Prentsa-oharra

    TECNALIAk mugikortasun jasangarri eta adimentsurako eraikin berri bat izango du

    2025ko uztailaren 8a

    TECNALIA contará con un nuevo edificio dedicado a la movilidad sostenible e inteligente

    TECNALIAk mugikortasun jasangarri eta adimentsurako eraikin berri bat izango du 2026rako

    • Ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak Mubil poloaren parte izango den azpiegitura hori jarriko du martxan; 7.000 m2 izango ditu eta hiru laborategi hartuko ditu, bai airetiko mugikortasuna eta bai hidrogenoa eta beste propultsio-teknologia garbi batzuk aztertzeko
    • Gaur jarri dute eraikinaren lehen harria Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Álex Belaustegui TECNALIAko presidenteak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak

    2025eko uztailaren 8a. Mugikortasun jasangarrirako eta trantsizio energetikorako eraikin berriaren lanak hasi ditu TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak; aurreikusten denez, datorren urtearen amaieran jarriko da martxan. Mubil poloaren parte izango da, eta Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean egongo da. Erreferentzia izango da enpresak eta gizartea eraldatzeari eta mugikortasun- eta garraio-modu berrietara egokitzeari dagokienez.

    Gaur ekitaldi bat egin da, eraikinaren lehen harria jartzeko; han izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Álex Belaustegui TECNALIAko presidentea eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusia.

    Instalazio berri horiek 7.000 metro karratuko azalera izango dute, eta hiru laborategi hartuko dituzte: Urban Mobility Lab, airetiko mugikortasunaren ingurukoa; eta H2 Technologies Labs, bi laborategi propultsio-, sorkuntza-, banaketa- eta metatze-teknologia garbi batzuk aztertzeko (adibidez, hidrogenoa). Laborategi horiei esker, soluzio teknologiko berriak garatuko dira, eta prototipoak testatu eta baliozkotuko dira: material berriak, teknologia aurreratuetan oinarritutako sistema eta soluzioak, etab.

    Proiektua aurrera ateratzeko, 14 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso da. Gainera, 80 profesional inguruko lantalde bat arituko da espazio berri honetan, zeinak talentua erakarriko baitu mugikortasunaren, trantsizio energetikoaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren eremuetan.

    Eraikuntza adimendun eta jasangarriko erreferentzia

    Eraikuntza-irizpide adimendunen arabera eraikiko da azpiegitura, eta energia-kontsumoa murrizteko estrategia bioklimatiko bat izango du. Hala, karbono-aztarna minimizatuko duten soluzio eta materialak erabiliko dira, bai egikaritze-fasean, bai eraikinaren bizi-ziklo osoan; halaber, fatxada mugikor bat izango du, energia-kontsumoa murrizteko.

    Mubil poloaren parte izanik, eraikin honen helburua izango da Gipuzkoa nazioartean sustatzea elektromugikortasunaren alorrean, inguruko eragile eta enpresekiko lankidetza indartuz.

    TECNALIAri buruz

    TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko.

    Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

    European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.