-teknologia batean oinarrituta, nazioarteko erreferentzia izan nahi du hidrogenoaren karbono gutxiko sorkuntza eta bereizketa errentagarrian, eta, beraz, eraldaketa energetikorako behar den funtsezko palanka.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentro bat da, erreferentea Europan; 30 nazionalitatetako 1.400 aditu ari dira han lanean, teknologia BPGra eraldatzeko lanean, hala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eta negozio-aukerak sortuz enpresetan. Zentroak, TECNALIA Ventures deep tech venture builderraren bitartez, merkaturatzeko aukera duten negozio-aukerak identifikatu eta hedatzeko lanean laguntzen du, aktibo teknologikoen inkubazioa azeleratzeko programaren barruan.

Informazio gehiago nahi izanez gero:
Itziar Blanco (681 273 464)